Basabe Kandido

1867-1928

 

        Nor zan

        Lekeitiarra izan genduan Basabe Kandido.

        Mutil koskondua zala, Bitoriako Abade-Ikastetxera joan zan, abade egitekotan. Eta antxe egon zan Filosofia amaitu arte. Gero, jesuita izatea pentsau eban eta Loiolako jesuitetara joan zan.

        Teolojia ikasketak Salamankan egin ebazan. Eta, gero, bai Filosofian, bai Teolojian, Maisu (Doktor) egin zan.

        Bere bizitzarik geiena, ejerzizioak edo misiñoak emoten igaro eban. Bizkaian, batez bere.

        «Jesusen Biotzaren Deia» aldizkaria, 1919-an, sortu ebenen artean. Aita Kandido izan zan buru ta eragillea.

        Euskalzale sutsua izan zan eta «Euskalerri maitearentzat» lan asko egin eban, bai sermolari legez, bai euskal-idazle legez.

 

        Idazlanak

        Aita Kandidok itxi deuskuzan liburuak oneixek dira:

        «Andra Mariaren ezkutua».

        «San Inazioren ejertziuak. Ondo konfesau ta komulgauteko irakaskizunak».

        «Eleiz-liburutxua».

        «San Iñazioren ejertzioetako gogarteak».

        Lan ederra Aita Kandidorena, San Iñazioren Ejerzizioak euskeratu ta azaldutea!

        Lan ederra ta euskera argi ta ederrean, gaiñera. Euskera ona darabil Aita Kandidok, geienetan. Gai sakona eta euskera ona.

        Ba ditu arako garbikeri batzuk (bereak ala argitaratzalleanak?); ba ditu erderakada ta aditz-joko oker batzuk bere...; baiña, akats txiki orreik kendu ezkero, maisu egokia dogu.

        «Zaletu zaite, ba, euskalduna, irakurtera; onenetarikoa zarean lez, bearren diran gauzetan jakitunena izan zaitezan» [1].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Konfesiñoko jazoerak

 

        Misiñoetan, eta asti gitxi dagonean, ondo da konfesoreak itandutea; ostean, norberak esamiñan zer aurkitu daben, axe esatea da onena.

        Egoten dira batzuk, konfesoreak itanduten ezpadeutse, pekatuak ixillik, pozik izten dabezanak.

        Artzain batek, emazteak lagunduta, ostu eban bildots bat. Konfesoreak ze ofizio eukan esan eutsanean, dirautso:

        —Ostu dozu ardirik?

        —Ez, Jauna —artzaiñak.

        Urten eleizatik eta aurkiturik bere emaztea:

        —Maripa! —dirautso— ezkaituna gaur makaletik librau!

        —Zer ba?

        —Ezteust itandu, ba, konfesoreak ardirik ostu ete dodan! Lengoan ostu genduan bildotsagaitik itandu baleust! [2].

 

 

        Andra bateri konfesoreak:

        —Ondo konponduten zara zeure senarragaz?

        —Ai, Jauna! Nire senarra baiño txarragorik eztago.

        —Baiña, nor da oin konfesetan dana, zeu ala zeure senarra?

        Eldu zan bein gizon bat konfesetara, ta konfesoreari:

        —Jauna, emon beist absoluziñoa.

        —Esaizuz, ba, pekatuak.

        —Ara, ointxe konfesau dan emakumea da neure emaztea; berak esango eutsazan nire pekatuak neuk baizen ondo ta zeatz [3].

 

 

Esakerak:

 

        «Ze ondra ta ondra oste!».

        «Zorionekoa zer nai ta axe daukana da».

        «Gauza guztietan, ba, ikusi bear dot Jaungoikoa, ta Jaungoikoagan gauza guztiak; diranak Beragan eta Bera diranetan maitetzeko».

        «Beti egon ziran zure gorputz arimak argia baiño garbiago ta aizeak eztarabillen ur azala baiño baketsuago».

        «Zelan, berbarako, gordeten dira ain garbi gazterik asko?».

        «Jaungoikoa da, ba. nire Aita. Au poza! Orduan, berez, bere izatearen indarrez, aitak semea lez, maite nau».

 

        [1] «San Inazioren Ejertziuak», 266-garren orrialdean.

        [2] Idem, 49-garren orrialdean.

        [3] Ibidem, 55-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia