L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-1 (1997-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Zerrendak—

 

El Ogro

 

Fritz Garziarena

 

Volker Schlöndorfen filme honetan, Abel izeneko mutil batek, ikasten ari den barnetegian zigortzen dutenean, eskola erre dadin desio du eta horixe gertatzen da, baina bere lagunik handiena sutean hiltzen da. Hainbat urte geroago, neskato bati eraso sexuala egiteagatik kartzelaratzen dute, errugabea izan arren. Bigarren mundu gerrak bakarrik salbatzen du presondegitik. Soldadu dagoela, alemanek preso hartzen dute, baina halabeharraren apetagatik militar ofizial baten laguntzaile bihurtuko da. Azkenik, SS nazien gazte kanpamendu batean geratzen da, bizitza militarra ikasten ari diren umeak zaintzen eta inguruko herrietatik ume alemaniarrak bahitzen, Hitlerren armada loriotsuaren kimu berriak izateko. Eskualdeko nekazarien artean ogro bat dagoelako zurrumurrua zabaltzen da eta umeak ezkutatu egiten dituzte. Aldiz, gazte hitleriarrentzat kanpamenduko bizitza jolas baten antzekoa da, nagusi bihurtu nahi dute gurasoengandik urrun, baina abertzaletasunezko kantu eta diskurtso oihukatuen artean pentsamendurik gabeko soldadu baino ez dira bihurtzen, aberriaren alde beren odola isurtzeko prest, eta hamahiru-hamalau urterekin ametrailadorak, morteroak eta tankeen kontrako suziriak maneiatzen ikasten dute.

        Bien bitartean, Alemania gerra galtzeko zorian dago, errusiarrak oso hurbil daude, eta gazte hitleriarren gazteluko kanpamendua beren gain zeukaten ofizial militarrek ihes egiten dute, ume handienak gerrako frontera bidali ondoren. Gazteluan, ume txikienak bakarrik geratzen dira, Abelekin. Azkenik, armada gorriko soldaduak gaztelutik oso hurbil daudenean, Abel saiatzen da umeak komentzitzen gaztelutik irten daitezen, baina ume txikien arteko zaharrenek, odolari, arrazari eta herriari buruzko diskurtsoko lelo berberak errepikatuz, kolpea eman eta frantses traidoretzat jotzen dute. Soldadu gorriek gaztelua inguratzen dutenean, Abelek dorre garai batetik bandera zuria ateratzen du, gazteluan umeak baino ez daudela oihukatuz, baina norbaitek tiro egiten dio; tiroketa hasten da, eta tankeak gaztelua suntsitzen hasten dira. Ume batzuk hormako zulo batetik atera eta tankeen kontrako suziriez armatuta, haietako bat lehertarazten dute, baina bigarren tankea haien gaineko lubakitik pasatuko da, soldadu txikiak bertan zapalduz. Azkenik, Abel eta berarekin ezkutatuta zegoen ume judu bat baino ez dira irtengo bizirik: gazteluan geratu diren ume nazi guztiak hil egiten dira. Gorrotoaren eta heriotzaren ogroak, herriarekiko maitasunaren mozorroaz jantzita, den-denak jan ditu.

        Baina, oraindik gose da eta haren eztarriko hatsak gure airea du orain kutsatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.