Aresti
Nik bai, zuk ez,
ez nik, bai zuk...,
orain hogei urte
Arantzazun.
Nik bai, zuk ez,
ez nik, bai zuk...,
orain hamar urte Deustun.
Baietz nik, ezetz zuk,
nik ezetz, zuk baietz...,
orain bost urte
Beasainen.
Ni bizirik, zu hilotz,
orain Derion.
Zure gorpuaren aitzinean,
ahal izan dudan ekinean
(zure ta nire baita)
Gure Aita
esan dut, Aresti,
kaleko arkaitz,
aurkako bidezti
kontentagaitz.
Gizarte kutsatueren
parnaso berriko
aitzindari,
hizkuntza urbanoaren
sortzaile taldeko
mailukari,
Harri eta Herri:
harritxo bat izan nahi nuke,
harritxo bat nik ere,
egunotan,
harrizko herri hontan. |
© Mikel Zarate