Ibargutxi Juan Gurutz

1883-1969

 

        Nor zan

        «Lenengo ta bein, abadetzan, apaizgoan, jardun izan dot nik, bai emen, bai atzerrian. Txolarteetan ekin izan dautsot idazteari» [1]. Bizkaiaren mugan, Ubidean, jaio zan Ibargutxi Juan Gurutz abadea. Abadetzako ikastaldiak Bitorian egin zituan. Eta, gero, Cestafe, Marin, Eskoriatza, Badarán de Logroño, Eibarren eta Basaurin egon zan abade. Idazle ugaria dogu abade on eta jakitun au, Jaungoikoaren Itza euskeraz zabaltzen ainbat lan ixil eta neketsu egiñikoa. «Txolarteetan ekin izan dautsot idazteari», diñosku berak; baiña bitarteok ondo aprobetxau ebazan, antza.

 

        Idazlanak

        Idazlan sakonak, benetan, Ibargutxirenak! Izan bere, bere aldiko Teolojia guztia euskeratu eban. Begira:

        «Edesti Deuna» (1936).

        «Jaungoikoaren Legeko Aginduak» (1936, 1953). Bi aldiz argitaratua.

        «Geroko bizitza» (1954).

        «Otoia» (1955).

        «Siñiskaiak» (1958).

        Gaiñera, argitaratu barik gelditu da bere liburu bat: «Mezadia: Urte guziko mezak» [2].

        «Nik asmautako gauzarik ez dau ezertxo bere azalben oneitan. Eleiz-irakasleak irakatsi izan dabenetik artuta dagoz.

        »Irakurgai bat edo beste zail samar egingo jatzuz, ausaz. Ez gure izketari errurik ezarri. Berez dituzu sakonak eta, beraz, gure ezaguera edo adimenarentzat, ulergaitz.

        »Alik eta argien eta garbien idazteko alegin egin dot. Itz barri gitxi dituzu» [3].

        Ibargutxik darabilzan gaiak zail samarrak dira, bai. Baiña euskera aldetik bere (berak alan uste izan ez arren) zail samarrak dira.

        Euskera ondo ta sakon daki; baiña (bere aldiko semea dogu au bere-ta) beti berba garbiak erabilli gureak kalte andia egiten deutse bere idazlanen argitasun eta gozotasunari.

        Beste euskalkietatik artzen dauz itz asko. Aranatarrak asmaurikoak bere ainbat artzen ditu. Gaiñera, euskera zaar zalea da. Eta, jakiña, orrek astunagotu egiten ditu bere gai astunak.

        Dana dala, ondasuntegi bat dira Ibargutxiren liburuak.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Zorion irritsa

 

        Zorion billa gabiltz gizon oro.

        Atsegiña, zoriona deritxon zerbaitek erreta daukoz gure biotzak. Atsegin grina ari bere barrenean somau ez daroan gizonik ez da. Batzuk, erreago, nabarmenago, sumiñago; beste norbaitzuk, motelago, epelago, baretsuago; baiña, gitxi geiago, guztiok dogu biotza gexo, guztiok gara biotz-min.

        Zorion billa, zorion amesez gabiltz; ez, arean, bide batez. Batzuk, zorioneko izatekotan, zintzo izan oi dira; beste batzuk, oker ta gaizto, zorionerako bide laburragoa ori dalakoan. Batzuk gerrazale, beste batzuk bakezale, baiña bitzuok zoriona dabe egite ta jardueraren buru.

        Gure gogoak ezin legike ezertxo bere egin zorion amesez izan ezik. Burua urkatzen daben gixaxoak eurak bere, zoriontsu izango diralakoan dagie gaiztakeri izugarri ori.

        Naiz onak, naiz txarrak dirala, gure egintza guztiak zorion egarria dabe gorengo eragille ta elburu.

        Gizartean ez da, ordea, zoriontsurik. Agintari ta menpeko, aberats ta beartsu, ugazaba ta langille, jakitun ta ezjakin, sendo ta aul, len izan diranak eta orain diranak, aldi ta alde oro, gizonak artega dakuskuz; zoriona nai ta zorionik ezin jaritxi. Ta gizartea landuago, aurreratuago, asmakizun barriak ugariago ta zorion egarri ori sumiñago, ta zoriona urriñago. Menpekoak agintaritzan, beartsuak aberaskizunetan, langilleak ugazabatzan, tentelak jakituri ta zurtasunean, gexo ta aulak osasun eta sendotasunean datzala zoriona uste dabe. Ta, ortik, gizonetan alkarren arteko gorroto ta burrukak. Arako basamortuan, egarriz itoten dagozan bideztiak, ur bizidun iturria agertutakoan, alkar bultzaka ta joka, zein lenago iturrira eldu ta egarria asetako dranga-dranga, edan ta edan daragoioen legez, alakoxe amorru, alkar joka, alkar ilten, etzun doiaz gizonak emengo ondasunetara.

        Baiña zer? Aseta jaikiten al dira? Zoriontsu ete dira? Ez, bein. Edanago ta egarriago. Sukarrez barrua legortuta, kedartuta, daukan gexoak, iturriko ur garbiz ames dagi; baiña ur ori edanago ta bere pautsak legorrago ta erreago geratzen dira.

        Etxalde ornitua, jantzi bigunak, janari gozo ta ugaria, edari bizi, atseden aldi luze, bero, epel, eguraldi argi... opa legikean guztia emon. Ase izango al da giza-biotza? Zoriontsu izango ete? Bai zera! Opa alak emon arren, beste zerbaiten irritsak irrikatuko gaitu. Emon, ba, beste zerbait ori. Tori zurrutada bat geiago. Baiña... alperrik. Lenaz ez gara, orraitiño, aspertzen. Geure buruari iruzur egiten dautsogula oartzen dogu. Baiña lena ta oraingoa ez dira bardin-ta, ia emen dagon, ba, gure zoriona... Ta olantxe doa gure bizitza: iruzurrik-iruzur, eriotz illunpean jausi arteraiño.

        Zer ete dager, berez, zorion irrits orrek? Gure oiñazerako bakarrik sortu ete daroa Jaunak giza-erraietan sustraituta dagon zorion griña ori?

        Gizona nozbait zorioneko izan dala ta orain bere izan daitekela agertu daroa griña orrek. Irrits bizi ori ez dau Jaunak gugan alperrik sortu. Zoriontsu izan geintekez, ez gure alegiñez, Jaunaren erruki ta laguntzaz baiño [4].

 

 

        Esakerak:

 

        «—Nongoa ete zaitugu andra on ori?

                —Ni zerukoa nozue».

        «Ez izatetik izatera, berez danak, izan danak, ekarri gaitu».

        «Gizon arroa beti gixon!».

        «Ni egiña naz. Zu bere bai. Nik ez dot neure burua sortu. Ezta zuk bere. Utsetik erne ete naz, ba? Utsa ez da ezer».

        «Orixe bai gauza arrigarria! Ta egia dala kontuizu».

        «Zetan esan bere ez, Jauna. Asko be askoz pozago ta alaiago nire barrue garbi ta Jaungoikoagaz adiskide nazanean».

 

        [1] «Siniskaiak», itzaurrean.

        [2] Orixeren «Urte guziko Meza-besperak» bizkaieratuta.

        [3] «Geroko bizitza», itzaurrean.

        [4] «Geroko bizitza», 7-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia