Mogel Juan Jose

1781-1849

 

        Nor zan

        Ona emen, beste Mogel bat: Mogel Juan Jose.

        Mogeldarrak iru izan ziran euskal-idazleak: Juan Antonio («Peru Abarka» egin ebana) eta beronen loba bi: Juan Jose ta Bixenta [1].

        Juan Jose Deban jaio zan [2]. Eta bere osabearen antzera, abade egin zan.

        Abadetzarako leenengo ikastaldiak bere osabeagaz egin ebazan. Gero, Oñatiko Ikastetxe Nagusian amaitu.

        Bere abadetzako urterik geienak Markiñako Xemeinen emon zituan, berrogei urte inguruan izan zan ango parrokua-ta.

        Leenengo karlistadako gerratean, Bizkaiko diputadua izan zan eta, orrexegaitik, gerratea amaitu zanean erbesteratu egin eben.

        Abade ona ta jakintsua eta euskalzale sutsua izan zan. Eta Aita Bartolomeren antzera, argi ta garbi erakusten deuskuz aldi aretako euskeraren atzerabideak zeintzuk ziran. Ara:

        «Euskerearen zaletasun ta eraaspen puska bat daukeenak negar egiten dabee gaurko egunean ikusirik erri gitxi batzuetan bakarrik aurkituten dala berbeeta eder, ta munduko jakitun guztiak zurtu bear dituan au, bere billostasun ta soiltasun garbi, argi ta miragarrian. Beste erri askotan, ez dago belarririk entzuteko zelako erdera mordolloakaz ezainduten dabeen euskal berbetea. Parkatu daideela Bizkaiko Kura jaun askok, bada eurei ezarten deutset onetan erru andia. Erdera, latin ta beste berbeeta asko ikasten ditue txito ondo ta garbiro, ta neke gitxi bat artu ez gaitik dagoz atzeratuak euskerean. Alan gero euren sermoi ta berbakuntzeetan erakusten ditue esakune erdaldunduak. Eskoletan erderea ikasteko leloak bere ez dau onetan kalterik gitxien ekarri. Euskerea nastau ta erderarik ikasi ez; au da eskolako umeetan beti ikusi dodana» [3].

 

        Idazlanak

        «Zaletuten bagara ondo euskerara, erro zabalak botako ditu bazter guztietara, ta orduan urtengo dabee liburu barri euskerearen lora ta ondasunez beteak» [4].

        Esan ta egin, iru liburuk urten eben Juan Joseren lumatik:

        «Baserritar nekezaleentzako eskolea». Alkar-izketa baten bitartez, euskal-familia on baten bizitza azaltzen deusku. Euskal-folklore ta euskera aldetik, balio andiko liburua da. Baiña, gai aldetik, ameskeriz beterik dago, eta aldi aretako beste idazle askoren antzera, Juan Josek bere, lur ontako edertasunak ta poztasunak aintzat artu barik, geroko bizitza bakarrik dauka, sarri askotan, bere begien aurrean. Euskal-familia on orren baserri-etxeak komentua dirudi.

        «Eguneroko lan on ta erreguak Meza Santua ondo entzuteko; konfesino eta komuninoia bear dan legez egiteko prestaera ta zuzenbideak».

        «Maiatz illerako berba-aldiak». Gipuzkoeraz bere egin eban au.

        Sarri askotan gai aldetik aspergarria izan arren, euskal-idazle ona dogu Mogel Juan Jose. Bere euskera jatorra, aberatsa ta erreza da, bere aldikoen akatsakaz.

        «Osabea ala lobea, ez dakigu zein dan obea», esan oi da. Baiña emen ba dakigu zein dan obea: Osabea. Dana dala, «zer ikusi, a ikasi» eta «zelango osabea, alango lobea».

 

 

Lora eder batzuk

 

        Jazoera gogoragarri bat:

 

        Juan Kontxeak ezkondu eban seme bat, eukan guztia emonda, ta etsigi zan beragana. Baña laster ezagutu eban, semearen leenagoko berbak onak zirala, eukana atera artekoak.

        Ez eukanean zer emon, guztia zan astuntasuna ta desprezioa.

        Negar egiten eban gau eta egun, egin eban tontakeria ezer baga gelditutean, ta eskarmentuak emon eutsan ondo izateko argitasuna. Adiskide bati eskatu eutsan diru pillo bat, egun batzuetarako, ta eurakaz bere gelara sartuta, asi zan kontetan ta ots eragiten, entzungo zan moduan.

        Semea ta erreiña asi ziran, sentiuta zelata, ta poztu ziran ikusirik zenbat diru kontauta sartu zituan kutxaan.

        Urrengo egunean, itandu eutseen norenak zituan ainbeste diru, ta erantzun eutseen:

        «Nik seme bat baño geiago ditut ta daukadaz diruak gordeta, ondoen portetan jatanarentzat».

        Emendik aurrera, guztia zan aita ondo artutea: Zer gura eban, zer falta jakon...

        Il zan; ta bereala pozik joan ziran kutxara semea ta erreiña; edegi eben ta ez ebeen beste gauzarik topau, ezpada makilla trosko bat ta paper bat esaten ebana: «Nik, Juan Kontxea, azkeneengo testamentu onetan aginduten dot kutxa onetan dagoan makilla onegaz galantak emoteko, bere buruagaz aaztu ta daben guztia semeei emoten deutseen guraso eroari» [5].

 

 

        Esakerak:

 

        «Ikusiko dituzu agura makar, inoz ezetako abilidaderik ez dabeenak, edan samartu ezkero, kontetan amesezko egitada ta parrasteria guztiak. O ardaoa!».

        «Gabeko beluak ekarriko dau goiz berandua ta salto ta dantzeak biamonerako alper usaiña».

        «Ai ene! Zer da neure ariman igaroten dana?».

        «Ara emen arako zure seme galdua».

        «Nik esaten deutsudazan gauzaak ez dira zuen bildur nazalako, ezpada jakin daizun munduko barri».

 

        [1] Bixenta da leenengo euskal-idazlea, emakumeen artean. «Ipui onak» deritxon liburua idatzi eban gipuzkoeraz.

        [2] Batzuk Plaentxian jaio zala bere esaten dabe.

        [3] «Baserritar nekezaleentzako eskolea», itzaurrean.

        [4] Idem.

        [5] «Baserritar nekezaleentzako eskolea», 251-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia