Garitaonandia Gotzon

 

        Urdulizen jaioa (1936). Abadea.

        Gizon fiña ta atsegiña; idazle jatorra ta bizkorra. Ona emen bere idazlan batzuk:

        «Balendin Uriona», Bilbao, 1967. Gure txirrindulari andi ta entzutetsua izan genduanaren bizitza.

        «Errien Aurrerakuntza». Gure Aita Santu Paulo VI-garrenak egindako «Populorum progressio» enziklikaren itzulpena.

        Ainbat lan egin ditu aldizkarietarako bere.

        irakurri daigun bere lora eder bat.

 

 

        Gure eskolak

 

        Edozer ikasteko, izkuntza dogu ikasgaia irakasleagandik ikasleagana daroan zubia. Zer eldu eitekean Balendinegana ta beste orduko ta gaurko euskaldun umeekana, zubirik ez egoala?

        Zer ikasi geinke, aitzen ez dogun izkuntza baten?

        Gaur be bai baiña, guda osteko egunetan amaika kaskarreko ta atzamar punteko artu genduan erderarik ez genkialako, beste barik.

        Erderarik ez guk, ta gure irakasle zana, geu baiño ezjakiñago geurean, agur; itsua itsu-mutil, biok amil. Ikastolarik Euskalerrian dagoanetik, euskaldun umeon eguneroko ogia auxe izan dogu. Auzo-ikastoletan, ikastola nagusietan, abade-ikastetxeetan, prailleenetan, guztietan.

        Edozer irakatsi deuskue, geure etxea izan ezik. Edozein umekondok dakiz ludiko mendi nagusiak, agintariak, errekak, antxiñateko jazoerak; eta Euskalerriko mendiak, jazoerak eta gora-berak iñoz entzun bez. Idazten eta irakurten ikasi bear, eta geuk berbetan erabilten genduan izkuntza, amak bularraz emon euskuna, a ezin erabilli, ez berbetako, ez idazteko, ez irakurteko. Erri zapaldua gurea. Gu landuten etorri ta geu lantzeko geurea gorrotau bear.

        «Errien Aurrerakuntzan» ederto diño Paulo VI-garrenak: «Irakatsiak maitasuna lagun dala, ta indarkeri barik ezpadoaz, bapez artzeko arriskuan gelditzen dira». Zoritxarrez, Eleizearen irakatsiak belutxo etorten dira, ta etorri ta gero be indargearentzat paperetan gelditzen dira.

        Zenbat izerdi bota ete eban Balendinek, ikasi ebantxua bereganatzeko? Ziur nago, askotan esango ebala, oba zala atxurrean ekin, ikasten ibilli baiño [1].

 

        [1] «Balendin Uriona», 12-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia