Ondo bai baina...

 

Basurtoko hospitalaren aurrean egoen Joantxu Izkirimiri, autobusari itxaroten.

        Halakoren baten, Mercedes gorri dotore ikusgarri bat geratu zen haren ondoan. Turistaren batzuk ziren. Madrile aldekoak, antza, M euken kotxeak matrikulan eta.

        Gizon bat eta neska bat ziren. Berrogei urte inguru izango zituen gizonak. Hamazortziren bat haren ondoko neska ulegorri galantak.

        Joantxu Izkirimiriren begiak kotxean eta kotxeko neskatoarengan egozen, ta ikusi ere ez eban egin autobusik.

        Mapa bat eban eskuetan Zorrotzarantz joian bikote madrildarrak.

        —Hau ete da Begoña? —galdetu eutson gizonak katu eme baten plantak egiten zituan emazte edo zena zelakoari.

        —Ez dot uste. Hau Atxuri izango da —erantzun eutson Joantxuren begietan egoen emakume zoragarriak.

        —Ez ete da gero Enekuri?

        —Ez dakit, ba.

        —Zu, gizon! Mesedez! —bere bigoterrepeko hagin zorrotzak erakutsiz, gizonak Joantxuri.

        —Bai. Zer?

        —Ondo noa hemendik Bartzelonarantz?

        —Ondo... bai. Bartzelonarantz... ez.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia