L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Putrea

 

Franz Kafka

 

euskaratzailea:
J.I. Azkona

 

Putre bat mokokadaka ari zitzaidan oinetan. Zapatak eta galtzerdiak iadanik urratuak nituen eta orain oinetan ari zen mokoka. Mokokada bat egin ondoren, nere inguruan borobil mehatxugarrietan hegaz egin, eta berriz ere lanari ekiten zion. Gizon bat handik pasatu zen, une batez guri begira egon eta ea zergatik putrea jasaten nuen galdetu zidan.

        — Defentsarik gabe nago —ihardetsi nion—, putrea heldu da eta mokokadaka hasi; nik izutu nahi nuen eta baita bere garondoa nahi nuen eta baita bere garondoa okertzeko projektu bat bururatu ere, bainan pizti hauek izugarri zuharrak izaki aurpegira jauzi egin nahi zidan. Oinak sakrifikatzea nahiago izan dut, dagoenekoz ea birrinduta dauzkat.

        — Ez ezazu zure burua pairatzen utzi —jaunak esan zuen—, tiro bat eta akabo putrea.

        — Benetan honela iduritzen zaizu? —galdetu nion—, nahi al duzu zuk zeuk asuntoaz arduratu?

        — Bai eta pozik gainera! —adierazi zuen jaunak—, etxera fusilaren eske joatea besterik ez dut eta, ordu erdi bat gehiago jasan zenezake?

        — Ez dakit —erantzun nion, eta instant batez oinazeaz gogorturik gelditu nintzen—; gero erantsi nion: dena dela saiatu zaitez, mesedez.

        — Ongi dago —esan zuen jaunak— presa hartuko dut.

        Putreak gure solas-aldia lasaikiro entzuna zuen eta bere soa jaunarengandik nigana patxadaz pasatzen zuen. Dena ulertua zuela konprenitu nuen mementu hartan: pizka bat luzexeago egin zuen hegaz, atzeratu zen behar zuen eragin egokia erdiesteko, eta, jabalina bat jaurtikitzen duen atletaren gisara, bere mokoa nere ahoan sakon-sakonkiro sartu zuen. Atzeraka erortzean, liberapen antza sentitu nuen; barneko guziak bete eta erreka-bazter guziak urperatzen zituen nere odolean, putrea ezinbestean itotzen zela, sentitu bait nuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.