Egan
Euskalerriaren Adiskideak elkartearen literatur buletin gisa jaio zen, 1948an, Egan aldizkaria. Urtean lau zenbaki ateraz hasi zen, elebidunak: gaztelaniaz eta euskaraz. Erbestean ez zeuden euskal kulturako izen garrantzitsuek sinatzen zituzten lanak, euskarazkoak literatur sorkuntza izanik, normalean. Eta hala, Jose Migel Azaola, Jose Arteche, Gabriel Celaya, Mariano Ciriquiain... gaztelaniaz idatzi ohi zutenen aldamenean, hasieratik irakurtzen ahal dira Salbatore Mitxelena, Emeterio Arrese, Federiko Krutwig...
Mugarri bihurtu zen 1953 urtea aldizkariaren ibilbidean. Antonio Arrue, Aingeru Irigarai eta Luis Mitxelena hasi ziren aldizkariaren erredakzio eta zuzendaritza lanetan, euskara hutsekoa bihurtuz. Asmo berri izenburuko editoriala kaleratu zuten hirurok 1954ko 2-4 zenbakian, aldizkariarekiko zeuzkaten asmoak azalduz eta hainbat urtetan luzatuko zen jardunari ekinez. Urte horretan hasi ziren gerora aldizkariaren ikur ere izan diren sail batzuk: Naas Maas; Jan Edanak, zinema kritikak... Euskal kultura eta literaturako izen handiek sinatu zituzten lanak 1953tik 1987 bitartean kaleratutako 55 zenbakietan: Luis Mitxelena, Jon Mirande, Txomin Peillen, Txillardegi, Gabriel Aresti, Manuel Lekuona, Antonio M. Labaien, Nemesio Etxaniz, Piarres Larzabal, Jon Etxaide, Piarres Laffitte, Gurutz Ansola... Frankismoaren azken urteetan eta Francoren heriotzaren ondorengoetan hasitako idazle eta kultur eragileek ere baliatu izan zuten Egan-en plaza, eta urte horietan gerra ondorengo belaunaldi desberdinen agerleku bihurtu zen aldizkaria, nolabait: hagitz luzea da lanen bat argitaratutako idazleen zerrenda.
Izenez gain, edukiak ere berezi egin zuen Egan aldizkaria. Euzko Gogoa-ren kontrakoa jarri izan zaion leloaren gainetik, euskarak ordura arte jorratu gabeko hainbat eremutara zabaldu zen aldizkaria. Eta hala literatur kritikan nola artikulugintzan, sail ederrak eman zituen. Sorkuntza lanek ere izan zuten garrantzirik. Luis Mitxelenak eta Gurutz Ansolak egindako zinema kritikez gain, aipagarriak dira Antonio Arruek egindako artikuluak, gastronomiari buruzkoak, Jan Edanak sailean. Euskararen inguruko eztabaidek hartu zituzten agerkariko orrialdeak (euskara batuaren inguruko ika-mikek, bereziki). Antzerkiak ere izan zuen presentziarik, eta Labaien edota Lizardirenez gain, Zubikarai, Larzabal, Etxaide eta beste zenbaiten obrak topa daitezke.
Hasiera batean urtean lau ale kaleratzen baziren ere, maiztasuna aldatu egin zen, eta urte batzuetan hiru ale, beste batzuetan bi, urte askotan bakarra argitaratu zuten. Hasierako 1948 hartatik 1987ra bitarte, 74 zenbaki azaldu ziren. Luis Mitxelenak (Antonio Arrue eta Aingeru Irigarairekin lehenik; Juan San Martinekin gero) gidatu zuen 1953 ezkeroztik hil zen arte, 1987ra arte, eta hain zuzen orduantxe izan zuen etena aldizkariak: 1988an ez zen kaleratu, eta talde berri batek aurrera ekin zion 1989an oraindik ere argitaratzen den aldizkariaz arduratzeari.
|