Astoa!
Astoa...!
Endekatu egin dugun hitza,
bazterturik dugun
lagun baten izena;
gure poetek
(hiriko kaleetako
kutsaduraren kotxeetan
eta trolebusetan
dabiltzan poetek)
ahazturik duten
filosofo jatorra.
Astoa...!
Begi diztikorren tristura
bere burutzar iletsuan,
sagar baten gerizpetan dago
niri begira.
Belarri biak zutik,
geldi-geldi dago,
pentsatzen,
pinpilinpauxa, mandeuli
ta txorien erdian.
Astoa...!
Alegietako astoa,
esne gozodun astoa,
asto langile, eroapentsu
ta zentzuduna,
lau hankako ameslaria,
pobreen zaldia,
landa, soro ta bideen
adiskide zaharra,
kale eta kaminoen
adiskide izanikoa,
gizonaren
lehenbiziko Vespa
bizi ta segurua,
zaharren eta gazteen
lagun zintzoa...
Astoa...,
gizon onaren
irudi bizia. |
© Mikel Zarate