Oroitzapenezko glosak

 

Negu azkeneko eguzki lainotsuak

Arrain-en plazenta irakinean

leherdura minezko hasperen luzez

udaberriko txalaparta jo zuenean,

izerdi, bilis ta odolezko

euri zuri, berde ta gorritan,

euskaldun jaio nintzen

ni ere,

Felipe,

euskararen ur basati garden gozoetan,

izankizun urratuaren pozez,

arrain koloretsu baten dantza ta printzez.

 

«ama, amama, aita, aitaita,

txatxa, papa, mama,

beee..., pipi, toto,

nene, txitxi,

txetxe, pitxi,

koko, kokoko,

kutxu,

puuu...!,

paaa...!,

lolo...»,

ta beste mila hitz goxo adierazkor

nire haur ezpainetan morkor,

euskaldun hazi nintzen

ni ere,

Felipe,

egunen ta urteen ekinean

gerrateko burrunbada gorriaren

oihartzun hondagarri zitalean,

ta hotsitzezko enbrioi dardarti ttikia

urre-zilarrezko krisalida haudia

bilakatu zen ene barnean.

 

Amak zidan

niri ere, Felipe,

amak bakarrik

euskara hutsik

irakatsi,

etxeko

errugabeko

bizialarguntza itotan

aita ta presondegi

zituelarik

egunero gogotan.

Amak zidan irakatsi niri ere,

nire merezimendurik gabe,

jantzi ta janariarekin batera

eman egin bai zidan euskara,

(erdaldun eroen gorrotozko

zapahizkera madarikatua)

euskaldun euskorren berezko

ta ezkubidezko

hizkuntza bedeinkatua,

zure bihozkada sutsuen

bozkario ta lorriz

hainbeste aldiz

goratua.

 

Gero, badakizu,

ez nendin endakatu,

endakatzen ez den herri

herri izaten baita beti,

izatea izanez

nahi nuen zaindu,

ta iraun mina duenaren ametsaz eta penaz,

txotxolotasunezko zoramenaren liluraz,

maitezoratu egin nintzen

ni ere,

Felipe,

ta laztanka

ta hitz gozoka

neure egin nuen betiko

zure garraisi:

«Euskara maite-maite,

zabilz neugaz beti...

Euskara hil ezkero

ez dot gura bizi».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Etorriaren zorabioz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia