Xabier Lauburu

 
Bilboko matematikurik onena ei da Xabier Lauburu. Izan behar, harek daukan burutzarra ikusi ezkero.

        Leku askotan ikusi dodaz buru handiak, era guztietako buru handiak. Baina Laubururen buruaren neurriko bururik ez dot inon ere ikusi. Hurrik emon ere ez!

        Esaten dabenez, jaio zenean, zesarea bi egin ei eutsezan bere ama Zesareari.

        Txapel handi bategaz ibiltzen da beti, matematiketako dozena erdi liburu mardul eroateko moduko txapela, eta harriturik begiratzen deutse kalean danak.

        Oso gizon alaia da. Baina gaur tristuraz beterik doa unibertsitatetik etxerantz. Burukomina dauka. Burukomin handia.

        Kafetxe batera sartu da.

        —Aspirina bat, mesedez! —Lauburuk.

        —Bat bakarrik...? —kamareruak.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia