Kerexeta Jaime

 

        Elorrion jaioa (1918). Abadea.

        Olerkari legez agertu eban bere burua Kerexetak euskal-Íiteraturaren plazan.

        Gerora, olerkiak alde batera itxita, Liburu Santuak eta Meza-liburua euskeratzen ekin deutso. Eta lan bear-bearrezkoa ta txalogarria egin dau. Bere idazlanik ederrenak oneixek dira:

        «Orbelak» (1958). Olerki txorta bat.

        «Bitargi» (1960). Bigarren olerki txorta.

        «Jesukristo gure Jaunaren Barri Ona (Ebanjelio Alkartuak)» (1960).

        «Eguneroko Meza» (1963). Meza-liburua.

        «Didaje (Amabi Apostoluen Irakaspera)» (1965).

        «Apostoluen egiñak eta idazkiak» (1965).

        «Jesukristoren Barri Ona (Lau ebanjelioak)» (1966).

        «Salmutegia» (1967).

        «Umeen Biblia» (1969).

        «Euskerari buruz, barriz —diñosku berak bere «Eguneroko Meza»-ren itzaurrean— ezin eder egin daikeoet guztiai: batzuek euskera landua dakie, beste batzuek ez: urliak euskera garbia nai dau, berendiak orrenbeste be ez. Ta, zoritxarrez, geienak ez dabe artu iñoiz eskuan euskerazko gramatikarik, eta, beraz, ez dakie esaera bat zuzen ala oker dagoanik. Eskerrak, orraitiño, gure erriak bere joskera jatorra galdu ez daualako!

        »Gaitz, benetan, guztien gogoa betetea! Alan be, bide bakarra artu dot: bai mordoillokeritik, bai garbikeritik alde egiñik, erdiko bidetik joatea. Bestetara ekitea, barriz, gaur euskeraren kontra egitea dala uste dot.

        »Beste onenbeste diñot itzai buruz be... Gaiñera —linguista guztiak diñoenez— ez dira berbak izkuntzari bizitza emoten dautsenak, joskera jatorra ta gramatika baiño. Gramatika da edozein izkuntzaren arima. Ez, ostera, edozelan asmatutako gramatikarik, erriaren izkera jatorra oiñarritzat daukan gramatika baiño. Eta errian sendo sartuta dagozan itzak —len zuzen sortuak izan ezarren, naiz erderatik etorriarren— edonoiz erabilteko eskubide oso-osoa dago, bai berbetan, bai idaztez».

        Ona emen bere olerki eder bi:

 

 

        Iguriako errotan

 

        Iguriako errotan,

        amairu sorgin gabean;

        Iguriako errotan,

        dantza-danzari kantetan.

 

        Areik bai gorputz ariñak,

        arpegi argi, oin bizkor!

        «Klin, klon, klin ta klan soñuaz

        ekiok ik, bolu, gogor.

 

        Aldameneko lerdoian

        mozolo zarren kurrinkak,

        ta Goikoetxe-egalean

        ontzearen erantzunak.

 

        Argi-diztirak aidean,

        egaka suzko anderak,

        Anbototik berantz, gorantz...

        Errota ondoko dantzak!

 

        Anbotoko Anderea

        batzarre-buru nagusi;

        bolu ondoko zelaian

        sorgin oztea nabasi.

 

        Sorgin gaba don, itxuraz;

        illargi bete; ozkarbi;

        izarrak diz-diz; aizea

        lotan... Au gau zoragarri!

 

        Iguriako errotan,

        eundaka sorgin gabean;

        Iguriako errotan

        dantza-dantzari kantetan! [1]

 

 

        Kanpai-otsa

 

        Kanpai-otsa torrean:

        norbait il da, itxuraz.

        Txoriak ixil, mutu,

        otsaren durundaz.

 

        Erritarrak, erreguz;

        etxandrak, itaunez:

        «Nor il da?» Ta guztiak:

        «Kaleon, iñor ez».

 

        Ez dakie nor il dan;

        iñor geisorik bai?

        Ez egin jaramonik

        erriko kanpaiai!

 

        Baiña areik, astiro,

        din-daun diardue:

        eguneko egia

        eurak dirautsue.

 

        Ekin gogor, kanpaiok;

        zabal gure ituna!

        Gaur goizeon il baita

        biren maitasuna! [2].

 

        [1] «Orbelak», 42-garren orrialdean.

        [2] «Bitargi», 26-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia