Arruza Mikel «Arrugain»

1890-1966

 

        Nor zan

        —«Txotxo, nungua aiz i?

        —Ni emengoa, jauna; bilbotarra.

        —Bilbotar ume sostorra izan eta euskeraz dakik?

        —Bai, jauna. Gurasoak euskaldunak ditut.

        —Nuntarrak dituk, ba?

        —Aita, Mungikoa eta ama, Gatikakoa» [1].

        Bilbotarra izan zan eta Bilbon bizi izan zan Arruza Mikel.

        Bost urte ebazala, aita il jakon; eta Algortako izeko-osabakana, joan zan biziten. Eta amazazpi urtegaz etorri zan barriro, bere amaren ondora, umetxotan ikasitako euskera erdi aztuta. Baiña, non eta Bilbon, berealaxe euskalzaletu zan eta ondo ikasi eban euskera. Eta, arrezkero, non edo non, euskera ikasten eta irakasten ibilli zan: Diputaziñoko ikastolan, Ribera kaleko eskoletan eta bere etxean; bere etxean batez bere [2]. Amakatxu idazlan egin ebazan aldizkarietarako edo egunerokoetarako bere. «Euskaldunak euskaltzaletzea da gure asmo bakar-bakarra» [3].

 

                «Euskaldun leial, zoli, trebea, Arrese Beitia izan zan,

                euskeran alde bere biotzaz, bere gogoaz, lan ta lan,

                nekatu barik, atseden baga, illarterako jardunaz;

                berau langoak bear gendukez gure Euskalerri maitean» [4].

 

        Arrese Beitiaren antzera, maite-maite izan ebazan Arruzak bere emazte ta seme-alabak; Arrese Beitiaren antzera, «euskeraren alde bere biotzaz, bere gogoaz, lan ta lan, nekatu barik, atseden baga...» ibilli zan. «Berau langoak bear gendukez gure Euskalerri maitean».

 

        Idazlanak

        Bai itz-lauz, bai itz-neurtuz, aldizkarietan eta egunerokoetan argitaratu dira Arruza Mikelen idazlanik geienak: «Euzkadi»-n (1913-33 bitartean), «La Gaceta del Norte»-n (1933-36 eta 1956-58 bitartean), «Argia»-n, «Eguna»-n, «Ekin»-en, «Jesusen Biotzaren Deia»-n, «Karmel»-en eta «Olerti»-n.

        Baiña liburu batzuk bere egin ebazan:

        «Método práctico para aprender Vascuence». Bilbon, 1925-garren urtean.

        «Euskera ikasteko bide erraza». Bilbon, 1933. Euskera Berlitzen erara ikasteko metodua. Bi aldiz argitaratu zan. Itzaurrea Azkuek egiña da, ta «aspaldiko adiskide» dauan Mikelen gogoa adoretu gurarik diardu gure erraldoi odol-gorriak: «Ekin, Arruza, zure lan eder orri; ekin alemana baizen gaitza ta zala dogun gure izkera zar eder onen ikastea erraztu, liraindu ta atsegindu arte».

        «Etxe-kalte». Bilbon, 1934. «El Judas de casa», Truebaren ipuin luzearen itzulpena.

        Euskera asko daki Arruzak; baiña «euskaldun barri» usaiña darioe, batzutan, bere idazlanai.

        «Ogibideak emon eutsan bere bizitzan naikoa zeregin eta ez eban astirik izan ikasketa sakonak egiteko. Bestalde, ez eutsan Jaungoikoak emon alako doai berezirik, esaterako asmamen zolia, irudimen arroa, idazle-kasta eta abar, arnasa aundiko lanei ekiteko bearrezko direan zerak» [5].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Mateo indianoaren etorrera

 

        —«Don Jose aitatu dogun ezkero —egin eban Marik— zer dala-ta ez ete da etorri bera, gaur goizean onantza?

        —Gaur Kastro aldetik dalako, bere loba indianoari bidera urteteko asmoz —jardetsi eutsan Martinek.

        —Gaur dator, beraz, bere lobea? Asko poztuten nau orrexek! Ea zure anaiaren barri izaten dogun!

        —Jaungoikoak gurako al dau! Izan bere, arritzekoa da, gero, Mejikotik idatzi euskunetik ona, ainbeste denporan bere barri barik egotea! A il egingo zan urrean; bizirik batego, ez dago bera guri orrenbeste denporan idatzi barik.

        —Olan uste dot neuk bere, Martin. Berak guganako daukan maitetasuna ez da iñoiz izan badaezpadako edo guzurrezkoa; ba, atzenengo egin ta bidaldu euskun idazkia ezin izan eitekean argiagoa.

        —Bai, a zelango senidea! Txerrenek eroango al dau! —esan eban Batxik.

        —Ene Jaungoiko laztana! —egin eban Marik—. Zuk daukazu biotza, ene semea!

        —Iñoiz bere ez dausku txanpon bakartxo bat bidaldu ta, zer ardura dausku guri bera bizi bada ezpada?

        —Ni neu, beintzat, bizirik dagola jakinda, sano poztuko nintzake —erantzun eban Martinek—, naiz ta etxe bete urre euki, ta guri ezertxo bere emon ez.

        —Baiña Mateo, Don Josen lobea, Mejikotik al dator? —itandu eban Jonek.

        —Nik ez dakit —jardetsi eutsan amak—, baiña andik ainbatetik izan bear dau, Indietatik eta aberastuta ei dator seguru bere-ta.

        —Don Josek olango suertea egiteak sano poztuten nau, on-ona da-ta —egin eban Martinek.

        —Iso! —esan eban Batxik—. Gaztaiñaditik datozan areik, ez ete dira eurak izango gero? Bai, bai, an dator Don Jose. Erromako otiña aitatu ezkero...

        —Ixilik egon zaitez gaizto ori! —erantzun. eutsan Marik—. Ez deutso ba Don Joseri otiña esaten! [6]

 

 

        Esakerak:

 

        «Lotsarik ez daukazu, lotsarik?».

        «Komediantekerietan ibilteko alagalakoa izango ziñakez zu gero!».

        «Ezin baiña iñondik iñora zuka egiten oitu!».

        «Zuzen dago egon bere, aita —esan eben bateratsu Iñakik eta Jonek».

        «Aiko maikoetan ibilli barik, zirt edo zart egin bear dogu beingo baten, eta arazo astun au bein betiko atondu».

        «—Eskerrik asko, Mikel.

                —Zer esker ta ze...!».

        «Ze berori ta berori ondo!».

 

        [1] Mutikotxoa zala, Arruza Mikelek Azkuegaz izan eban alkar-izketa. Ikusi: Erkiaga Eusebio, «Arrutza ta Egia'tar Mikel», «Olerti», 1967.

        [2] «Gogoragarria da ikasleen artean, arako abade ikaslea. Sei illabetean ikasi eban eta, arrezkero, sermoiak be, euskeraz egiten ei zituan». (Erkiaga Eusebio, «Olerti», 1967.)

        [3] «Izkuntza tantakadak», «Karmel», 1961.

        [4] «Olerti», 1960.

        [5] Erkiaga Eusebio, «Olerti», 1967.

        [6] «Etxe-kalte», 11-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia