Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(1)

 

Nere mingainaz bilatuko ditut

lore urdinak zure gerrian

zirrikitoz zirrikito

ametsetan eta egun argiz

azal hotzaren azpitik

odolaren beroaz bizi diren lore moreak

eguzkiak kiskaldu duen lurra

maite duten lore urdinak

mila haritan lehertzen diren lore odolduak

bilatuko ditut

presarik gabe

ekialderako bidea

zure gerriko azalean

nerekin bazatoz

more eta urdin

gerritik ametseraino

lotura floreszenteak hausten badituzu

 

 

ezingo duzu jakin

zer duzun nahiago

sustraien kilikia

edo nire mingainaren egarri latza

azala argi zuriz bizten den lekuan

eguzkia atzeko leihora iristen denean

bilatuko ditut zuregan

aspaldian galdu zaizkidan

lore urdin odolduak

ainguraren ordez bela aukeratzen baduzu

atzera begiratzea joku bat ez dela ikasten baduzu

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982