Pentsamentu txarra

 

Biloizkeriaz jantzi zuten

biloizkeria begitan duten

gizaxo itsuek.

Eta zuek

niri eman

aingeruen goizean.

 

Lirdinga ta likits

(grina txarraren bits),

pentsamentu txarra

bakarra

zen

orduan

irudimenaren

ziegan.

 

Maite-zoro,

egunoro,

jarri ninduen...,

ta biloiztu egin nuen,

bat-batean,

gizonen eguerdian.

Biloiztu egin nuen...,

ta biloizkeria kentzean,

dardara bihotzean,

naskagarri

ta izugarri

bihurtu zen

maiteena,

bat uste nuena

asko bai ziren:

Hau beheratzeko

gurari,

hori salatzeko

nahiari,

hura hiltzeko desio,

irudimenezko madarikazio...

 

Biloizik eraman diet

gizaxo itsuei,

biloizik ematen dizuet

zuei.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia