1937, apirilak 26

 

Zeus txikiaren haundi izan gura.

Agindu eroa. Indar frogantza.

Zezen hegalarien marruma dantza.

Infernua dator gure zerura.

 

Tximist lehertuen abiadura

haserre gorritan Gernikarantza...,

hasi da, hasi da hiri triskantza

eta garrasika dago mindura.

 

Garrasi larritan ama, umea,

aitaren gorputz hil buru gabea;

garrasika txori, lore, burdina,

 

harri, ohol, haize ta su irakina;

garrasiz herrien betiko lotsa,

askatasunaren betiko hotsa.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizipenen bultzadaz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia