Agur, Jose Mari, gero arte!
Jose Mari Rotaetxe («Rotis») izan zenari,
Derioko Seminario-ikastetxeko jantokian
hainbeste ordu batera egin ondoren.
Hementxe egoten izan zara,
baina orain ez zaude
gurekin.
Hementxe egoten izan gara,
baina orain ez gaude
zurekin.
Hementxe, hotz eta bero,
barre eta algara,
zurekin egunero
egoten izan gara
hemengo mahaietan
jaten,
edaten,
elkarrizketetan...,
zurekin, ai, Jose Mari,
guztiok berriketari.
Zenbat aldiz
gure «Rotis»?
Zenbat aldiz batera
bazkaltzen,
euskara,
erdara,
zuri adarra joten,
zure apaiztasuna,
zure gizabidea,
zalduntasuna
ta irribarrea
zirelarik beti
apal eta beldurti
zuregan agertzen...?
Gure «kondea»,
gure lagun maitea,
hementxe egoten zinen zu,
baina ez zaude;
gugandik alde egin duzu
ta minez gaude.
Gure arnasestu
ta ikarak ezin sinestu...,
baina alde egin duzu,
zure hutsune mingarrak
egiten baitu
egiztatu.
Betiko ote...?
«Ez, ez, ez...»
zure fedez
zure lagunek diote.
Agur, Jose Mari, gero arte! |
© Mikel Zarate