Astarloa Pedro

1751-1821

 

        Nor zan

        Astarloa Paulo apolojista entzutetsuaren anaia izan zan Astarloa Pedro.

        Durangon jaio zan. Baiña au bere, Mogelen antzera, Markiñan azia dogu. «Markiñakoa da nire euskerea, antxe azi nintzalako» [1]. Frantziskotarra izan zan. Eta etzan edozein izan, itxurea. Bere liburuen leenengo orrialdean agertsen danez, «Lektore Jubiladu, Busgosko Probintziako Aita eta Kantabriako Definidorea» izan zan. Kantabriako Probintzial izateraño bere eldu zan azkenengo urteetan.

        Jakituna ta jainkozale gartsua izan genduan; bere erria maite-maite izan eban gizon zintzoa.

        Orrexegaitik egin zan euskal-idazle bere, euskaldun fededun izan zalako. Bere kristau-fede biziak eta bere erriaganako maitasunak egin eben euskal-idazle.

        Sermolari legez erririk-erri ibiilia zan.

        «Bizkaiko erri askotan predikadu dot...» [2].

        Eta Bizkaitik zear ibilli ondoren, utsune andi bat ikusi eban; eta utsune ori betetan alegindu zan.

        «Trentoko Batzar edo Kontzilioaren guraririk andiena izan zan, berak irakatsiriko fede edo siñiskerea gizon guztien ezauerara eldu eta guztiak egiatzat eukitea. Uste izan eban ez egoala onetarako modu oberik irakas bide edo Katezismo bat konpondutea baño, nun azaldu edo esplikadurik ifini zeitezan, berak irakatsi eban eta Kristiñauak jakin bear dabeen ikasbide guztia. Eta alan agindu eban egin zeitekeala irakasbide au eta artu eikiela Obispo jaun guztiak ardurea, errietako itzkuntza edo berba rnoduetara itzuli edo biurtuteko. Erromako Aita Santuak bete eben Batzarren gogoa; batu zirean gizon zur eta jakitunak eta konpondu eben jakinbide au. Geroko Aita Santuak alegin andiak egin dituez itzkune edo berba modu guztiak euki daben irakasbide au. Obispo jaun askok, eta beste gizon jakitunak, artu dabe euren ganean lan au; eta alan dakigu erreinu, probintzia eta obispadu guztiak daukela euren itzkuntza edo berba egiten daben moduan. Euskeraz bakarrik ezta iñoz agertu. Arriturik nengoan, igarri al baga, nundik etorri zatekian utsune ain andi au. Nekuzan alde batetik, Trentoko Batzarrak aginduten ebala esakune edo berba modu guztietara itzuli edo biurtu zeiteala, eta auxe beraugaitik Kalahorrako Obispo jaun askok gura izan ebela euskeraz ifini zedin. Nekian bestetik, arima-zain eta beste gizon jakitun asko bizi izan zireala bizkaitar euskaldunen artean au egin leienak. Orregaitik, ezin iñundik bere igarri al neban, nundik etorri zatekian ez iñok artu gura izana beragan lan au.

        »Ikusirik zenbat on ekarri leizan euskeraz ifiniriko Irakasbideak, atsekabe andi bat emoten eustan Trentoko Batzarren guraria geure errietan bete baga egoteak. Sarri eta sarri emon eustan neuk lan au egiteko gogoak; baña jakiteak enintzala duin onetarako, neure ezjakite, neure sortasun eta neure astuntasunagaitik, atzeratuten ninduan. Denpora luzean  egon nintzan zer egin jakin baga; baña azkenez, altsuago edo poderosoago izan zan liburu euskerazko onek ekarri al leikezan mesedeen guraria, neure duineztasunen ezauerea baño; eta alan azartu nintzan euskerazko lan aur artuten... » [3].

        Irakatsi ederra emoten deutsee euskaldunai Aita Astarloak. Irakatsi ederra eleiz-gizonai, batez bere.

        Ondo gogoratu eta bete eban Aita Astarloak beiñola San Paulok esana: Erri bakotxari berari dagokionez [4].

 

        Idazlanak

        Liburu bi idatzi ebazan Aita Astarloak. Izen-buru bardiña dabe biak: «Urteko domeka guztietarako Berbaldi ikasbidekoak, zeintzuetan azalduten dan Erromako Katezismoa. Euretan aurkituko dabe arima-zain euskaldunak, euren elextar edo feligresai predikadu bear deutsen ikasbidea; baita bere kristiñau euskaldunak zer jakin eta egin bear dabeen».

        Berrogetamairu berbaldi dira guztiz eta Dogma ta Morala azaltzen ditu. Eta gai sakonak eta ulergaitxak ulertuteko moduan azaltzen egiñalak egiten ditu. Eta orrexegaitik argia da. Begira:

        «Jaungoikoa da betikoa, betirauna edo eternoa, eztalako iñoz izaten asi eta eztalako iñoz il, amaitu edo akabaduko. Eztago beretzat ez iragorik, ez etortekorik; iragoak eta etorriko direanak, guztiak daukaz aurrean. Ezta beretzat denporarik iragoten, ezta iñoz zaartu, ez zaartuko bere. Ezta orain zarrago mundua egin ebanean baño, ez orduan gazteago orain dan baño. Beti beti dago sen baten» [5].

        Gaiak adibide bizi, errez eta politakaz jazten bere ondo daki, baserritarrak obeto ulertu deioen.

        Erri ta baserri, nekazari ta etxekoandra, neska ta mutil ta umeen bizimoduan izaten diran okerbide ta gaiztakeriak ondo, zorrotz eta garbi azaltzen ditu.

        Aldi aretako siñiskeriak bere ainbat erakusten deuskuz Aita Astarloak. Begira:

        «Batzuk uste dabe itxuski edo ginarria ate ostean ifini ezkero, ezin an sorginik sartu leitekiala. Beste batzuk gatza maian jausten bada, kañubita edo kutxiloa aoaz gora geratuten bada, edo ogia bear dan moduan edo azal azpikoagaz gora ifinten bada, gatxen bat datorrela etxera. Elexako kanpaiak zoli ots egiten badau, erri atan laster norbait ilgo dala. Martitzen eta barikua, zori deungako egunak direala; egun oneetan egiten dan gauza andi edo nagusik ezin ondo urten leikiala. Gexoa dagoan etxean katuak miauka edo txakurra zaunkaka badagoz, laster il bear dabela; umeai askonarren erpea edo onelako beste gauzaren batzuk ifintea, begizkoz egin eztaiuen» [6].

        Eta zelakoa da Aita Astarloaren euskera?

        Ondo daki euskeraz eta etorri andikoa da. Bere euskera erreza ta ugaria da.

        Baiña euskera erreza ta ugaria izan arren, landubako euskerea da-ta, augaitik, naste-borraste bat da bere ortografia.

        Gaiñera «edozale» amurratua da. Gauzak al danik argien erakutsi bearraren erakutsi bearrez, euskerazko berba baten ondoan erderazkoa ipinten dau, sarri askotan, «edo» bat bienbitartean sartuta. Esatebaterako: «Azaldu edo espliketan»; «berbaldi edo platikak»; «ilkor edo mortal» eta abar. Eta, jakiña, ainbeste «edo» gogaikarri egiten dira [7].

        Erdal-kutsua bere ba dabe Astarloaren idazlanak. Baiña au aldi aretako idazleen akatsa da [8].

        Esanak esan, ona emen, amaitzako, Astarloaren beraren eretxia: «Euskereari begiratuten bajaka, uste dot edozein Bizkaiko erritan aituko dala... Bizkaiko erri askotan predikadu dot euskeraz, eta guztietan esan deuste ondo eta ondo aitu dabeela esan dodana» [9].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Mozkorra zelan artzen dan:

 

        Kontu egizu topetan zaitudazala tabernara zoazala. Itanduko beneutsu nora zoazan, bertatik erantzungo zeusket: «Jauna, gaur jaieguna da; aste guztian egon naz bearrean eta alan noa tabernara, kuartilutxu bat ezarri, berbaldi bat egin lagun eta adiskideakaz, eta gaberako etxera». Orra zure gogoa, ona eta errazoezkoa. Sartzen zara tabernan, ateraten dozu kuartilu bat, topetan dozu adiskide bat, emoten deutsazu zeure eskutik trago bat. Besteak, zu baño gitxiago ez izatearren, ateraten dau beste kuartilu bat, emoten deutsu trago bat bere eskurik. Zuk, ikusirik besteak egin dabena, eztozu gitxiago izan gura eta ateraten dozu beste bat eta emoten deutsazu trago bat. Trago bat doa, trago bat dator; kuartilu bat doa, kuartilu bat dator. Onetan, batuten dira beste adiskide batzuk, eta denpora emotearren asten zara jokoan. Berotuten zara joko eta ardaoagaz; ardaoa doa, eta ardaoa dator; jokoa doa, eta jokoa dator. Eztakizu ez zer edaten dozun, ez ze ordu dan. Urteten dozu tabernarik gaberdian (goxaldian ezpalitz). Artuten dozu etxerako bidea estropezuka, oñak loka, burua arin, bideak kabidu ezin zaituzala. Elduten zara etxera eta orra infernua. Emazteak berbatxu bat badagi, guztia da deadarra, demoniñoa, diabrua, berba-astuna eta agirakia. Biaramonean, barriz, burua astun, gorputza nagi eta bearrerako alper. Orra zetan geratu dan kuartilutxu bat edan eta etxera denporaz joateko gogoa... [10].

 

 

        Esakerak:

 

        «Barriren barri kentzen deutse onrria proximuari».

        «Emon eutsen ondotxu edaten eta arako berorik egoanean...».

        «Umeak bearren bearren dituezan gauzetarako...».

        «Zelakoak esan deutsadazan; entzun bear baditu entzun ditu!».

        «Euren amesa bere ezta besterik nundik nora ardaoa edango dabeen».

        «Kristiñau zara, ez zeurez, ez zeure aleginez, ez zeure indarrez...».

 

        [1] «Urteko domeka guztietarako berbaldi ikasbidekoak...». Leenengo Liburuaren itzaurrean. Bere ama markiñarra zan-eta, bearbada, osabeen etxean edo egongo zan.

        [2] Ibidem.

        [3] Ibidem.

        [4] Ikusi: 1 Kor., 14-garren kapitulua.

        [5] Leenengo liburua, 34-garren orrialdean.

        [6] Bigarren liburua, 41-garren orrialdean.

        [7] Beti «edoka» dabiltzanen sermolariai buruz, begira zelako parodia barregarria idatzi eban Azkuek bere. «Jesusen Biotzaren illa» liburuaren itzaurrean:

        «Berbaldi edo "platika" onetako agerkera edo "manifestazíñoak" kondaira edo "historietan" argitaratu edo "publikata" ezpalegoz, azarkuntza edo "atrebimentu" andia dala erabagi edo "erresolbiduko" zeunkee, neure eliztar edo "feligres" maiteak, nik ain begirune edo "kortesia" gitxigaz, ain zeetazun edo "menudenzia" askogaz, aldi edo "epoca" atako jazoera edo "suzeso" agiri edo "publikoak" zueri gaur azaldu edo "espliketea"...

        Zer esango leukee orrek, iñoz Bilbora etorrita entzun baleie onelango gauzarik?: "La aurora o el "egun-senti" mostró su risueña faz o "irribarrezko arpegi" al poco tiempo de haberse metido aquellas alimañas o "pataris" en sus cubiles o "abias"».

        Nor elitzake purrustadaka asi ta kanpora nairik egongo?

        [8] «Eztiegu egundaiño gure idazle zaar oiei merezi duten aiñako ezagutza, eskerron ta jasoa izango. Ordurarte euskera errian bizi zan, bai, eta erriak nonnai sartu oi dituan ipui, esaera, kanta ta abar, ba ziran gure artean ere, dudik gabe; baiña Gorostiaga Jaunak tajuz esan duanez, «una lengua no es verdaderamente un instrumento de civilización, mientras no posea una prosa literaria».

        Idazleen bearrean zegon, bada, gure euskera. Idazleek eraman oi dute izkuntza bere umotasunera. Gauza goratuak aisa ta egoki adierazteko trebetasun ta antze ori, berek ematen baitiote izkuntzari. Zorionean, bada, etorri zitzaizkigun orain idazleok, eta saiaketa gogoangarria egin zuten gure euskera lantzeko. Lan zailla ta neketsua gaiñera, bide urratzera zetoztelako, lendanik gorritu gabeko lur-lantzeari ekin ziotelako.

        Idazleek beti ta nonnai izan oi dira jende ikasia, eskolatua eta Euskalerriko jende ikasiak —artean euskerazko libururik ezpaitzegoan— erderazkoetara jotzen zuan bere gogoaren landu-bearra betetzeko. Beraz, jende ikasi ori erdal-kutsuturik zegon osotoro, erderazko liburu ta ereduetan aziak baitzeuden denak. Eta, jakiña, erdal ereduetan azitakook, euskeraz idaztera jarri ziranean, erdal eredu oien kutsua asko edo gitxi adierazten dute, ori naita naiezkoa baita.

        Erdal kutsu ori dala-ta, etzaie beti gure idazle zaarroi merezi duten estimua gorde izan. Erdal joskera edo tajua dutela, erderakada asko sartzen dituztela, erdal kutsua alde orotatik dariotela eta eztakit nik zeinbat akats egotzi zaizkien. Eztut nik esango akats oetatik anitz egiazkoak eztiranik, baiña guztiarekin ere, idazleok ezin esan alako mesede egin diote euskerari, eta ba degu eurengandik zer-ikasirik asko. Euskeraren una ta uriña edoski ta beretu nai dunarentzat, ezin utziak dira» (Villasante, «Eusko Gogoa», 1956).

        [9] Leenengo liburuaren itzaurrean.

        [10] Bigarren liburua, 125-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia