Azkue Eusebio Maria
1813-1873
Nor zan
«Erato, musa ederra,
arren betatuizuz
onek bertso bigunok
graziaz eta suz,
irakurri deiezan
poeta euskaldunak,
frantzez, napar ta giputz
ta neure lagunak» [1].
Esan ta egin. Graziaz eta suz beterik egin ebazan bertsoak Azkue Eusebiok, euskaldunok irakurri daiguzan.
Erri-gizon eta erri-olerkari izan genduan au, Lekeition jaio zan eta bertan il bere. Bere aita zamudiotarra zan eta urte askotan bertako medikua izanikoa; bere ama lekeitiarra.
Zamudion bizi izan zan ume-umetatik, mutil bardingoa egin arte. Gero, Latiña ta Filosofia ikasi ebazan Bilboko frantziskotarrakaz [2]. Eta, onetan, leenengo karlistadako gerratea sortu zan.
«Asi zan ordu txarrean
erritar utsen artean;
erbestekoak
euren asmoak
eukezan gu sututeko,
ta erria zapalduteko.
Amaika orduko euskaldun
neuk nebazanak ezagun,
gazte zintzoak
ta errubakoak,
gurasoentzat galdu dira!
Ta erriak...? Zorren azpira» [3]
Karlisten alderdiko gudamutil izan zan Eusebio. Gerratea amaitu zanean, Ferrolera joan zan Nautika ikastera. Eta ikasten eta itxasoan urte batzuk eginda gero, Nautika-Irakasle izan zan, Bermion, Mundakan eta, azkenez, 1861-etik asita aurrerantzean, Lekeition.
Bi bider ezkondu zan eta amabi seme alaba izan ebazan, eta oneitariko bat Resurrección María ospetsua izan zan.
Aita Uriarteren lagun andia zan eta zortziko batek arentzat egiña dirudi.
«Nai dozula, frai Jose,
zortziko barria?
Beste oin bat iminita
or daukazu erdia;
bost oin daukadaz laster,
onegaz dira sei;
eta orain zortzikoa
osorik neurtu lei» [4].
Azkue Eusebio, euren denporako olerkaririk onena dala diño Aita Uriartek.
Idazlanak
Olerki-txorta asko itxi ebazan Azkue Eusebiok. Bermioko ta Zarauzko frantziskotarren komentuan dagoz eskuidatzirik.
Euskal-mitolojiari buruz bere egin ei eban poema bat: «Euskadia».
Bere semeak, gure Azkue andiak, argitaratu ebazan, 1896-garren urtean, aren olerki mordo bat, «Parnasorako bidea» izentzat ezarririk.
Azkue Eusebio erri-gizon eta erri-olerkari izan zala esan dogu asieran. Izan bere, bertsolari eskolatua baiño geitxoago da; baiña olerkari jatorra izateko bere zer bat falta jako.
Gai errikoiak darabilz geienetan. Eta bizitzako gorabera ta jazoerak, gizonen eta emakumeen egitada onak eta txarrak, negargarriak eta barregarriak, ipuiñak eta kantak, polito baten erakusten deuskuz. Onexegaitik, oso aberatsa dogu folklore aldetik. Ikusi, esate baterako: «Gazteen batzarrak»; «Ezkontzak baserrian»; «Baserritarren erromeria»; «Arrantzaleen kantea»; eta abar.
Mitoloji-gaiak bere ba darabilz. Ikusi, esate baterako: «Apolo eta Musak».
Bertsolarien antzera, eztenkada, zirikada, bizkortasun eta gatzez egosten ditu bere bertsoak. Adibidez:
«Ixilik dirudie
kadera bikoak;
berbaz asten badira
lau kaderakoak» [5].
«Andrea da barautan
berba gurea;
baiña ordirik badago,
ituxurea» [6].
Sarri askotan, esakera zorrotzez, irudi biziz ta erriaren filosofiaz apaindurik esaten deuskuz esatekoak:
«Ondo jan, bardin edan,
eta gauza ederrak,
bearrik egin barik,
dituez alperrak.
Zintzoak jaten dabe
bedar ta lastoa,
zintzoa beti izan da
alperren astoa» [7].
Euskerra jatorra ta atsegingarria darabil geienetan [8]. Eta ba ditu onek bere, alako zer batzuk joskera ta olerki mueta aldetik.
Irakurgarriak dira gure erri-olerkari onen idazlanok. Eta berak egin eban legez, geuk bere zerbait egin daigun, beiñola biotz-minduta berak esan ebana geuk bere barriro esan ez daigun:
«Eztau Kliok ikasi
iñoz bere euskara;
istoria bakoak
euskaldunak gara.
Zenbat gauza andi
armetan emen egin dira!
Ta lumak busti barik!
Ta Klio begira» [9].
Lora eder batzuk
Gizonkeria ta gizontasuna:
Aintxinatar bat okerra,
lagunik bako gizona,
eta itsu zaar bat ezkerra,
batzar askotan egona
eta lagunentzat ona.
Batu zirean bein biak
ardantegi oskol batean;
an, gauza askoren gañean,
guzurrak asko ta egiak
iribiaten zirean.
«Neure aintxiñako guztiak,
ziñoan gizon zatarrak,
zirean odol garbiak,
gudan agintari andiak,
bakean gizon bakarrak».
Bere mosua izurturik
itsua egon zan entzuten
eta esan eban suturik:
«Eztogu euki guk itsurik,
baiña nik eztot ikusten» [10].
Maitetasun andia
Biotz bakar bat daukat,
ta milla banituz,
millak, neure maitea,
emongo neuzkezuz.
Eutsi, millak langoa,
bat, maite neurea,
eta, neurean ordez,
ekazu zeurea.
Gloria da amorea,
eldu bada berez;
mundua amoreagaz
da zerua legez.
Jesus gizonagaitik
mundura jatzi zan
gizonen ondo naiak
kurtzean il eban.
Eztaukat biotzean,
maitea, lekurik;
zuk daukazu bakarrik
guztiz beteturik,
eta neuk bere nai dot
zeurea guztia;
ezpada zetako dot
munduko bizia?
Aduak egon arren
geure aserre beti,
etzaitue kenduko
neure biotzeti(k).
Alper amaituko ezta
eguno aldia,
luzeago izango da
dodan onetsia.
Ezin jakin zinaike
neure naibagea
etzaitudazanean
ikusten, maitea.
Eztaukat nik orduan
jateko gogorik,
ez neure begietan
egoten da lorik.
Zu barik ezteust ezek
gogoa betetan,
orduan gogamenak
eztagoz ezetan.
Bakar-bakarrik nago
zeu barik munduan,
Afrikako ondarretan
leoia moduan.
Kentzen deustazuz niri
alak arimarik;
zelan biziko naiz ni
munduan zu barik?
Zu zara neure egunen
eguzki bakarra
ta gaua argituteko
illargi bearra.
Ilten banaiz, maitea,
bizi zareala,
uste dot Jaungoikoak
itxiko deustala
zeure bornuan beti
munduan ibilten,
bada ezata iñoiz gogoa
maiteantzat ilten [11].
Esakerak:
«Neure ama, atso tximurra, sorgin-landarea».
«Istar-urkulu jarri zan txarri gaiñean».
«Alperrak ezpalira lekuan-lekuan».
«Munduko surren surrik surrena».
«Buru zoro direan
andra-neskatillak,
orpo-ondorik daroez
gizon ta mutillak».
«Nai ju ju, nai ja, ja,
medikuen esana
bete egin bear da».
[1] «Parnasorako bidea». 301-garren orrialdean.
[2] Frailegeia izan ete zan, ba?
[3] «Parnasorako bidea», 194-garren orrialdean.
[4] «Parnasorako bidea», 185-garren orrialdean. Lope de Vegaren, «Un soneto me manda hacer Violante»-ren antzera eginda dago zortziko ori.
[5] «Parnasorako bidea», 55-garren orrialdean.
[6] Ibidem, 107-garren orrialdean.
[7] Idem, 109-garren orrialdean.
[8] Zamudio aldekoa ta Mundaka aldekoa naastauta.
[9] Idem, 300-garren orrialdean.
[10] Ibidem, 52-garren orrialdean.
[11] «Parnasorako bidea», 59-garren orrialdean.
© Mikel Zarate