Larramenditarren giroa

 

        «Orai ba dirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela jendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe; zeren, are bere errikoen artean ere ezpaitakite batzuek nola eskiriba, eta ez nola irakur.

        »Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latiñez, franzesez, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak» [1].

        Euskaldunak eurak dauke errua eta ez euskarak. Eta, orrexegaitik, liburu eder bat idatzi eban Axularrek. Euskal-idazleak ondo ezagutzen dabe liburu ori. «Gero» da. Eta euskal-literatura guztiko libururik onenetarikoa da. «Una de las pocas obras maestras, originales, que ha producido la literatura vasca» [2].

        Axular Naparroan jaio zan, 1556-garren urtean, Urdazubiko «Axular» baserri-etxean. Jatorrizko bere izenabizenak oneixek izan ziran: Dagerre eta Azpilkueta Pedro. Abade egin ondoren, Saran (Lapurdin) bizi izan zan, bertako erretore, il arte (1644). Eta antxe idatzi eban lapurdieraz bere «Gero» ospetsua [3].

        Arrezkero, Axularren inguruan ibilli da iapurdierazko euskal-literatura; lapurdierazkoa, batez bere; beste euskalkietako literatura bere, gitxi asko, aren inguruan ibilli da-ta.

        «Euskaldunen Ciceronen izenaz izentaurik eta aitaturik ibilli da beti Axular; bada Aita Larramendi euskaldun guztien Maixuak diñolez "bere euskerea da ederra, nastugabea, uts-garbia, ta ugaria"» [4].

        Baiña Bidasoz emendiko literatura sortuarazo ta bultzatu dauana ez da Axular izan. Aita Añibarrok goratu dauan «Aita Larramendi euskaldun guztien Maixua» izan da emengo bizkortzaillea, Bidasoz emendiko euskal-zaletasuna biztu dauan sua. Aita Larramendi izan da giro barri baten sortzaillea. «Bidasoz andiko gure anaiak eunki luze bat zeramaten gure izkuntza lantzen eta emengoak oraindik esnatzeke zirauten. Emengo euskal-pizkundeari Aita Larramendik eman zion asiera. Baiñan etzan izan, beste aldean bezala, berezko izkuntza maitasunak edo erlijiño egiak erri izkeran erakusteko leiak eragindako gogo soilla, ego-aldetik gure izkuntza eraso ta iraindu bearrez asi ziranean, biotz minberatuaren piztualdia baizik» [5].

        Aita Larramendi jesuitea izan zan; andoaindarra. 1690-ean jaio zan eta 1766-an il, Loiolan. Gizon jakituna eta zorrotza, burrukalari gartsua bere bai (eztabaida zaletasun onek eroan eban, eroan bere, okerreko bidera).

        Juan de Mariana (1536-1623), Gregorio Mayans y Siscar, eta beste jakintsu batzuek Euskalerriari ta euskerari buruz esandako «astakeriak» iratzartu eben Aita Larramendi. Eta berealaxe jagi zan (adoretsu ta umoretsu jagi bere) ezertarako balio ez eban izkuntza basati ta itxusi bat zala esaten ebenen kontra. Eta jo ta su ibilli zan lanean, gure «izkuntza eder, guri ta gozoa» goratu gurarik. Eta ekin eta ekin, euskeraren apolojia bat egin eban.

        Orixe dira bere idazlan arrigarriak; Euskearen apolojia bat. Leenengo ta bein, «El imposible vencido. Arte de la Lengua vascongada», egin eban; euskal-gramatikea da, ta ona ta sakona da. Gero, «Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin» egin eban, euskeraren edertasunak erakusteko itzaurre luze bategaz; iztegi andia da, baiña badaezpadakoa, berak asmauriko berba askogaz orniduta dago-ta.

        Goragarria da Aita Larramendi, Euskalerriaren alde zer edo zer egiten egiñalak egin ebazalako. Goragarria da euskal-giro barri bat sortu ta ainbat euskaldun jakitun euskeraz bultzatu zitualako.

        «Bizi dan artean erriaren maitale bat, bizi dan artean euskera-zale bat, bizi dan artean euskaldun benetako bat, ezta aztuko A. Larramendiren izena; A. Larramendiren izena izango da maitatua eta bedeinkatua» [6].

        Baiña, bere begien aurrean beti erdeldunak ebazala lan egin ebalako, penagarria bere ba da Aita Larramendi. Izan bere, alperreko lan asko egin eban. «Erderaz jarduki zuena euskeraz jardukitzen alegin balu..., euskerak indar aundiagoa artuko zuen berbada» [7].

        Penagarriena, berak sortu eban apolojismu giroa da, larramenditarren giroa.

        «Euskera gora, euskera bera, euskera alako edo olako, gure iraintzaleen buruzki. Eliz-literatura lekutzen badugu, gainerako guzia ortan ari dela dirudi. Neurtitzetan, rebistaetan, eta nonnai, ez da beste kezkarik...

        »Literatura mordo onen illunbea edo itzala beintzat au da: Alor edo landa medarregia artu du idazgaitako. Euskal-biziera, oiturak, ez dire bear bezain gogoan artu. Gaizki esaleen burrukapean beti ari izan gerala ematen du, ta beraz, euskera an, euskera emen, Euskalerria andik, Euskalerria emendik» [8].

        Euskera gora ta euskera beera (Larramendik legez, erderaz askok), ametsez eta arinkeriz beteko teoria barri asko argitaratu ziran: Euskera Paradisuan Jaungoikoak Adaneri erakutsitako izkuntza zala, edo Babelgo naaste aretatik urtena, Tubalek ekarritakoa...; euskera zala izkuntzarik ederrena, gozoena, lojikuena, filosofikuena...; eta abar eta abar, aibait ariñen surtara botateko abarrak geienak.

        Irakurri, adibidez, Astarloa Paulo, Durangoko abade jakitunaren idazlanak [9]. Zer? «Astarloakin, Larramendin kardoa lora biurtu zan; baiñan polenik bako lorea, lora antzu» [10].

        Euskera goratzeko ta indartzeko biderik onena euskeraz egitea da, euskerazko lan ederrak egitea. Orduan, euskera ta bere edertasunak munduratu bearrik ez da izango; mundua bera etorriko da Euskalerrira, euskerazko edertasun orrein billa.

        Orixe egin eben larramenditarren giroko idazle batzuk: euskerazko lanak egin. Eta orduantxe sortu zan gure bizkaierazko libururik ederrenetako bat: Peru Abarka.

        Ikusi daiguzan, bada, larramenditarren giroko bizkaierazko idazleak.

 

        [1] Pedro de Axular, «Gero». Espirituales Españoles. Juan Flors, editor. Barcelona, 1964. Itzaurrean.

        [2] L. Villasante, «Historia de la Literatura vasca». 81-garren orrialdean.

        [3] Azkenengoz argitaratu dan «Gero», euskeraz eta erderaz argitaratu da, sarrera luze ta eder bategaz. Lenengo notan izentau doguna da ta sarrerea ta erderatzea Aita Villasantek egiñak dira.

        [4] Aita Añibarro, «Geroko gero». «Gero» bizkaieratua. Itzaurrean. Ikusi: R.I.E.V., 14, 1923.

        [5] Yon Etxaide, «Amasei seme Euskalerriko». Itxaropena. 119-garren orrialdean.

        [6] Agirre Txomin. Euskalzale, 1898.

        [7] Orixe. «Euskal literaturaren atze edo edesti laburra». 1927.

        [8] Orixe. «Euskal-literaturaren atze edo edesti laburran.

        [9] «Apologia de la lengua vascongada»; «Discursos filosóficos sobre la primitiva lengua...»; «Plan de lenguas o Gramática vascongada en el dialecto vizcaino,

        [10] San Martin Juan. Mogel. Itxaropena.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia