Itzatzea
Onezkero, ainbat euskal-idazle ezagutu doguz. Bizkaiko guztiak ez, orraitiño. Ez.
Ulibarri, Iza, Arriandiaga, Zabala-Arana, Aita Pi, «Maruri'tar Erramun», «Aingeru», Amezaga Bingen, Ibiñagabeitia Andima... eta beste batzuk falta dira ildakoen artean.
Goiria, Altuna Joseba, Larrakoetxea Benito, Oar-Arteta, «Kamiñazpi», «Oskillaso», Goikoetxea Iñaki, Zubiaga, Arteaga, Atutxa, Aita Martzel, Aresti Gabriel, Sardui Deunoro, Kepa-txiki, Kintana... eta beste asko falta dira bizi diranen artean.
Liburuak, eta gogoak bere, neurri bat eukiten dau-ta... Parkatu.
Itzatzean bere, itzaurrean esandakoa esan bear: Beste erri batzuen parean kaskar geratu arren, ba daukagu zerbait guk bere (eta liburu onetan agertu dogun «zerbaita», Euskalerri osoko «zerbaitaren» zatitxo bat baiño ez da).
Aspaldion, zerbait ori ugariagotu ta aberastuteko bidean gabiz. Or dagoz, esatebaterako, liturjia barria, kantu barri mordoa, liburu barriak, ikastolak eta abar.
Artu daigun, bada, zerbait ori errezpetoz, eta geugandu ta geuretu daigun, gero, umetxoai, gazteai, edozeiñi emoteko.
Gaurko umetxoak, gaurko gazteak, zerbait orregaz egingo dira biar-etziko gizon euskaldun eta idazle; zerbait orregaz, gure ortuko lora zaar orreikaz, egingo da Biar-etziko lorategi ederra.
Orrexegaitik, beti negarrez ibilli barik, kantuz eta itxaropenez jokatu bear dogu, eta Oxiñondoko Txoriagaz ahestu:
Kantu
barri
eta
eder bat
ekarri dau
ortuko
lora
zarrak
Noztik ikasi ete dau
udabarriko kantak
ekarri
eta
kantetan
gure ortuko larrosa gorri mutuak?
Ixildu egin dira
inguruetako
labatxori
ta
txoriek
larrosa
gorriaren
kantu
barriak
entzuteko.
Gure etxeko umerik txikiena be
erantzuten asi jako
eta zer ederto
aditu
diran
biak
euren
erdi-kantu
erdi-aize
berbeta
zoli-zolian!
© Mikel Zarate