Eskuaren fereka
HITZAURREA
Ostirala bateko gauean Iruñeako alde zaharreko edozein tabernatan lagun talde bat hizketan: Juanjok: Zer, ogitarteko bat jatera joanen gara? Iñakik: Ni ez, etxera joan behar dut, liburu bat idazten bukatu behar dut eta. Gotzonek: Gera zaitez afaltzera, beharbada beste liburu berri bat idazteko gaia aurkituko duzu... Juanjak: Gainera, geratzen ba zara, zure liburuaren hitzaurrea geuk eginen dizugu. Iñakik: Egina, zuek eginen duzue nire urrengo liburuaren hitzaurrea. Honela, hasieran txantxa bat besterik ez zirudiena ia ustekabe egin behar batean bilakatu zitzaigun, eta hona hemen gu, inoiz idatzi ez dugunok, euskaldunen mundura helduberriak garenok, behartuak gaude gure ia estreinatu gabeko euskara lan honetan jartzen. Aukera ederra gure Iñaki lagunak eskeini diguna! Agian egokiena izan litzatekeen guk lan hori ez onhartzea, baina Iñakiren bizitasunak bultzaturik ausartu gara pauso hau ematen. Erabaki hau hartu eta berehalaxe hasi dira gure arazoak sortzen. Lehendabizikoa zer esan dezakegun finkatzea izan da eta bigarrera nola moldatu bururatzen zaizkigun asmo guztiak. Zer eta, nola hoiei erantzuna emateko oinharri bakar batetik abiatu gara eta hau da: Gu literaturazko adituak ez gara beraz ezin dugu Iñakiren lan literarioa balioztatu. Hau kontutan edukiz argi ikusten da gure hitzaurre hau ezin dela bere liburu honetazko irazkin bat izan. Beste aldetik idazleak ez izanik ezin dugu idazleen moduan idatzi. Azkenean pentsatu dugu Iñakiren nortasunaz ezagutzen duguna esan dezakegula eta gure idazketa, bere euskararen aldeko lana, eta konkretuki Nafarroako berreuskalduntzearen prozesuan egunero egiten duen lana aditzera emateko bidea izan daitekeela. Arlo horretan ezagutu genuen duela urte batzu Iñaki gau-eskoletako arazoetan murgildurik eta azken urteotan zehar giro honetan ibili garen guztioi tokatu zaigu bere ondoan borrokatzea gure helburuak aurrera eramateko. Benetako larria izan eta izaten da gure egoera gehienetan: Dirurik eza, irakasleei gaizki ordaindu beharra; metodologia landu, egokitu eta berritu beharra izaten dira beste askoren artean gure arazo haundienak zeren eta erakunde ofizialetatik (erakunde nafarrista hoietatik) jasotzen dugun laguntza nahiko urria izaten baita. Oztopo guztiak gainditzeko oso garrantzi haundikoa izaten zaigu Iñakiren partaidetasuna beti aurrera jo nahirik eta, gure lagun batek esaten duen bezala, saltsa guztietako baratxuria izanik. Gure herriaren aldeko ekintza guztietan: Euskararen aldeko kanpainetan, Arturo Kanpion gau-eskolak antolatutako jaialdietan bai ta gau-eskoletako metodologia aurreratzeko bilera guztietan konstante ikusten dugu bere zeregina lana antolatuz eta bultzatuz. Ekintza batzutan ere tokatu zaigu adbentura bat edo bestea bizitzea (denok hemen ezagutzen dugu Diputazioko jauregian gertatu zena) baina hala ere, nahiz eta askotan triste eta haserre ikusi hainbeste bidegabekeria ikusteagatik, inoiz ez du etsi baizik eta beti jarraitu du bere gogo baikor eta nekaezinez. Honelakoa da gure Iñaki, baina aipatutakoetaz gainera ba du beste ezaugarri garrantzitsu bat, olerkaria izatea hain zuzen. Bere borroka aspekto guztien ondoan ikus dezakegu bere sentikortasuna, maitasunezko, edertasunezko eta bere bizi-inguruan ikusten dituen arazoetazko bertsoak egiteko. Miresgarria da gure arazoz eta materialismoz beteriko mundu honetan amodiozko bertsoak egiteko astia aurkitzea, eta miresgarria da ere guk bere bertsoetan adierazitako sentimenduak dastatu ahal izatea. Ba dirudi bere olerkien irakurketak gure sentimendu izkutuenak eta gure sentikortasun ia ahaztua azalera sortarazten dizkigula. Behin erdi txantxetaz hizketan ari ginelarik, berak esan zigun munduan dagoen zikinkeria ikusiz gero poeta izateko, agian bi bihotz eduki behar dela. Behin baino gehiagoz irazkin dugu bere esaera hori eta orain, bere bertsoak irakurrita, ondorio bat atera dugu: Mundu honetan poeta izateko bihotz haundi bat eduki behar da baina, bere bertsoetan emandako expresio bat erabiliz, bitan irekita nahiz eta irekitze hori erdiminez gertatu behar. Azkenean eta lantxo hau bukatzeko gauza bat esan behar dizugu zuri irakurle: Honeraino heldu ba zara gure idazketa aspergarri hau irakurriz, beharbada pentsatu beharko dugu zure eroapenaz abusatu dugula, baina gure lehendabiziko lana izan dela kontutan eduki behar da eta ez zaigula nahi genuen bezain ongi atera. Dena den ESKERRIK ASKO. Juanjo Ros Juanja Iturralde Mikel Burgi
OHAR PARE BAT Poema liburu honen Izenburua, «Eskuaren Fereka», lehen ataletik hartu dut. Lehen atal hau poema kateatu bat baita, bere osoan irakurtzekoa. Bigarren atala zenbait amorio poemak osatzen du. Hirugarrena, berriz, «Galburuak» deitu poematxo laburrek osatzen dute. Eta azkenik, laugarren atala beste zenbaitek. I eta II atalak 1979 eta 1980. urteetan idatzi nituen. III atala 1977. urtean sortua da, eta IV ataleko poemak 1976-77-78 urteetan zehar idatziak dira. Hauetariko zenbait euskal kantari batzuk ere kantatu egiten dituzte. On dakiela. Hitzaurrea egin dutenak hiru lagun euskaldunberri dira. Bata Uxuekoa eta besteak Iruñerrikoak. Hiruak irakaskide zaizkit Nafarroako Gau-Eskoletan, Arturo Kanpion Akademian zehazki. Zinez eta biziki pozez eskertzen diet erdi txantxetan sortutako lanari ekin ziezaioten. Ea beraiek ere idaztera animatzen diren. Mila esker Juanjo, Juanja eta Mikel. Egileak
Bihotzean dakar eskeintza Ibiltari gazte honek Ritmo xumeenez. Geroak elkartuko ez bagaitu ere Ilargi urdinena ebatsi dut zuretzat, Negubidean lagun, bero zaitzan. Isilik, beti, mintzatuko natzaizu Amodioaren bertso ezkututik.
Eskuaren fereka |