Mikoleta Rafael

1611-?

 

        Bilbotarra izan zan Mikoleta, Bilboko andikien artekoa. Euskal-gramatika laburtxo bat idatzi eban: «Modo breve de aprender la lengua vizcaína. Compuesto por el licenciado Rafael Micoleta, presbítero de la muy leal y noble villa de Bilbao. 1653». [1].

        Sei zati ditu gramatika orrek:

        1) Modo breve de saber declinar los nombres vascongados.

        2) Conjugación de los verbos vascongados.

        3) Diccionario breve de vocablos, los más usados en vascuence propio, puestos por orden alfabético.

        4) Diálogo primero - Platika lelengoa.

        5) Modo de contar.

        6) Modo de la vizcaína poesía y sus versos.

        Míkoletaren gramatikea ez da orren balio andiko liburua. Baiña gure artean egin diranetatik antxiñakoena berori dogulako, aintzat artzekoa da ta irakurgarria. Irakurgarriak dira, batez bere, iztegia, alkar-izketa ta azkenengo olerki biak.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Maiteminduen poz igarokorrak:

 

        Amoren kontentuak

        eztaude irauten.

        Kanpoan lorak legez

        dira galsaiten.

 

        Lar adi bazagozaz

        fabore bateri,

        etorriko xasu

        gatxa bertati.

 

        Ta aztuten badozu

        ezto(z)u ondo eiten.

        Kanpoan lorak legez

        dira galsaiten.

 

        Alkar on baderetxe

        bertan zeloak

        penaz betetan ditu

        bien gogoak.

 

        Onegaz amoreak

        dau gogaituten.

        Kanpoan lorak legez

        dira galsaiten.

 

        Aserengo gino

        kontentu izanik,

        ezta iñor xoango

        amore ganik.

 

        Urtan biza legez

        dira xoaten.

        Kanpoan lorak legez

        dira galsaiten [2]

 

        [1] 1653-an egin eta 1880-an argitaratu zan. Zergaitik? Dirurik ezagaitik? (Zorioneko dirua). Irakurlerik ezagaitik...? Ez dakigu. Baiña, dana dala, penagarria ta lotsagarria da. Beste euskal-liburu askogaz bere, zoritxarrez, orixe berberori egin da. Penagarria ta lotsagarria!

        [2] Textos arcaicos vascos, 133-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia