¡Bu... enas días!

 

Garaileen ospe, indar, ohore

ta Zeus jaunaren jainkotasuna

disdiska zituen jaun euskalduna

gurerantz zetorren harro, dotore.

 

Etxe atarian «Sasihendore»,

«¡Buenos días!» maltzur eta biguna.

Nire amonaren estuasuna!

Nire amonaren lotsa kolore!

 

Eta ahal izan zuen bezala

larri eta dardar gora jasorik

bizkor eskuineko beso makala,

 

belaunbikaturik harri gainean,

«¡Bu... enas días!» esan zion apalik

gerrate ondoko egun batean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizipenen bultzadaz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia