Erkiaga Eusesio

 

        Lekeition jaioa (1912).

        «Erkiaga lekeitiarra, poesia baztertu gabe —zorionez— eleberriari ekin zionean, etzitzaigun nolanai asi, aizearekin burruka ari dena bezala, ongi jakiñaren gaiñean baizik. Ederki erakutsi du, izan ere, bidean topa zitzakean eragozpenak menderatzeko tresnez orniturik abiatu zela.

        »Erkiagaren izkeraz eta idaz-tankeraz esanak daude sarritan esan bear zirenak oro. Nork eztizkio aitortuko agerian daramazkien doai nabarmenak? Iztun ederra da beti, joria eta aberatsa, eta beste guztiaz gaiñetik jatorra. Jatortasun ori, noski, ain egoki darabillen jatorrizko Bizkaiko euskalkiari zor dio, izkuntza zabalago eta osoago baten oiñarri sendoa baizik ezpada ere. Ezpaitu euskalki ori estuegi mugatzen, zenbaitek oi duenez. Orrela mintzatzen delarik, zuzen ari da bere erritarrentzat, eta argi eta errazki gaiñerako euskaldunentzat» (Mitxelena Luis).

        Idazlan asko egin ditu gure olerkari ta nobelista onek. Ona emen bere idazlan batzuk:

        «Arranegi» (1959); «Araibar zalduna» (1962, gipuzkoeraz) eta «Batetik bestera» (1962). Nobelak. Argitaratu barik bere ba ditu beste nobela bi: «Neurria» eta «Aspaldiko Maigret».

        «Kanpaien atsekabez», «Euskera», 1960. Teatro-lana.

        Olerkiak aldizkarietan argitaratu ditu.

        Irakurri daigun bere lora eder bat:

 

 

        Izarrak dirdizka ziarduen ozkarbi zabalean, gogoari ziri egiten dautsan ixillezko aotsez, biozari indar eragiten dautsan itzbageko aginduz. Iparraize eme batek surrumurru egian zumardiko zugatz-ostoetan.

        Lagun bi joiazan nasan zear, eta erdi illuntasun atan, ezin zeitekean nortzuk ziran ezagutu.

        Arranegiko zabalaren barrenera eldu ziranean, kantoian gora egin eben, eta gero, eskumaldera. Zaldundegi-etxearen aurrez-aurre gelditu ziran, iturriaren ondoan. Ango argi its, motel eta zurbillak indar andirik ez eukan-ta, ez zan errez arpegiak ikustea. Ordurako zeatz illundu eban.

        Autu luzeren batean ziarduen, antza.

        —...eta oraintxe baiño ereti oberik...

        —Esangura dozun ori, esan ziñeist —jardetsi eutsan emakumeak.

        —Bada, zera... asarre-bide ezpalitz...

        —Ez, gauza txarra ez baldin bada.

        —Gauza txarrik zelan esan neizu nik zuri... maite zaitudala esango baneutsu?

        —Ori da guzti ori?

        —Guztia da, ba? Ala nire esan au uste al dozu egoki-eza dala?

        —Ez olakorik, baiña uste-uste bagako zera azaldu daustazu-ta...

        Emakumeak, orra ba! onelako gertaeretan beti jokatzen dabe era bardiñez. Gizonezkoaren maitetasun-agerkundea, usterik bako azalpena izan oi da eurentzat, eta arritu ta konkortu antzean lotzen dira, euren inguruan —argiarenean inguma ta tximirritak bezela— jira ta bira egoak erre bearrean, gizonezkoren bat aspaldi ikusi ta ikusita gero, noiz entzungo dagozana entzuten dabenean.

        —Bada, leen ezpazenkian ere, orain dakizun ezkero, zer diñostazun entzun nai neuke.

        —Zer esan? Zer esatea nai dozu, ba? Erabatera eta itsumustuan erantzunik ezin emon neizuna jakin bear zenduke.

        —Orrezkero, belu eldu nazanentz adiraziko?

        —Niri esana, beste zenbat geiagori ere ez ete dautsazu esan?

        —Baiña, ez bene-benetan, zuri orain azaldu dautsudan lez.

        —Tira, ba, orrelan izan dedilla... baiña, noian etxera, berandu dalako, kaleak guztiak ere utsik dagoz-ta.

        —Orduan biar gabaz

        —Biarko barri Jaungoikuak daki. Gabon, eta ondo lo egln! —-ots baten esanaz, arin-aringa joan zan neskatillea euren atetarantz. Ertzedegian egoan atea, apurtxu bat zabaldu eban eta an sartu zan beingo baten.

        Mutillak Arranegi-kalean zear gorantz egin eban, eta kalertzeko argipetik joakeran, burutsi joian gazte bat ezagutu genduan.

        Jontxu zan.

        Kaleetan ez ebillen ez, lagun andirik. Baiña andik geroetara bere, gabontz, mozolo ta saguzar banakaren batzuk ba ebiltzan ibilli; egorik gabeak, jakiña, ba.

        Urrun-samarretik etorren berbaotsa, itz zaparradea, gero ta urreago, gero ta ozenago, eta noizean beingo barre algara gangarrak. Ezpeleta-kalean atso bateri leiora urten eragin eutsen eta itzaldi pipertsu au eraso:

        —«Zer dakarre eurok, kankailluok alakuok! Nortzuk, eta betikoak! Itxasoko urak guztiak ez aal jakez noiz edo noiz ardau biurtuko, alakoren baten naia edanaz asetu eta ito daitezan! Bestelako bakea izango genduke auzuotan. Lotsagalduko mozkor, ordi, barrua zaragiak berak baiño bere baltzago daukazuenok! Lotsatu be, etzarie egiten-ta, lotsatu be! Zantarreriari emonda zearo, partilla usaiñik bada! Lanbasok alakuok! Eztautsue beingoan diruak sakelik erreko! Zoiaze ondarrera, edo Talara, edo kabuko tanborrera!...

        Itzaldi luze, zorrotz eta garratzori arnasa baten esanda gero, draska! ertsi eban leio atetxua andra zimelak [1].

 

 

        Errota-zuri

 

        Erreka ertzean altza

        ertzerago errotea;

        inguruetan ederren

        errotako alabea.

 

        Marti-zozoa kantatzen

        bidez goiko sagastian;

        astotxu zaarra samauta

        nekezka, aldapa erdian.

 

        Erreka ondoko bolu,

        —zuria goitik beeraiño—

        gordeta daukan pitxia

        eztot ikusi gaurdaño.

 

        Bolutxuko neskatilla,

        —larrosa eder dirudi—

        ibar osoan ezta iñor,

        ai, zeu baizen maitagarri!

 

        Epailla lenen-egunak

        —garia aspaldi erne zan—

        oraindik ezta lorarik

        ezkaratzeko arazan.

 

        Neskatil zoragarria,

        —emeretzi udabarri—

        ire ibilkera jaioak

        aundikiena dirudi.

 

        Txakurrak zaunk etxaurrean,

        —aatak errekan igeri—

        neskearen ezpanetan

        barrea loratu bedi.

 

        Errotatxuko alabak

        urrezkoa dau biotza;

        ai, ederra, nok leikean

        entzun zugandik baietza.

 

        Mendi artean ibarra,

        errekertzean errota:

        bolu aretan euskotar neska

        garbi bat gordeta [2].

 

        [1] «Arranegi», 47-garren orrialdean.

        [2] «Milla euskal-olerki eder», 707-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia