Zamarripa Paulo

1877-1950

 

        Nor zan

        «Zamarripa zelango idazlea da?». Auxe itandu neutsan, beín baten, abade bateri. Eta ara zer erantzun eustan: «Zamarripa? ... "Firi-Firi", "Kili-Kili"..., txibizkeriak, "gauzatxuak", dira Zamarriparen idazlanik geienak: txirrimirriak».

        Ordurik ona, Zamarripa erdi-baztartuta euki dot. Baiña, orain, bere idazlanak irakurri ta aztertu ondoren, ez dot uste ainbeste destaiña artu bearrekoa danik. Txibizkeriak txibizkeri, idazlan ederrak bere egin ebazan.

        Laredon jaio zan Zamarripa Paulo; baiña Sondikan bizi izan zan umetxotatik asita, bere gurasoak sondikarrak ziran-ta.

        Mutikoa zala, abade joan zan Bitoriara. Eta abade eginda gero. Bermion, Gatikan eta Sondikan emon ebazan bere bizitzako urterik geienak. Euskalzale gartsua ta idazle ugaria izan genduan.

        Asko lagundu eutson Azkueri bere, bai «Euskalzale» aldizkarirako lanak egiten, bai Iztegi andia atonduten. «Txitxuk eztaki Azkuen iztegi ederrean dagozan Txorierriko berbarik geienak, edo erdiak inguru beintzat neuk emonak direanik» [1].

        Maite-maite izan eban Txorierriren altzoan, Sondikan, il zan.

 

        Idazlanak

                «Lana egin daigun txiri-txiri,

                ta agertu daigun firi-firi».

        Langille nekegabea izan zan-eta, txiri-txiri, lan asko egin eban Zamarripak. Ona emen, onenetariko batzuk:

        «Gora begira». Olerki txorta bat.

        «Zaparradak-eta»; «Kili-kili» eta «Firi-firi». Iru liburu, irurak antzekoak, len aldizkarietan edo egunerokoetan agertutako idazlan atalakaz egindakoak [2]. Ipuiñak, jazoerak, eguneroko goraberatxoak, barregarrikeriak eta abar. Gai ariñak, errezak darabilz beti Zamarripak liburu oneitan. Kirikiñoren antzera egin gura ebazan bere idazlanak, baiña etzan Kirikiñoren maillaraiño eldu.

        «Gramática vasca». Erdera gogor eta zatarrean egindako lan sakona ta ederra. Ondo landua. Zazpi bider argitaratu da.

        «Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco». Gramatikeagaz batera erabilteko egiña. Iztegi laburra, baiña jatorra da.

        «Conjugaciones guipuzcoanas».

        «Manual del vascófilo». Bana-banako liburu eder irakurgarria; berebizikoa, euskerearen joskera, esakerak, erderakadak, ortografia ta abar ezagutzeko. Barriro albait ariñen, argitaratu bearreko liburua.

        Txibizkeriak, «gauzatxuak» bakarrik ez ditu egin Zamarripak. Batez bere, azkenengo liburu orreik irakurri ezkero, ezin esan txirrimirri utsa danik.

        Egia da izan, euskeraz egindako lanak ez dira mamintsuak. Gai aldetik eta umore aldetik bere urri samarrak dira. Kirikiñoren etorria, irudimena ta gatza falta jako Zamarripari.

        Eta euskera aldetik? Onetan, bai, ba dogu maisu goragarria.

 

                «Euskera erreza, ulerterreza,

                arin ulertutekoa,

                nai dau erriak, ta ondo da eitea

                erriak nai daun lakoa

                Euskera garbi ta erreza eitea

                lan gatza dana ba'kigu;

                baiña ein bear da, euskerean alde

                gauza onik eingo badogu» [3].

 

        Zamarripak darabillen euskerea jatorra, garbia ta erreza da. Zamarripak darabillen euskera, euskera da, erritarkeri batzuk kendu ezkero.

        Bere aldiko garbizalekeri-giroan bizi izan arren, garbikeribako garbizalea dogu Txorierriko idazle au. Mire egiteko gauzea, benetan!

        Idazle zaarren eta erriaren iturritik edan dau ura [4]. Eta, jakiña, orrexegaitik da ain jatorra bere euskerea.

        Alkar-izketak, esakerak eta abar ondo josten ditu. Zenbat aberastasun euskera aldetik!

        Txibizkeriak txibizkeri, Zamarripa langoak gitxi, nai badogu euskera ikasi.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Bai, bai, bai:

 

        Nik eztakit zegaitik, baiña gizon, mutil eta mutiko lodi totolo guztien ezizena Bartolo da emen Txorierri aldean.

        Ete da Bartolo ta totolo ots bardin samarrekoak direalako?

        Baleiteke, baiña ziur esateko eztakigu. Ziur edo ziur antzean dakiguna da, gure aitaita-amamen aldian, Bilboko Tribuli inguruan bizi zala dendatxu bategaz Bartolo ezizeneko gizon bat eta lodia zala bera, oso lodia.

        Bartolo onek, loditasunak berak emonda edo, beti «bai» esateko gatxa ei eukan.

        Bere gatx onen barri ekien askok, ainbat alegin egiten eutsien ezetz erasoteko, gauza bategaitik batek batera esanekoa, besteak bertatixe bestera esanda, ta ainbat eratara; baiña danak alperrik.

        Ez egoan areri ezetz erasoko eutsanik.

        Eguraldiagaitik, esate baterako, txarra dala esan eragin eta beingoan ona dala esaten eutsanari, ba ekian zelan erantzun ezetzik esan barik. Mutilla zan bera orretan?

        —Bartolo, eguraldi txarra gaur e?

        —Bai, eguraldi txarra daukagu. Aizea be otza ta...

        —Bartolo, eguraldi ederra.

        —Bai, bai, eguraldi ederra da au, olangoa bear dauanarentzat.

        Ez egoan Bartolori ezetz esan eragiteko modurik.

        Ezetz erasoteko asmotan, bat baiño geiago joan jakon bere dendara diru txarragaz be, baiña ezetzik entzun barik urten bear izaten eben. «Au ezta ona» ez eban esango Bartolok ezegaitik be.

        —Au diru au txarra dozu, andratxua.

        —Ezta ona, ba, Bartolo?

        —Ona bai, zetarako esan bear ze.

        —Ona bada ba...

        —Bai, ona da, bai (Emazteari). Atsoa., ekarrizuz suetetik untze bat eta mallua.

        —Bartolo, zer egiten dozu nire diruaz?

        —Auxe: Atean josi. Atean josteko da ona-ta.

        —Niri ori diru ori atzera emon bear deustazu.

        —Bai, bai, emongo jatzu, agiñakaz ataraten badozu.

        Txorierriko jente guztien ao-miñean ebillen Bartolon «bai» beti esateko ekandua.

        Gizon eta andra, mutil ta neskatilla, zaar ta gazte, danak eukazan ikaratuta zelan beti «bai» esan eikean, «ez» iñoz be esan barik.

        «Bai» batera, ta «bai» bestera; beti «bai».

        —Andia dok, gero, gizon orren kontua! «Ez» be ezin esan ba, bein edo bein? —iñarduen esaten txorierritarrak euren bigiretan.

        —Neuk erasoko neuskio arin ezetz Bartolo edo Baikolo orreri —azartu zan esaten olango bigira baten, Lezama aldetik tellagintza batera ezarle etorririko mutil sur luze arpegi zorrotz bat.

        —Ezetz erason? —diñotsie bigirako guztiak.

        —Baietz! Zenbat gura dozue jokatu?

        —Danontzako afaria —urten eutsan agure gogaldi oneko batek.

        —Ondo dago.

        Ta geiagoko barik, Bartolonerako urten eban Lezamar bizkorrak, bigirako lagun bat lagun artuta.

        Arin joian bidean, arin, posturea irabazteko pozak kiñatuten ebala.

        Bildur bat eroian bakarrik. Domekea be ba zan-ta, egongo ete zan. Bartolo ori, etxean barik, Bilbo barruko kafetxeren baten.

        —Etxean bajauk, etxagok bildurrik —ziñotsan lagunari bidean—. Posturea irabazita jauk, etxean topetan bajuk...

        —Bartolo, emen gatoz ba...

        —Bai, bai.

        —Onek lagun onek uste-uste bako oker-etorri bat izan dau-ta...

        —Bai, bai; gizonari jazoten jakoz olangoak.

        —Orain, ba, zure adiskide be ba naz-ta, berau be adiskide ontzat daukot-eta, emendatuko bazendu...

        —Bai, bai, ondo pentsaua. Karatxe! Bai, bai.

        —Eun dukat bear dituz ba-ta..., emongo bazeuskioz mesede andia...

        —Bai, bai, emongo neuskioz, bai, bai, emoteko moduan baneunkaz; bai, bai, bai, bai. Bai ortan! Baite-ta! Bai, bai, bai [5].

 

 

        Esakerak:

 

        «Elei esan zetatik zetara asarratu leitekezan gizonak».

        «Esan baneuntsien esan neuntsien! Jan eninduenean bien artean!».

        «Olango zer barik esan eutsan».

        «Aitearen ta Semearen...! Au da mutillaren okerra!».

        «Ara, Patxi, atan orretan gaua egin jaku, ta gero...».

        «—Ogerleko bat emongo ei deustazu...

                —Baita zera be!»

        «Manu, andia da zu Perugaz ibiltea».

 

        [1] «Zaparradak-eta», 12-garren orriaidean.

        [2] «La Gaceta del Norte», Bilboko erderazko egunerokoan argitaratutako idazlanak dira geien bat, euskeraz bere agertzen zan, aldi aretan, zatitxo bat-eta.

        [3] «Zaparradak-eta», 179-garren orrialdean.

        [4] Txorierri inguruko euskera, batez bere, ondo ezagutzen dau.

        [5] «Zaparradak-eta», 24-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia