Dena ongi dabil
Jota Garziarena
Jende asko haserratu zen Raimon kantariari, oroitzapen tristeko kontzertuan, zuzendutako txistuekin, eta hau oso normala da. Kontzertu hartan agerian geratu baitziren estatuko hainbat sektorek «gainerako» hizkuntzei dieten begirune eta errespetu handia.
Bada hala ere, gai honekin loturik, beste errealitate bat, egunez egun eta hutsik egin gabe aditzera ematen zaiguna. Bere sintoma nabarmenena zera da: estatuko komunikabideetan telebistetan bereziki, etengabe nozitzen dugun kantari ez-gaztelauen derrigorrezko isiltasuna.
Bigarren errealitate hau ere, gaztelera adierazbide nagusi gisa erabiltzen ez duten kantariei ezikusia egitea alegia, larria iruditzen zait oso. Baina, jakina, nola begien aurrean askoz ere modu diskretoagoan azaltzen zaigun, dagoeneko gure eguneroko bizitzan guztiz onartuta dugu.
Lehenengo kasuan esan dut txistuak ez onartzea normala dela. Bigarrenean azaldu dudan onarpena ordea ez dakit normala den ala ez, baina badakit ez zaidala batere gustatzen.
Eta komunikabideez, eta telebistaz bereziki, ari garenez nola ez aipatu geure euskal telebista santuak daraman politika harrigarria euskal musikari dagokionez? Edo norbaitek ikusi al du aspaldi honetan bere programazioan, folkloretik kanpo, euskal kantarien kontzertu, elkarrizketa, mahai inguru, bideo edo erreportairik?
Nik ez behintzat, baina beno, beno, ez gara hasiko sobera larritzen ere... Azken finean, eta Zarama taldeak zioen bezala, «Dena ongi dabil» .
|