Bilbao Felix

 

        Morgan jaioa (1932). Frantzizkotarra.

        «Zuetza» izen-ordea erabilli dau aldizkarietan argitaratu diran bere idazlanetan.

        Bere idazlanik ederrena «Ipuin-barreka» liburua da. Liburu atsegingarria, benetan, auxe!

        «Nun dago, ba, ipuin oneen balioa? Nere ustez, izkerearen jatortasunean. Izkera arraia, bizkorra, bizi-bizia ta biurri antzekoa dabe. Bizkaiko euskerearen una ta mamiña erakusten deuskuela esango neuke. Alkar-izketean, batez be, zelako bizitasuna, eta zelako esaerak, erriko berbetearen kolore guztiakaz jantziak!

        »Gaia beste nunundik artu dabenean be, bere modura egosten daki, eta soiñekoa barriztauta urtetan dau bere eskuetatik.

        »Benetako euskaldun osoaren berbeteak zelako giarra ta mamin gizena daukon jakiteko, libru gitxi topauko dozu au baiño egokiagorik» (Aita Villasante).

        Irakurri daigun, bada, ipuin eder bat:

 

 

        Ezkontza-auste bat

        Bazan ba matrakea etxe aretan! Mutillek! Auzoko txakur eta katu guztiak alkarren kontra asita be, eztot uste Lorentzorenean izaten zan baiño zarata aundiagorik atarako leukienik.

        Familia izango ebela ugaria? Ez, irakurle. Ez euken semerik bat bera be. Lorentzo ta Toribi zirean guzti onen egille. Senar-emazteok, ezkondu zireanetik, ez dakit bakezko egun bat igaro ebenik. Joseuss! A zan eztabaida ta errierta eginbearra! Egunean ordu pare bat igaroko eben, gitxienez, alkarri trapuzar eta zer esan guztiak arpegira botaten. Lorentzok Toribigaitik ganora ta ardura bako alpertzat bat zala. Toribik Lorentzori diru-galtzaille, mozkorti galdu bat zala...

        Bestaldeko Paulak-eta baeuken konziertu ta musikarik asko joandako urtietan. Ia gogait eginda be baegozan-da.

        Paula-ta gogaituta beraz? Geiagotxuago egoezan gure matrakalariok. Baten baiño sarriago emon eutsen gogoak bestala biziko zireala bakoitxa bere bidetik, ezkontza ausita. Nork, baiña, orrenbesterako bularrik? Etzirean ausartuten. Baiña egunean baiño egunean eztabaida ta matraka gogorragoak eukezan-da, azkenean, bai. Nai ta mundu guztiak jakin bear izan, ezkontzea ausi ta bakoitxa bere bidetik joateko burubidea artu eben.

        Ta nola joango zirean ba ezkontza-austearen billa? Abadearengana, jakina. Irribarrez artu ebazan Don Pedrok.

        —Ezkontzearen austea nai dozue orduan?

        —Bai, Jauna. Ezkondu ginduzan legez, eskontzea ausiteko almena be badaukala Berrorek entzun dogu-ta.

        —Ez zarie zoriontsu alkarren laguntasunean?

        —Zoriontsu? Inpernuko demoniñoak geiago jakoz, Jauna.

        Ta Lotentzo asi jakon emaztearen «birtuteak» azalduten. Toribi mutik geratu? Bai ondo be! Laster itxiko eban narru gorrian Lorentzo gizajoa, Don Pedtok, berbia artuta, ixildu ezpaebazan:

        —Ondo dago, ondo dago, ene semiok: biok dozue arrazoirik naiko. Ondo baiño obeto egin dozue ezkontza ausitera etorteagaz. Eleizpera joan-da, an itxaron eidazue apur baten. Laster joango naiatzue.

        Don Pedtoren berba oneik oso poztu ebezan gure Lorentzo ta Toribi. Alkarregazko askatasuna! Olako zorionik!

        Abadeak esan eutsenez, eleizpera joanda, alkarren ondoan belaunikatu zirean, ezkondu zirean egunean lez. Etorri litekean Don Pedro ezkontza-austea egitera.

        Etorri be baetorren ba! Eleiz-jantzi ederrez eta ospatsu etorri be. Sakristaua ekarran aurretik kurutzeagaz. Alboan mutiltxu bi argi banagaz. Ta berak eskuetan liburu bat, ur bedeinkatu-ontzia ta isopua ekarzan.

        Eleizpera etorkeran Don Pedro ikusi bazendun, irakurle, zeuk be txapela kendu ezeze, errespetoz belaunak lurrean jarri be egingo zenduzala ziur nago. Baiña eleizpe atan egonda, Don Pedroren burutaziñoak ezagutu bazenduzan, barre-zantzoa ugari izango zendualakoan be banago.

        Ezkontzako Sakramentua ausi? Lorentzo ta Toribi, buztarrian dagozan idi bi legez, askatu? Bai ondo be! Ezkontzako Sagramentua olgeta bat da-ta! Leziño on baten bearra euken areik, ez besterik.

        Ta ez ardurarik izan, irakurle. Beingoan artuko eben Don Pedroren eskuetatik.

        Sakristaua kurutzeagaz aurrean ta mutiltxoak ondoan ebazalarik, Gotzai Jaun batek baiño be ospatsuagoki emon eutsan asikeria funtziñoari Don Pedrok: «In nomine Patris, et Filii...». Gero, eleiz liburua idigita, marmarozka, latiñezko zeozer irakurten ebalakoa egin eban, minutu bi inguruan edo. Otoitzak amaitu ebazanean berbalditxo bat be egin eutsen orren burubide ona artu ebela-ta zorionak emonaz. Eta orain etorren ezkontza austeko zeremoni edo egin bearrekoa. Eleiz-liburuak ez ekarrela? Neu be orretan nago. Baiña Don Pedrori ez eutsan obeagorik buruak emon. Zer ete zan berau? Eleizpe atan egon baziñan, irakurle!

        Don Pedrok busti eban isopua ur bedeinkatu ontzian, eta «Ez zaitez bildurtu, Lorentzo; ez da ezer: bedeinkaziñotxu bat...», kaska! emon eutsan buruan isopuagaz. Gero, barriro isopua ur-bedeinkatuan bustita, beste kaskarreko bat Toribiri. Gero, barriro Lorentzori. Urrengo Toribiri. Oneri bat, orreri beste bat, geroago eta abiada eta indar aundiagoz, kiska ta kaska, jo ta ke... Ene mutillek! Zelako bedeinkaziñoak zirean eurok! Burua erdibitu bear eutsen-da.

        Ta zer? Don Pedro gelditu? Baita zera be! Bere egin bearrari leña ekion: kiski ta kaska, emonalean...

        —Jauna, baiña noiz amaituko dau Berorrek ezkontza-auste au?

        —Ai seme-alabatxuok! Min artuten dozue? Ondiño iraungo dau ba apurtxo baten.

        Ta larregi be bazala? Neuk be alan uste dot, irakurle. Baiña Don Pedro ezan, antza, gure iritxikoa: kaskarrekoka jarraitu eban, senar-emazteeri negar eragiteragiño ta geiagotxuago be bai.

        —Ai ene, ai! Don Pedro: amaitu bei ainbat ariñen funtziñoa. Ai, ai, ai!...

        —Min artuten dozue orduan? Jakin eidazue ba, enetxuok, jakin bein betiko: Ezkontza ezin ausi daiteke arik eta biotatik bat il arte.

        —Ezkontza austeko biotarik bat il bear? Eleiz-funtziño au orren gogorra bada, oba dogu, Toribi, etxera joanda, ezkondu giñanean agindu genduanez, bakean eta luzaro bizi.

        —Goazen, Lorentzo, goazen ainbat ariñen!

        —Bai, seme-alabatxuok: olan egiten badozue, bizitza onetakoa, ta gero inpernua be aldenduko dozue zuekandik. Ta zerua lortu be bai, enetxuok!

        Arrezkeroztik Paula bestaldekoak-eta, ez eben denpora askorik igaro Lorentzoneko matrakak entzuten. Senar-emazteok ondo ikasi eben, antza, Don Pedroren leziñoa [1].

 

        [1] «Ipuin-barreka» 145-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia