Mutil bat ala neska bat?

 
«Hainbeste denporatan gaisorik txarto egon ondoren, atzo arratsaldeko sei t'erdietan hil zen. Sendategi klinikan, gure mediku ospatsua izan genduen Osabide jauna. Larogei ta tau urte zituan, eta...».

        Telebistak barri hori esan ebanean, harriturik geratu zen Bilbo. Mediku entzutetsu asko egon dira Bilbon. Baina Osabide lakorik bat ere ez.

        Bilbo guztiak ezagutzen izan dau. Eta andrazkoek batez ere. Hain zuzen, andra ezkondu gutxi izango dira Iparragirre kaleko haren kontsulta gelan egon bakoak. Eta Bilbokoak bakarrik ezeze, beste leku askotarikoak ere egon dira haren kontsulta gelan. Hain izan da ospatsua!

        Tokologoa izan da Osabide. Baina emagintzan maisu bat izan arren, beste gauza baten bitartez lortu izan dau bere entzute ona. Bai, igarle bat izan da jendearentzat, horixe, igarle bat. Izan ere, oraindino inork igartzen ez dauen gauza bat igartzen izan dau, eta beti igarri ere.

        Emakume bat umedun gelditzen zenean, behingo baten igartzen eban Osabidek jaiotekoa mutil bat ala neska bat izango zen.

        Inork ere ez daki zelan igartzen eban.

        Umedun geldituaz batean, emakumeak harengana joaten ziren arineketan, heuren sabeletan sortu barri egoena mutil bat ala neska bat zen jakitera. Baina hain jente asko egoten zen ezkero begira, telefonoz edo, bertara joanda edo, aurretik eskatu behar izaten zen kontsultarako txanda.

        Pultsua hartzen eutson, lehenengo ta behin, emakumeari. Ta zirriborro batzuk egiten ebazan orri baten, misterio pizka bat emateko gauza zail hari hitz ulertezin batzuk ahozkatzen zituan bitartean, azti edo sorgin baten antzera.

        Hurrengo, tentsinoa hartzen eutson ordurako gehienetan liluraturik egoten zen emakumeari. Ta, ostera ere, boligrafo koloretsu nabarmenez, zirriborroak egiten ebazan, zenbaki ezberdin mordo bat ahominean erabiltzen zituan bitartean, tentsio hartze hori misteriotsu bihurtuz.

        Gero, begietara begiratzen eutson emakumeari, ezkerreko begira batez ere, aztikeria edo sorginkeria giroa galdu ez eiten. «Neska, mutil, neska, mutil, mutil, neska, mutil, neska, mutil, mutil, neska, neska...», geratu barik esanez.

        Azkenez, mahaian jarri, emakumeari ere jarleku bat hartzeko esan, ta galdeketa etorren: nor zen, nongoa zen, noiz jaio zen, ta noiz jaioko zela uste zuen, gutxi gora behera, umea, seindun izateaz pozik baegoen, lehenengoa bazen... eta abar.

        Bien bitartean, Osabide idatzi ta idatzi.

        —Zer izango da, Osabide jauna?

        —«Neska, mutil, mutil, neska, neska, mutil, neska...».

        —Nik gura neska bat gura neuke baina...

        —Lehenengotan neu ere neska bat izango dela uste izan dot, baina mutil eder bat izango dozu. «Mutil, neska, neska, mutil...» Bai, Ez dot uste oker atera dodazanik kontuak.

        —Eskerrik asko.

        Erantzuna, jakina, ez zen beti bardina izaten. Batzuei «mutil bat izango dozu» eta beste batzuei «neska bat izango dozu», erdiei erantzun bat eta beste erdiei beste bat. Baina beti ahominean «neska, mutil, mutil, neska, neska, neska, mutil, mutil, mutil, neska...» etengabeko marmarrean.

        Eta igarri egiten eban. Beti egin ere.

        —Ez dago hori igarri daiken amaren semerik. Horixe ez! Benetan igartzen dauela uste dozu ala? Ka! Nik ez dot sinesten.

        —Nik ere ez.

        —Bai zera! Igarri zera egingo dau!

        —Pentsatu egitea ere...

        —Hori, ba!

        Alperrekoa zen gizonezkoen ekina. Emakumeak, haurdun gelditu ondoren, Osabiderengana zuzen, igarri egiten ebalako. Igarri. Beti. Baina zelan? Hori ez ekien inork.

        Neuk ere ez nuen jakingo hil aurretxoan berak isilpean bere sekretoa agertu ez baleust. Hara: Emakume bati «Mutil bat izango dozu» esaten eutsonean, «Neska bat izango da» idazten eban bere koadernotzar gorrian, eta «Neska bat izango dozu» esaten eutsonean, «Mutil bat izango da» idazten eban. Bat esan ta bestea idatzi. Horixe egiten eban beti. Ta horixe izan zen misterio guztien ardatza.

        Azartatu egiten ebanean (eta askotan azartatzen eban, zorionez), ez jakon inor ere joaten protestaka. Zertarako? Joatekotan ere, eskerrak emoten eta erregalotxoren bat eroaten joaten jakozan.

        Azartatzen ez ebanean, ostera, orduan izaten ziren kontuak! Baina nasai, estutu barik hartzen zituen Osabidek umetxoa besartean hartuta hasarreka etortzen jakozan emakumeak.

        —Ez. Oraingoan ez dozu igarri.

        —Ez? Ba liteke.

        —Ba, hara: «Mutil bat izango da» esan zeustan. Ziur nago. Eta neska hau izan da.

        —«Mutil bat izango da» esan neutsun?

        —Bai.

        —Bai gero? Ba dakizu, holako momentuetan...

        —Ba dakit, bai. Baina...

        —Zelan dozu izena?

        —Garbiñe Madariaga.

        —Zein egunetan etorri zinen hona?

        —Urtarrilaren hamarrean izan zen, nire senarrak izterra apurtu eban egun beratan.

        —Ikus daigun ia... Madariaga, Madariaga... Hemen dago. Ba, begira. Irakurri zeuk nahi badozu. «Garbiñe Madariagak neska bat izango dau» jartzen dau hor. Argi dago, ezta? Zeuk egin dozu huts.

        —Bestera egon naz, ba. Bai. Neuk ulertuko nuen txarto orduan.

        —Ni ez naz gogoratzen baina, hemen argi dago. Ta hau ez da atzo edo gaur egindakoa. Hona lehenengoz etorri zinen egunean idatzitakoa da.

        —Bai, bai; neu egongo nintzen oker. Parkatu, eta eskerrik asko.

        Eta igarlea igarle, goian bego Osabide.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia