Gabonetako fantasia
1) Musika leun bat entzuten da. Errepikaren doinua har daiteke horretarako.
2) Musika entzuten den bitartean, poetaren ahotsa entzuten da: «Mozkorraren zorabiozko kaiolan dago poeta. Koktel desgizatu bat edanarazi diote Gabon jaietako zorion agurren lelo etengabez: hauts, ke, gas, polbora ta odolezko koktela.
Bi malko distiratsu ditu kantari begietan. Malkoen kolore dantzan Gabonetako fantasia bat. Fantasia mingotsean bozkariozko itxaropenaren guraria, bakezko askatasunaren ametsa».
3) Musikaren hegadan, kantatzen hasten da poeta:
a)
Ilunaren tristura
txabola hotzean,
bakardade mindura
haurrak bihotzean.
Bakarrik haur larria...,
ondora sagua,
sagua ta erbia,
txakur ta katua.
«Neguko ilunetan
kale ta baserri,
haur baten negarretan
dator Eguberri.
Abereen pozetan
haurra irribarrez,
maitasun ametsetan
poeta negarrez.»
b)
Katuak buztan leunez
du haurra laztantzen,
begi argitasunez
iluna uxatzen.
Txakurrak musuen suz
berotzen du haurra,
hortz zorrotzez uxatuz
gauaren beldurra.
«Neguko ilunetan
kale ta baserri,
haur baten negarretan
dator Eguberri.
Abereen pozetan
haurra irribarrez,
maitasun ametsetan
poeta negarrez.»
d)
Irrintzi gozo alaiz
sagua kantari,
kantuz sikatu nahiz
negarra haurrari.
Erbiak dantzaz dio
ematen adore,
haurraren bozkario
itxaropen lore.
«Neguko ilunetan
kale ta baserri,
haur baten negarretan
dator Eguberri.
Abereen pozetan
haurra irribarrez,
maitasun ametsetan
poeta negarrez.»
4) Berriz ere, hasierako musika leuna entzuten da. Eta zorion agurrak musikaren barnean: «Zorionak!», «Eguberri zoriontsuak!», «Aintza zeruetan Jainkoari eta bakea lurrean gogo oneko gizonei!», «Urte berri on!». Esaera berdintsuak hiru-lau hizkuntzatan oihukatuz ere buka daiteke Gabonetako fantasia hau.
© Mikel Zarate