Zubikarai Agustin

 

        Ondarroan jaioa (1914).

        Olerkari eta teatro-idazle dogu Zubikarai.

        Gure euskal-teatroa barriztatzen bizkortzen diardu jo ta ke. Teatro-lan asko egin ditu. Begira:

        «Aberriagaz bizi», «Illobearen indarra», eta «Itxas-lapurrak». «Euzkadi»-n argitaratu ziran.

        «Itsasertzeko itsu-mutilla». Argitaratu barik.

        «Itxasora». «Egan», 1960.

        «Seaska inguruan». «Egan», 1957.

        «Jaunaren bideetan». «Egan», 1959.

        «Iru alaba». «Euskera», 1964.

        «Aingira kumak». «Egan», 1969.

        «Mendu zaarrak». 1970.

        «Mariñelak», «Kresaletan», «Ni naz kapitan piloto», «Zurrukutun», «Loiolako semea», «Ederra jazo da zuen errian», «Gizon on ta andre erre?», «Bizi garratza», «Larrunpean», eta abar.

        Irakurri daigun bere antzerki bateko lora eder bat:

 

 

        (Barrutik abestia entzungo da leun-leun lenengotan, geroago ta indartsuago. MIEL potiña dagon aldera ezkutatzen da ta TXANGURRU bodegan sartu. Abeslariak sartu aurretik, bodegatik potiñera ostera bat edo bi egingo ditu tresna batzuk eroaten. Arrantzale taldea sartuko da neguan itxasora eroaten dituen jantziakaz, esku batean otzara ta lepotik mundillak dindilizka. Irudirik politena egiteko eran geratuko dira abestia amaitu arte).

 

        Abestia («Nire maitia jeiki ta jeiki»-ren erara):

                Arrantzalea, jaiki ta jaiki;

                ez al zara loz ase?

                Itxas arraiñak txartaka dira

                laster ur goian agiri.

                Goazen eguna argitu baiño len

                agur egiñaz kaiari.

                Jaiki arrantzalea,

                potiña zure zain beti.

                Errikoak ez daki

                itxastarraren barririk;

                lurra agurtu ta itxasoan

                eguzki ta illargi.

        TXANGURRU: Ia, mutillak, gau-lorik naiko egin dozue-ta. Otzarak eta mundillak laga bizkor potiñean.

        KAXPAR: (Potiñera deiez balebil antzera) Artu, Miel, otzara au ta mundillak.

        MIEL: (Barrutik) Morroi barik ezer egiten ez dakizue ala?

        KAXPAR: Ia, ba, agurea emen dabil zazpiki antzera-ta.

 

(Guztiak, otzarak potiñera eroaten ditue KAXPARREN antzera).

 

        TXANGURRU: Bear diran guztiak ekarri dozuez?

        KAXPAR: Nik betiko antzera.

        BATEK: Nik beti beste.

        BESTEAK: Nik bardin.

        KAXPAR: Gitxi gora-bera, or ibilliko gara, nunbait. Jaki barik etzan iñor etorriko ta beste guztiak or konpon.

        TXANGURRU: Asi, ba, erramuak ataraten.

 

(Arrantzale bat bodegan sartu ta banan-banan erramuak ataraten asiko da, guztientzeko atara arte. Erramuak artuala antzokian garatzen dira mutillak egal batetik besterako erreskadan).

 

        KAXPAR: Karraspio falta da oraindik.

        TXANGURRU: Arek berak naiko burukomiñik eta atsekaberik ba dau gaur. Semetxua il egin ei jako gaberdian.

 

(Guztiak, arrituta geratzen dira).

 

        MIEL: Semetxua il? Atzo illuntzean neuk ikusi neban, ba, geureagaz...

        KAXPAR: Ondo zoritxarreko ta errukarria da bera.

        TXANGURRU: Emen munduan ba ete dago iñor zoritxarreko ez danik? Atsekabe geiago edo gitxiago... baiña beti miña barruan. Nik neuk uste dot mutilzar geratzen diranak bakarrik dakiela zoriona zer dan.

        MIEL: (Asarre) Beti jardun bardiña darabizu. Guk ez dogu miñik orduan?

        KAXPAR: Zuek? Aita ta ame bizi diran artean pizka bat, baiña gero? gauza guztiei or konpon esan ta ibilli nai dozuen erara.

        TXANGURRU: Guk, beintzat, ondo pentsau ezkero, atsekabe-miña ez daroagu urrun, oraintxe ere. Oraintxe ere ba goaz, beintzat, gurasoak, kutunak, semetxuak, ondasunak, etxea, erria..., dana lagata, Jaungoikoak gura daben arte ta Berak bakarrik nai daben bideetatik zear. Lotan laga doguzanak, bearbada negarrez itxartuko dira gu geiago ikusi eziñik. Begiratu erriari..., ta ez dakigu azkenengoz agur egiten dautsagun. Ta beti bardin, beti onelaxe, beti joan egin bear, urrun-urrunera joan bear..., ura ta zerua besterik ikusten ez dan urrun-urrunera...

 

(Arrantzale taldeak, erramuak eskuetan dituezala, «Boga Boga» abesti ezaguna abestuten asiko dira iru edo lau abotsera, andikiro, bulartsu, gogo-gogoz).

 

        Abestia:

                Boga, boga,

                mariñelak.

                Joan bear dogu

                urrutira,

                bai Indietara.

                Ez dot nik ikusiko

                zure kai ederra.

                Agur, Ondarroako

                itxaso bazterra.

                Mariñelak,

                boga [1].

 

        [1] «Itxasora». «Egan», 1960, 271-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia