Oroitzapena

 

Maite izan nituen Narkis-en ispilu emeak;

bakardade gaztearen ustekeria hutsezko grinen

zorabio liluragarriz maite izan nituen,

bakarrezko maitakeriaren ametsetan.

 

Ezjakinen ausartziaz maite izan nituen

behean, goian eta aldamenean zeuden

ispilu ito kaltegarriak...

Baina zu, maite, zu etorri zinen nirera

iluntze gorri batean

ta apurtu egin zenidan beheko ispilua

ta leize beltz izugarri bat ikusi nuen

nire behearen behean.

Zu, ene maite, zu etorri zinen nirera

goiz berde batean

ta apurtu egin zenidan goiko ispilua

ta zeru urdin eder zabala ikusi nuen

nire goiaren goian.

Zu, ene maite kutun, zu etorri zinen nirera

eguerdi zuri batean

ta apurtu egin zenizkidan aldameneko ispiluak

ta zeu ikusi zindudan

elkartasunezko maitasun berriaren bozkario gozotan.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizipenen bultzadaz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia