Arrese Beitia Felipe

1841-1906

 

        Nor zan

                «Agur illun bat egin deuskue

                guraso zarren legiak;

                umezurtz batzuk gelditu gara,

                billosik foru bagiak.

                Izan bagiña eurak legetxe

                euskerearen zaliak,

                oso ta garbi gordeko ziran

                oitura ain miragarriak» [1]

        Azkenengo karlistada gerratea amaitu ondoren, 1878-garren urtean, ordurako bere naiko murriztuta eukazan lege zaar ta eskubideak kendu egin eutsoezan Euskalerriari. Eta, jakiña, etzan begi onez ikusi beeratze ta murrizte ori ta biotz-minduta gelditu zirean euskaldun zintzo asko. Eta euskal-zaletasun barri ta bizi bat erne zan Euskalerrian; eta, aieneka ta negarrez, gal-zorian egoan «gure Ama euskera» salbatzeko ta indartzeko, idazlan asko egin ziran.

 

                «Bizkaia, Gipuzkoa ta gure Araba,

                eta Naparroagaz lau anai gara;

                beste aldeko irugaz batzen gareala,

                zazpirok bear dogu gaur salbau Euskara» [2].

 

        Olerki-sariketak bere asko egin ziran, orduantxe. Elizondon egin zan leenengoa, 1879-an. Eta leenengo saria Arrese Beitia Feliperi emon jakon. Saritutako olerkia auxe izan zan: «Ama euskerearen azken agurrak» [3].

        Felipe Otxandion jaio zan. Eta amairu urtegaz, Bitoriara joan zan, dibujetan eta santugintzan ikastera. Gero, etxera etorri ta bere aita arotzaren ondoan ekin eutsan lanean.

        Irudigille ona ta ospetsua izan zan. Ar-or-emen, ainbat irudi ta santu dagoz (zurezkoak eta arrizkoak) Euskalerriko eleizatan, Felipe santugiñak egindakoak.

        Ogetamar urte inguru ebazala, Aramaioko neskatilla bategaz ezkondu zan, Anjelagaz.

 

                «Bera izan zan neu legez arte eder zalea,

                bera liburu asko ebana irakurten;

                nire lumeak eskribietan ebazan letrak,

                berak zituzan borrau ta asko obetuten» [4].

 

        Sei seme-alaba izan ebezan; lau gazterik il jakeezan. Otxandion bizi izan ziran bizitza guztian, azkenengo karlistada gerratean izan ezik. Etxezalea izan zan Felipe.

 

                «O, ene baserriko bakartadetxoa!

                zu zaitut neure poz ta atsegin osoa,

                nire adimenaren eskola aundia,

                arimako onaren leku egokia... » [5].

 

        Etxezalea izan zan eta maite-maite ebazan bere emaztea ta seme-alabak. Ara zer diñon bere alaba Maria Pilartxo il zanean:

 

                «Lora eder bat atzo zan eta gaur da zimela,

                atzo zan nire poza ta gaur jat naigabea;

                atzo zan nire etxe au agaz udabarria,

                gaur bera baga au jat negu baltz illunpea» [6].

 

        Eta bere Anjela biotz-biotzekoa il zanean zer? Estu ta larri, atsekabez beterik, eziñegonez dago gure Feliperen biotz andia.

 

                «Sabel au daukat, laba bat legez, gori-goritan,

                garrak kanpora urten nai eta ezin urten;

                ok egiten deust eztarrian ta, larriak legez,

                suzko boladak asi bearko dot botaten.

 

                Urten zaiteze nire agotik suzko errekak,

                urten zaiteze, estuen-estuz, ez nadin il;

                urten zaiteze, kolkoan zuek zaituedala,

                ito gura ta ito eziñik, ai, gaur nabil» [7].

 

        Elizondon leenengo saria irabazteak adoretu eban Arrese Beitia, arexek bizitu eutson olerki garra. Eta ibilli ta ibilli, ikasi ta idatzi, geitu ta sendoagotu egin jakon olerki-etorria ta, olantxe, olerkari famaua egin zan. Aldi aretan egin ziran olerki-sariketaetan, sarri be sarri izan zan saritua.

 

        Idazlanak

        Aita Onaindiak argitaratu ebazan, Euskaltzaindiaren ardurapean, Arrese Beitiaren olerkirik geienak, «Olerkiak» deritxon liburu eder baten.

        Bederatzi zatitan banatuta dagoz olerkiak: 1) Kantu errikoiak; 2) Lirika kantuak; 3) Gora kantuak; 4) Amalaukoak; s) Eleiz-kantak; 6) Alegiak; 7) Ipuiñak; 3) Irakurgaiak eta 9) Erderatik euskeratuak.

        «Eder-zale bazara, emen ito zeinke egarri ori. Euskerazale bazara, emen ikasi zeinke nai-beste», diño Aita Onaindiak itzaurrean. Eta esan ta izan, olantxe da.

        Arrese ta Beitiaren adimen zorrotzak, irudimen biziak eta biotz andiak, era askotara ta ederkiro erakusten deusku edertasuna: izadiaren edertasun zoragarri ta itzalgarria; biotz-barruko edertasun pozgarri ta kantaria, naibagearen edertasun samingarri ta negargarria; umorearen edertasun barregari ta nasaigarria..., edertasun atsegingarria.

        Ederto erakusten deusku edertasuna, ta euskera ederrean. Euskera aldetik bere ba dogu zer-ikasi gure euskal-idazle onen idazlanetan. Euskera erreza ta aberatsa darabil.

        Ots-itz zalea dogu:

 

                «Errotak klan-klan, taun-taunka olak,

                eta pil-pil iturriak»

 

        Gauza baten anditasuna edo betetasuna adierazoteko era barriak asmatzen bere ba daki:

 

                «Poztu gindekez, pozez gaiñezka;

                pozen pozetan bere egon,

                pozik pozaren poz andiagaz»

 

        Errian entzundako esaerakaz bere, bein baiño sarriagotan, apaintzen ditu bere olerkiak:

 

                «Iñoren ardurea pago adarrean

                dagoala esan zan nozbait nonbaitean»

 

                «Ez da esaera bat antxiña aterea,

                pobrearen oiñean beti arantzea?»

 

        Adibide ta irudiak bere eundaka darabilz; ta zelakoak gaiñera!

        Bai gai aldetik, bai euskera aldetik, euskal-idazle ona dogu Arrese Beitia.

        Olerkari legez punterengoa izateko zer bat falta jako ta erri-olerkari usain apur bat daukee bere olerki askok; betegarri askogaz eginda bere ba dagoz beste batzuk [8].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Gernikako arbola:

 

        Anboto dakust triste, bai, triste,

        negarrez Oiz-mendia,

        euskaldun goiak danak diñoste

        ilten da zarra guztia;

        il zan il Lelo, il Lekobide,

        il zan, il zan Jaun Zuria,

        il ziran gure gizon andiak,

        ia il Euskal-erria;

        alan ezpada esan daiala

        arbola orrek egia.

 

        Aretx maitea, esan egizu

        euskeraz berba egiñik,

        iñoz aurkitu ete dan lur au

        taju onetan geixorik;

        autortu zaite zeu bere egon

        bazara orren sikurik,

        bazara egon iñoz orrelan

        ezkurrik emon eziñik,

        urte askogaz ukatu eta

        basengoz legez zarturik?

 

        Autortu zaite, lotsa bagarik,

        arbola entzutetsua,

        autortu zaite, etzara zu zeu

        aretx danetan santua?

        esan egizu zeure gloria

        zelan jarri dan gautua,

        nondik ta nora gaur zu zagozan

        orrenbestean galdua,

        iñoz ez izan baziña legez

        arbola Gernikakua [9].

 

       

        Udako gau oskarbi bat

 

        Zeruak zabaltzen dau

        gabeko estalkia,

        izarrezko lorakaz

        ornidu ta josia;

        erregiña bat legez,

        burdian illargia

        doa uts urdiñean,

        zidar urrez jantzia;

        ederra ete daukan

        ikusteko arpegia,

        billatu nairik dabil

        ibai sail bat geldia.

 

        Firi-firitxo dator

        aize ziri-miria,

        zizpuru bigunakaz

        esnatzera orria;

        eta lorea pozik,

        andia zein txikia,

        dago atsegiñetan

        edanaz intz eztia,

        egunak deutsalako

        emoten egarria,

        eguzkiaz sartzean

        izpi zorrotz goria.

 

        Naiz-ta goizetan izan

        barritsu bat andia,

        abian dago lotan

        gaututean txoria;

        urtenda bere etxetik,

        barriz, ontz itxusia,

        uluka ta uluka

        dabil errondaria,

        eta entzun orduko

        aren zantzo zolia,

        sasipean izartzen

        da arin ipurtargia.

 

        Mendiko txarkotxoa

        ain da murmularia,

        gabetan ak dirudi

        jende pillo andia;

        eta erretxiñolak,

        baldin iratzarria

        badago ta badauka

        kantetako aldia,

        itxita epeltxorik

        lo egoan abia,

        alegeretu oi dau

        ingurumai guztia.

 

        Ederra da, benetan,

        zeruan illargia,

        ederra, duda baga,

        izarren arpegia;

        ez da bere tristea

        ontzen ulu zolia,

        naibagegarri bere ez

        ipurtargi txikia;

        erretxiñola, azkenez,

        kantuz bada asia,

        miragarritzat daukat

        udan gau osgarbia... [10].

 

 

        Esakerak:

 

        «Guzurra ta abarra asmaurik zelanbait,

                eragiñik sarritan auzokoai gogait».

        «Nondik arrano dozu orain sarra-sarra

                dirua, gastetako non-nai firri-farra»?

        «Zelan Jaungoiko zaitu Fortuna orrek jo?

                Ez ete da sekuia gugana elduko?»

        «Ondo pentsau bagarik dranga-dranga edan,

                bero andi bategaz zelan eiten neban,

                Sagardoak ninduan Mozkorraz ezkondu».

        «Zeinbat gazte eder bere dakusguz

                arrotu eta jagirik,

                dirudiela jaungoikotxoak».

        «Ur me garbitan arraña bada beti ibilten,

                eguzkiaren izpi zorrotzak ikuturik,

                zoro-zororik dabela jolas asko egiten».

 

        [1] «Olerkiak», 18-garren orrialdean. Aita Onaindiak argitaratua.

        [2] Idem, 82-garren orrialdean.

        [3] Ordutik onakoa dogu erromantiku negartien «Ama euskeraren» leloa.

        [4] «Olerkiak», 168-garren orrialdean.

        [5] Idem, 93-garren orrialdean.

        [6] Idem, 161-garren orrialdean.

        [7] Idem, 166-garren orrialdean.

        [8] «Ezaguna da gure artean Arrese Beitia, eta eztu aurkespen bearrik: zenbait bertso beintzat, gutxi bederen, buruz dakizkigu geienok. Biotz sutsu aren garra ezta oraindik illaundu: bizi-bizirik daude txingarrak orrialde otz auetan.

        »Gaur, urteen joanak oztu gaituelako edo, ezin genitzake Arreseren olerkiak ikus orduko euskaltzaleen, eta batez ere Canpionen, begiz. Ezta Arrese munduari erakutsi nai zioten poesi-mirari arrigarria. Biotzondoa ba du, izkuntza aberatza ere bai: egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskeraz geroztik agertu den zer berezi ori, falta zaio.

        »Egia esan, poesiarako baiño retorikarako ixuri geiago zuen. Ezta ikusi besterik zein olerkari euskeratu zituen: Herrera, Valbuena, Caro, Quintana, Zorrilla. Gogokoago zuen, beretarrago nonbaitik, esate baterako, "Canción por la victoria de Lepanto" edo "La tempestad"-en itz-jario ta deada-arata, Fray Luis edo Becquer-en kantu ixillagoa baiño. Esandakoak eztu beeratzen ez gutxiesten. Retorika jatorra du, goitarra, biotz bero batek indartua. Eta euskera eder, sendo eta ugarian mintzatzen da beti.

        »Izkuntzaren aldetik ba dugu, beraz, zer ikusi Arresegan, eta beste batetik ere bai. Bertso orietan dauzkagu bilduak garai artako gogoeta, kezka, asmo eta burrukak, euskaltzale gartsu batek ikusiak eta adieraziak». (Mitxelena Luis, «Olerkiak» liburuari egiñiko kritikan. Egan, 1957, 117-garren orrialdean).

        [9] «Olerkiak», 67-garren orrialdean.

        [10] Idem, 595-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia