L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-1 (1997-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Aspaldiko denboretan

 

Bernardo Garziarena

 

Aspaldiko denboretan, gizakiak artean idazten ez zekienean —jakintsuek diotenez orain dela 5.000 urte inguru sortu zen idazketa—, beste sistema batzuk erabili ohi ziren urrutiko senideari zerbait jakinarazteko, arerioari mezu bat igortzeko edo beste herri batean bizi zen maiteari maitasuna deklaratzeko.

        Turkestango neska gazte batek, adibidez, «maitasun eskutitz» bat bidali omen zion behin bere maiteari. Maitasun eskutitz hori zaku txiki bat zen. Eta zakutxoaren barruan gauza horiek zeuden: te hostoz egindako bolatxo bat, belar izpi bat, fruitu gorri bat, muxika ihartu bat, ikatz puska bat, lore bat, azukre-koxkor bat, harri-txintxar bat, aztore baten luma eta intxaur bat.

        Te hostoz egindako bolatxoak «orain ezin dut terik edan» esan nahi zuen.

        Belar izpiak: «Zurbil nago zuganako maitasunez».

        Fruitu gorriak: «Gorritu egiten naiz zugan pentsatzean».

        Muxika ihartuak: «Ihartuta geratu naiz, fruitu hau bezalaxe».

        Ikatz puskak: «Nire bihotza sutan dago maitasunez».

        Loreak: «Ederra zara».

        Azukre-koxkorrak: «Goxoa zara».

        Harri-txintxarrak: «Zure bihotza harrizkoa al da?»

        Aztorearen lumak: «Hegoak banitu, hegan joango nintzateke zugana».

        Intxaurrak: «Zurea naiz».

        Alfonso Reyes mexikarrak beste adibide baten berri ematen digu. Eszitek, gerlari beldurgarri haiek, mezu hau bidali zieten pertsiarrei: hegazti bat, sagu bat, igel bat eta bost gezi. Ez dakigu pertsiarrek mezua ondo interpretatu zuten, baina hau esan nahi omen zuen: «Ez dezala gure aurkako ahaleginik egin txoriaren gisa hegaldatzeko gai ez denak edo saguaren moduan lurpean izkutatzerik ez duenak edo igelak bezala putzuak gurutzatzeko dohainik ez duenak.»

        Azken adibidea Afrikako lurretatik datorkigu. Gerrate batean, yoruba-tar bat preso hartu omen zuten eta, bere emazteari bere egoeraren berri eman nahirik, gauza hauek bidali omen zizkion: harri bat, ikatza, piperrautsa, garia eta zapi zahar bat.

        Zer esan nahi ote zion gizon hark bere emazteari?

        Yoruba-tarraren mezua:

        Harriak «osasuna» esan nahi zuen: «Harria bezain gogor eta indartsu dago nire gorputza».

        Ikatzak «iluntasuna» adierazten zuen: «Ikatza bezain ilun eta goibelak dira nire itxaropenak».

        Piper-hautsak «beroa» esan nahi zuen: «Piperrautsa bezain bero dago nire burua, etorkizunari buruzko kezkagatik».

        Gariaren esanahia «argaltasuna» zen: «Eguzkiak ihartutako gari hau bezain argala eta iharra dago nire gorputza, nire atsekabe eta sufrimenduaren suagatik».

        Zapi zaharrak, azkenik, «hondatua» esan nahi zuen: «Zapi hauxe bezala daude nire jantziak, zaharkituta eta puskatuta».

 

Historia de la escritura. Ignace J. Gelb. Alianza Editorial.

La experiencia literaria. Alfonso Reyes. F.C.E.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.