Eguneroko nahas-mahaste bat
Franz Kafka
euskaratzailea:
J.I. Azkona
Arazo eguneroko bat, nahaste eguneroko bat sortarazten duena. A-k B-rekin H-n, negozio garrantzitsu bat egin behar du. Aurreko elkar-hizketa bat egiteko. H-ra joaten da. Hamar minuto joatean eta beste-hainbeste etortzean jartzen du, eta gero etxean, erabiliko abiaduraz harrotzen da. Hurrengo egunean, H-ra itzultzen da berriz, oraingoan negozioa ixteko. Egin behar hau seguro aski luze izan behar duenez, A oso goiz irtetzen da. Aurreko eguneko xehetasun berberak izan arren; bere iritziz bederen, oraingo hontan hamar ordu kostatzen zaio H-ra irixtea. Arratsaldean ailegatzen da, izugarri nekatua. Han zera jakin arazi zioten: B berandutzeaz urduri bait zegoen, zuela denbora gutxi A-ren herrirantz abiatua zela eta segurtasun osoaz bidean elkarrekin gurutzatu direla. Hantxe zai egon dadin aholkua ematen diote. Hala ere, negozioa zeharteagatik ezinegonean dagoenez berehalaxe abiatzen da etxerantzko bidean.
Oraingoan eta kontu gehiegi jarri gabe, denbora gutxitan egiten du bidaia. Behin etxean, B oso goiz iritsia zela esaten diote, A-ren irteeratik berehala, eta baita A-rekin etxe-atarian gurutzatua zela eta negozioa oroit-arazi nahi izan ziola, denborarik ez zuela eta luzegabe etxetik atera behar zela A-k erantzun ziolarik.
Portaera ulergaitz hori gerta arren, B, A-ren etxean sartu zen bere itzuleraren zai egoteko. Zegoenekoz askotan galde-egina zuen ea oraindikan ez ote zen etxera itzulia izango, bainan A-ren gelan bere etorreraren zai jarraitzen zuen. B-rekin azkenean bildu ahal izateaz oso pozik, eta gertaturiko guzia explikatzeko, A badoa eskaileratan gora korrika. Ia irixteko dagoenean behaztopatzen da, zaintxuri bat okertzen du eta konortea galtzetik hurbil, oihukatzeko gauza ez izanik, iluntasunean erdi-negarrez, B-ri aditzen dio oso urruti agian, bere ondoan behar bada erabat suminduta eskailerak jeixten dituela betirako desagertuz.
|