Utopiaren utopian

 

Lainoetan jaio omen zen Aingeru Hegazti. Lainoetan zehar azkar zihoan abioi baten sabelean. Eta abioian bertan egin omen zituen lehenbiziko ametsetak ere: Abiadorea zen, Sondikako aireportutik mundu guztiko eta ilargiko aireportuetara joaten zen abiadore ospatsua. Abiadorea, astronauta, kosmonauta...

        Gurasoek jostailu denda bat zuten, ta han egoten zen Aingeru ere haiei laguntzen. Baina abiadore izan nahi zuen, abiadore. Eta esan ta esan, hegazkintzako ikasketak egitera bialdu zuten azkenean bere gurasoek.

        Abioien burrundada ta abiada zituelarik beti buruan, paperezko abioitxoak egiten hasi zen klaseetan. Eta paperezko abioitxoak egiten eman zituen klaserik gehienak. Eta paperezko abioitxoen abiadore egin zen.

        Gaur Sondikako aireportuko dendatxo batean dago paperezko ta plastikozko abioitxoak saltzen.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia