Txillardegi, hiriko hizkuntzaren eragile

 

        Giro berri baten hasierako idazleetariko bat denez gero, sarrera luze bat merezi du Txillardegik bere texto bat aztertzen hasi baino lehen.

        Ez dut uste orain arte euskal literaturaren edo euskal hizkuntzaren historian 1956.eko euskaltzaleen Arantzazuko batzarrea (Ikus: EUSKALTZALEEN BILTZARRA (Arantzazun, 1956-IX-14, 15 eta 16 garrenean), EUSKERA Iean, Bilbao, 1956, 163-304. orr.) aipatu denik edo, inoiz aipatua izan bada ere, garrantzi handirik eman gabe egin izan da.

        Ez dakit nik zergatik (Han izan nintzelako ni ere... ? Bihotzean zartada handi bat eman zidalako ta begiak zabaldu zizkidalako...? «Uhain berri» baten lehenbiziko bultzada izan zelako...? «Uhain zaharreko» eta «Uhain berriko» idazlerik asko hantxe ezagutu nituelako...?, baina beti izan dut interesgarritzat batzarre hori ta zeharkako aipamen bat baino gehiago merezi duela uste dut.

        Gerra zibila bukatu zenetik ez zen halako batzarrerik egin, irabazleekiko beldurrez zeudelako euskaltzaleek (Nola ez, ba, euskara galtzaile gaiztoen hizkuntza mespreziagarria bai zen ta debekatua ta zapaldua!). 1956. urtean beldur isil itoa lasaixeago zegoen (beldur isil itoa ordurako beldur itoa bihurtu bai zen) eta beharrezkoa iruditu zitzaien euskaltzaleei batzarre bat egitea guztiak elkartzeko.

        «Jardun auek zergatik edo zehaarako? Euskal urduritasuna sentitzen degun guztiok elkartzeko, edo bata bestearekin al dan neurrian urreratzeko. Denok degu yoran berdiña, kezka ta oiñaze berdiña, gure mintzoaren kezka ta oiñazea, alegia. Euskera ondamenditik gorde ta begiratu, euskera bizirik atera nai degu guztiok [...]

        »Orregatik bear zan onelako billera bat euskaltzaleen artean egin, elkar ezagutzeko, elkar berotzeko, asmoz ta jakitez jarraitzeko. Elkarrekin egotetik, bata besteakin itzegitetik beti sortu oi dira mesede ta etekin aundiak: urruti xamar bizi ziranak, edo bizi zirala uste zutenak, elkartu, urbildu edo bata bestearen usteak bide erdira ekarri. Eta danok iritzi bateko biurtzen ezpagara ere (batzuetan komeni ere ezta egingo), behintzat adiskidetu ta elkarganatu egingo gera, ta aurrerantzean lagun urkoaren usteei lotsa ta begirune geixeago erakutsiko diegu». (L. Villasante, Ongietorri-itzak, EUSKERA I-ean, Bilbao, 1956, 166. orr.).

        J. M. Barandiaran, M. Lekuona, Lafitte, Otxolua, L. Mitxelena, Villasante, S. Onaindia, J. Mirande, Berriatua, J. San Martin, A. Irigoyen, P. Altuna, Zavala, Aresti, Gandiaga, J. Azurmendi... eta abar eta abar elkartu ziren gaurko jokabide ta kulturaren lehenengo bultzada izan zen batzarre hortan.

        Hizlari batzuk erdaraz egin zituzten beren hitzaldiak. Baina ez entzule gazte batzuren salakuntzarik gabe, txistuka hartu bai zituzten haiek, euskaltzaleen batzarra hartan erdaraz hitz egiten hastean (Hain zuzen ere, euskaldunek euskaraz eta Euskaltzaindikoek ereduzko euskaraz).

        «Beraz, euskera dugu bear-bearrezkoena, leen-leena ta beste guzien gain, euskaldun bizitzeko ezinbestekoa dugulako.

        »Beste erriekin ar-emanetan bizitzeko, erdera ere bear dugu gure bizirako; baiña erdera artzeko ez dugu, iñolaz ere, gure izkuntza au ezetsi ta utzi bear. Izkuntza bat baiño geiago jakitea bear dugu gure bizirako: Euskera gure izakera berezia eutsi al izateko; erdera beste erriekin ar-emanetan ari izateko». (A. Urrestarazu, Euskera ta euskal-kulturari buruz, (Karta idigia), EUSKERA I-ean, Bilbao, 1956, 295. on.).

        Euskal idazleen garbizalekeria, herrizalekeria ta baserritarkeria salatu ziren lehenengo ta bat Arantzazuko batzarre hortan (Ikus: Lehen aipaturiko EUSKERA I-ean, 257-273. orr.). Urte asko lehenago Altubek eta Lizardik esandakoa betetzeko asmoz seguraski:

        «Aundiak dira, bai, gaur, gure izkera maite onen bizitza gaixotu au osatzeko jarkiten diran eragozpenak. Euskaldunok gure bihotzetan asmetan dogun beraganako suzko maitetasun aundiaren berotasun oso-osoa bear dau ez ilteko, Europako izkera zaarrena dogun gure euskera maite onek.

        »Baiña gure maitetasun ori, ez bedi itsua izan; maitetasun itsuegia, sarri, maite dogun gauzearentzat, laguntasun ordez eragozpen izan oi da ta, mesederen ordez kalte.

        »Maitekeri itsu orrek, euskerearen bizitza edo izatetasunaren goitik, beronen edertasuna, zelakotasuna, imini oi deusku sarri, eta zentzunbakokeri orrek bide okerretik eroan ginaikez...

        »Maitetasun benetakoak obe dogula dirausku geure euskera au ingelandatarren izkerea bezela erderatiko itzez burutik eta oiñetara josita, baiña osasun sendoz bizirik ikusi, latin izkerea bezela, eder eta txukun baiña ilda aurkitu baiño». (S. Altube, Euskaltzain berriak, bere sarrerako egunean, EUSKERA 1920-1921).

 

                «Iri nagusi, giza-erlauntza:

                zorapenezko aruntz-onuntza

                sumabearra, jakintza,

                sal-eros ekurugaitza,

                gure elkar-indarrak itzuli bitza!

                Ortzi oro ta egute oro

                jaso, ikus-ala, ta abes gozoro...

                Apaindu zernaitarako:

                agi gai adirazteko

                gizaki guzien alderdi ta asmo.

                Ta, beeko gaiok agor ezkeroz,

                Iguzkik ezin urtuzko egoz

                (Ikar-ek ez bezelakoz)

                goazeman zerura jgoz,

                izar urdiñetarañoko asmoz».

                                        (Eusko-bidaztiarena)

 

        Gero, ikerlan batzuk irakurri ondoren, euskara (zernahitarako gai izan zedin) kultura maila batetara jasotzeko biderik egokienak zeintzuk izan zitezkeen eztabaidatu zen.

        «Egiñik dagoen kultura baten aurrean aurkitzen gera; eztago begiak itxiterik. Ez gaude gure zokoan hermetiko eran sarturik. Eta kultura goragoko baten aitzinean gauden ezkero, ba-dakigu gure egingoa zein den: edo kultura ori asimilatu, edo il. Eta kultura bat asimilatzeak eztu esan nai itzak artu bear direnik, ez; itzaren azpian ta sakonago datza kontzeptua. Goragoko kulturak dakarzkian kontzeptuak, oiek guganatu bear ditugu. Kontzeptu oiek, kanpotik ekarritako itzekin edo euskal sustraiezkoekin bear ote diran adirazi, ori beste auzi bat da. Bearbada, batzuetan bide bat, eta, besteetan beste bat jarraitzea izango da onena.

        »Antziñatik erakutsi digu euskerak kanpoko gaiak asimilatzeko duen indarra. Bearbada, indar orri eskerrak iraun du egun axte. Latiñetik batez ere eta erri-bidez artu duenaren ezaugarriak markaturik dakarzki ta. Guk ere asimilatze-indar ori ez dezagula ukatu edo aaztu. Eta burnibide estu-mearraren gaiñetik, saiatu gaitezela burnibide zabala egiten. Burnibide estua dialektuak dira, burnibide zabala, aldiz, literatur-izkuntza (la lengua literaria). Literatur-izkuntza normalizatua, unifikatua, tink ezarria eta aldakaitz biurtua. Au bear dugu euskaldunak. Erri arruntaren izkeraren ondoan, euskaldun ikasiena (euskera popular y euskera culto)». (L. Villasante, Gure eginbearrak, EUSKERA I-ean, Bilbao, 1956, 267. orr.).

        Ikusi dezakegunez, euskera batuaren arazoa ere ikutu zen: «Literatur-izkuntza normalizatua, unifikatua...». Gipuzkera osotuaren aldeko jarri zen Urrestarazu: «Ba-dugu guzti onen alboan dagoen beste auzi aundi bat: Euskeraren batasuna. Au ere ez da egun bateko lana, ta oni buruz iritzi batzuek ezagutzen ditugu. Guretzat Garitaonaindia ta Azkue apaiz jaun bizkaitarrena dugu egokiena: Gipuzkera osotuarena. Jakiña, ezin iñork iñori au edo beste iritzia indarrez arrerazi. Ontan norberak bere eskubidea izan bear, idazleak batez ere; baiña zillegi, bearra ta egoki euskeraren batasuneruntz eten gabe joan bear dugula esatea, nire ustez». (EUSKERA I-ean, 297. orr.).

        Gerratearen ondoko fenomeno nabarmen ta pozgarriaren lehenbiziko seinaleak ere Arantzazuko batzarre hortan agertu ziren, hau da, hantxe agertu ziren euskaldun berri edo ikasiak, Aresti aitzindari ta astintzaile zutelarik.

        Txillardegi bera ere euskaldun berri bat zen, eta hantxe egon zen hara bidaldu zuen karta ireki baten bitartez (Ikus: Karta idigia, EUSKERA I-ean, 245-250. orr.). Hona hemen karta hortatik jasoriko bi zati gogoangarri:

        «Osakuntza aundia bear du euskerak gaurko bizikeran gai izateko. Egia esan, eta euskeraren sufijatzeari eskerrak, berritze ederra egin diteke euskera beretik irten gabe, ta au egin bear da al denetan.

        »Bañan asmakari ta kontzetu berri ugari ekarri dizkigu zibilizazioak, oso itz bereziakin batera, ta euskera "garbia" egiteko asmoa txatxukeri utsa da, izkuntza batek ere egin ez duena, eta gure izkuntzan gertatuko ez den gauza. Zein da, garbizaleen ustean, Europako izkuntza "garbia"? Batere ez; alere, euskerak "garbia" izan bear... Baztertu egin bear dugu etimologi-arrazakeria, elburu bakartzat au artuz: euskera maitea euskaldunen mintzabide biurtzekoa.

        »Eta au lortze arren, anarkiari alde egin, eta beste erriak eta gure asabak egiten zutena arretaz aztertu. Euskera garbia etzaigu ajolik, bizia baizik. Izkuntza bizietan ez dago garbikeririk. Ain zuzen ere, erdaldunak sortu zuten euskera "garbiaren" mitoa». (247. orr.).

        «Balizko olak burnirik ez. Ala dio esaera zaarrak, eta ondo esana gañera. Beste arotan egin genezakena etzaigu ardura; gaur egin dezakegunez pentsatu bear dugu. Egin ditekena egin, eta ezin ditekena aaztu; ez dago onetaz beste aukerarik.

        »Eta gaur, nere ustez, bitara bil ditzakegu egin ditezken gauzak: 1°) Gutxiengo edo minoria bat gertu. 2ª) Euskera gaitu, batu ta osatu.

        »Bi auek lortu arte, alperrik ari gera lanean; bi auek lortu ezkero, berriz, lasaitu egon gindezke...

        »Onengaitik, auek dituzute nere aolkuak:

        »a) Nork bere aldetik euskera alik eta sakonen ikasi. Onetarako, euskaltzale famatuen lanez baliatu, antziñako euskal literatura azterkatu ta euskal erriarekin albait artueman estuenak euki.

        »b) Ba-dauden eskolak tajutu, alkartu ta eratu: aurrentzakoak eta euskaldun berrientzakoak.

        »c) Euskaltzaleen alkar-ezaguera biziagotu.

        »d) Orain ditugun euskal aldizkari ta erakundeak indartu.

        »e ) Al bada, euskal jaiak egin. Onetarako, euskal teatroa zuzpertu.

        »Pozik ikusten dugu Euskaltzaindiaren piztutzea. Erabakizkoa izan diteke oni guziari buruz Euskaltzaindiaren betekizuna. Bere bi adarrak odol berriz indarturik, abiadura ederra artu dezake, ta bi lan goragarri egin ditzazke:

        »1°) Alegiñak bere babesean zuzendu.

        »2ª) Bere aipu guziarekin eta ofizialki euskeraren batasuna zeaztu ta euskera "personala" ta euskal berrikeri guztiak ezetsi ta kondenatu». (249. orr.).

        Horra hor, bada, sarrera luze hontan labur esanda, 1956.eko Euskaltzaleen Arantzazuko Batzarrea zer izan zen. Giro berri baten hasiera izan zen, 1958.eko, 1964.eko eta 1968.eko bultzadaren gertuera. [1]

        Txillardegiren nobela bat, Leturia-ren egunkari ezkutua, 1957. urtean Bilbon argitaratua, izan zen Arantzazuko batzarrearen ondorengo frutituetarik bat.

        «Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillaxdegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit. Ez dut uste oker nagoenik eta ez nuke inolaz ere oker egon nahi. Ate joka ditugu dagoeneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak.

        »Gizaldien arteko borroka etengabea behin eta berriro kontatua izan da. Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera. Gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin ixil baino bizi bat samatzen. Begiak zabal zabalik izaten dituzte gazteek zaharragoen alde txarrak —hutsak, txorakeriak, itxurakeria batez ere— ikusteko. Badakite gainera bere dutela gazteek, zuzen ala oker, azken hitza». (L. Mitxelena, Leturiaren egunkari ezkutuaren Hitzaurre-an).

        Goazen, bada, Leturiaren egunkari ezkutua-ren zati bat aztertzera.

 

                «Oi, zein dan ituna

                beera-bear au!

                Nik ez nai eguna

                biurtzerik gau». (Lizardi)


        Gizonaren ondamendia ezagutu ezkero, nork ez du maitatuko? Pausurik bat ere eman gabe dijoazkit aeteak.

        Banoala sentitzen dut, baña nere bidea ezin ikus dezaket. Dena igarotzen zait egiñaletan, nigandik igeska gisan. Paris-aldia amaitzen ari zaidala nabaitzen dut ere, eta geldierazi naiko nuke denboraren igarotzea, arekin bai dijoa agian gizonari eman zaion gauza bakarra.

        Beste batek urrutitik ikusiko banindu bezela ikusten dut nik nere burua, uriko kaleetatik paseatzen; oroimenean ikusten ditut oraingo lipar labur eta igeskor guziak, denborak edertu, ta olerki-kutsuz arrigarriz jantziak. Eta eldu egin nai diot guziari, ikara bizian; eta bein baño geiagotan atzitu dut eskuaz burnizko eskudela, edo beste edozein gauza ta zorabio arrigarri batek astindu nau.

        Bidenabar... Illunpe batetik illunpe batera dijoan bidazti itsua naiz.

        Itzarrik egin nuen bart amest. «Sacré Coeur»eko malladian izan nintzan arratsean, eta biziro egoki gelditu an berandu arte. Aurrean, urruti-urrutiraño, Parisko itsaso argitsua, ta bere gañean zerukoa, diz-diz ere bai. Ipurtargi multzoa goian eta beian. Nere atzean, eskillara luzearen koroatzat, askotan maiseotutako eliza zuri famatua, argiz edertua. Ikuskari bakana, alafede!

        Gazte franko zegoen malladi zabalean exerita, ta ez oso gazteak ere bai, ta nik ere berdin egin nuen. Aurrean, erronka, bohemioak, edo ez dakit nik zer ziran aiek, funtzio jatorra eskeñi ziguten: kantak, olerkiak, tronpeta edo gitarra jotzea, denetatik ikusi genuen. Baita dantza arrigarriak ere neskamutil bik egiñak.

        Etzait beñere aaztuko ango giro berezi ta alaia.

        Betbetan, ura sortu zan moduan, joan egin ziran gazteak Montmartre-runtz, eta altxa egin giñan gu ere ikusleok. Penaz, alegia... Bañan, agitz alegeratuta.

        Parisko argi-itsasoak leen bezin geldirik zirauen eskillararen aurrean, urrutiko galda eskerga baten errauts epeldua bezelakoa.

        Goitik, kamiñutik, elizari so une batez egondu ondoren, itxura guzietako turistak Montmartre-runtz.

        Gaua zan.

        Tximistada bat neritzan guziari. [2]

 

        Duela hogei ta bi urte euskaldun berri irautzaile ta aurrelari batek idatziriko textoa da hori, eta gaurko euskaldun «zahar» batena dirudi hizkuntza, gai ta gaurkotasun aldetik.

        Egia esan, ba ditu (ere erabiltzean eta joskera aldetik, esate baterako) euskaldun berrien idazlanak izan ohi dituzten akats bat edo beste. Baina texto osoaren barnean huskeria bat da hori.

        Arantzazuko batzarrean esana kontutan harturik, garbizalea da Txillardegi, baina ez garbikerizalea, eta «bohemioak», «funtzio», «tronpeta», «turista» ta abar erabiltzeao konplejorik ez du; beste alde batetik, herrizalea izan arren, arrunkeria edo arlotekeriarik gabeko hizkuntza landu bat darabil (deklinabideko atzizkiak, esate baterako: «gauza», «eliza» —a itsatsi ta guzti, behar den bezala—, «kaleetatik», «neska-mutil bik», «eskuaz», «ikusleok»...), hizkuntza landu bat darabil nolako edo halako «euskal koine» bat egin nahirik euskera kultur hizkuntza bihurtzeko, ta elkartu egiten ditu, horrexegatik, bestaldeko euskalkiak eta hemengoak («dut», «agitz», «bidenabar», «multzo», «erronka», «so», «ikus» eta abar).

        «Hizkuntza gaietan eskarmenturik duenak aurki igerriko dio liburu honen egileak ez duela gutxi entzun eta irakurri. Zaharrak eta berriak —liburuetan ikusiak, ez hiztegietan—, hitz arrotz eta jatorrak, jakintza hizkuntza eta herri esaerak nahastean irauli dizkigu. Ez dut esango, ez bailitzake egia ene ustez, Txillardegik bere mintzaera zeharo eskuratu duenik liburu honetan: halako gordin antxa aurkitzen zaio, osoro heldu ez den fruituarena. Ezin zitekeen bestela izan; ez ditu hitzak menderatu, hitzekin borroka bizian ari da. Ez baititu hitz politak apainkiro elkartu nahi belarrien gozorako, hitz horien bidez adierazi baino arimaren zoko ilunetan izkutatzen diren joera eta burutapen iheskorrak. Ez baita, batez ere, inoren oihartzun, ez baita besteren ahoz ari, bere baitaren baitatik baizik». (L. Mitxelena, Leturiaren egunkari ezkutuaren Hitzaurre-an).

        Lehen pertsonan idatzia dago Txillardegiren elaberri hori, eta alde hontatik ere aitzindari dugu Txillardegi, euskaraz lehen pertsonan idatzi izan den lehenengo elaberria berak idatzi duelako.

        «Leturiaren egunkari ezkutua-n, lehen pertsonaren erabilkuntza, nobela osoan, etengabea da. Kontalaria, asmakizun edo fikzio barruan dabil. Bere ixtorioaren kontalaria da Leturia. Bere esperientzia personalak kontatzen ditu, egunkari moduan. Eta nobelaren egituran, funtzio edo zeregin bikoitza betetzen du: kontalari eta pertsonaia da. Esan nahi bait da, pertsonaia bera dela kontalaria, eta, alderantziz, kontalaria bera da asmakizuneko pertsonaia». (K. Otegi, Pertsonaia euskal nobelagintzan, Bilbao, 1976, 124. orr.).

        Lehen pertsona erabiltzean («Banoala sentitzen dut, baña nere bidea ezin ikus dezaket. Dena igarotzen zait egiñaletan, nigandik igeska gisan»), ezinegonez urduri dagoen bihotzaren arritmiaz ideiak, sentimenduak, gogaketak moldatuz, bihozkaden pareko esaldi laburrez josiz, gertaera eta kontaketaren arteko denbora (hirugarren pertsonan idazten duen kontalari orojakilearen denbora luzea) moztu egiten da ta bizitu narrazioa. Denboraren iheskortasunak Leturiari barnean ematen dion min etengabea lehen pertsonan adieraziz eta orainaldian gainera, gertaera denbora (Leturiaren gogaketa ta joan-etorrien denbora) eta idazketa denbora (ta irakurketa denbora ere bai, esango nuke) bat bilakatzen dira horrela gaurkotasun iraunkor batean.

        Idazten ari den momentuan jadanik gertatua dena (berari gertatu zaiona) ere lehen pertsonan idazten du; baina, jakina, iraganaldian: «Itzarrik egin nuen bart amest. "Sacré Coeur"eko malladian izan nintzan arratsean», «Tximistada bat neritzan guziari».

        Erabili hirugarren pertsona ere ba darabil paisaje bat edo jadanik gertatua dena (beste norbaiti gertatu zaiona ) azaltzeko: «Parisko argi-itsasoak lehen bezin geldirik zirauen eskillararen aurrean», «Gazte franko zegoen malladi zabalean exerita» (ikus joskeraren jatortasuna), «Betbetan, ura sortu zan moduan, joan egin ziran gazteak...» (ikus, berriz ere, joskeraren jatortasuna). Paisaje baten deskripzioak izan dezaken astuntasuna arintzeko edo, besterik gabe, lau pintzeladatan hura pintatu ta beste zerbait azaltzeko, aditz jokoen elipsisera jotzen du maisuki batzutan: «Aurrean, urruti-urrutiraño, Parisko itsaso argitsua, ta bere gañean zerukoa, diz-diz ere bai. Ipurtargi multzoa goian eta beian. Nere atzean, eskillara luzearen koroatzat...».

        Berriz etorriko ez den denboraren joate bizi ta azkarraren arago larri mingarria da texto horren tema. Ta lehen pertsona bakarrik ezezik, denbora hitza edo denbora konnotazio bat duten hitzak ere pilaka ditugu: «Beera-bear», «eguna», «gau», «dijoazkit asteak», «banoala», «igarotzen zait», «Paris-aldia», «igeska», «amaitzen», «geldi-erazi», «denboraren igarotzea», «dijoa», «oraingo», «lipar labur ta igeskor», «denborak», «dijoan», «bart», «berandu arte», «betbetan», «joan», «leen», «zirauen», «une batez», «tximistada bat».

        Aldiaren igarotze etengabeagatik gizonak betitik izan duen kezka ta samina agertzen dira Leturiarengan ere, Heraklitoren «panta rei» (joan doa dena) sorrarazi zuena, Bibliako Job-en «nire egunak korrikalariak baino arinago doaz, zoriona ikusi baino lehen joan dira» sorrarazi zuena, Virgilio-ren «fugit irreparabile tempus» (iheska doa berriro etorriko ez den denbora) sorrarazi mena, La Fontaine'n «le tems, le grand voleur» (denbora, lapur handia) sorrarazi zuena, ta Lizardiren «Oi, zein den ituna / beera-bear au! / Nik ez nai eguna / biurtzerik gau!» sorrarazi zuena (eta aztertzen ari garen Leturiaren egunkari ezkutua-ko kapitulu honen sarreran «leitmotiv» bezala jarria). Nobela hau idatzi zen aldi hartako existentzialismo giroaren eragina nabari da, gainera, Leturiarengan: «Illunpe batetik illunpe batera dijoan bidazti itsua naiz», «Gizonaren ondamendia ezagutu ezkero, nork ez du maitatuko?».

        Benetako denbora (gertaeraren denbora), narrazio denbora (gertaera kontatzearen denbora) eta barne denbora (irudimenezko barne denbora sikologikoa) ageri dira texto hontan.

        Batzutan, benetako denbora eta narrazio denbora berdintsuak dira edo benetakoa baino luzeagoa narraziozkoa, momentu bateko bizipen eragingarri ta gogoangarri bat azaltzerakoan gehienetan gertatu ohi den legez: «Banoala sentitzen dut, baña nere bidea ezin ikus dezaket. Dena igarotzen zait egiñaletan, nigandik igeska gisan. Paris-aldia amaitzen ari zaidala nabaitzen dut ere, eta geldi-erazi naiko nuke denboraren igarotzea, arekin baidijoa agian gizonari eman zaion gauza bakarra. Beste batek urrutitik ikusiko banindu bezela ikusten dut nik nere burua, uriko kaleetatik paseatzen; oroimenean ikusten ditut oraingo lipar labur eta igeskor guziak, denborak edertu, ta olerki kutsu arrigarriz jantziak. Eta eldu egin nahi diot guziari, ikara bizian; eta...». Zoragarria benetan irudimenezko bilekutze hori («Beste batek urrutitik ikusiko banindu bezela ikusten dut nik nere burua»), gizonak bere buruarekiko duen estrainiamendu harrigarria adierazteko. Zoragarria baita denboraren oroimenezko gelditzearen bizipen azalpena («oroimenean ikusten ditut oraingo lipar labur eta igeskor guziak, denborak edertu, ta olerki-kutsu arrigarriz jantziak»), Ubi sunt topikoaren berriztatze bat eginez (Jorge Manrique-ren «cualquiera tiempo pasado / fue mejor» bezala) eta, denboraren ikertzaile sakon izan zen San Agustinen antzera, igarotako denbora egon dagoela oraindik arimaren oroimenean aitortuz (Ikus: Obras de San Agustín, t. II, Las confesiones (Texto castellano y latino), 3ª ed., Madrid, 1955, Libro XI).

        Beste batzutan, ordea, benetako denbora eta narraziozkoa berdintsuak dira edo benetakoa baino laburragoa narraziozkoa, jazoerak azaltzerakoan gehienetan gertatzen den bezala: «Aurrean, urruti-urrutiraño, Parisko itsaso argitsua, ta bere gañean zerukoa, diz-diz ere bai. Ipurtargi multzoa goian eta beian. Nere atzean, eskillara luzearen koroatzat, askotan maiseotutako eliza zuri famatua, argiz edertua. Ikuskari bakana, alafede! Gazte franko zegoen malladi zabalean exerita, ta ez oso gazteak ere bai, ta nik ere berdin egin nuen. Aurrean, erronka, bohemioak, edo ez dakit nik zer ziran aiek, funtzio jatorra eskeñi ziguten: kantak, olerkiak, tronpeta edo gitarra jotzea, denetatik ikusi genuen. Baita dantza arrigarriak ere neska-mutil bik egiñak...». Zoragarria benetan, berriz ere, protagonistaren barneko paisajea. Hain zuzen ere, barneratu egiten du paisajea Leturiak eta bere barneko bibentzien arauera azaldu, margotu. Eta «Sacré Coeur»eko mailadian egon ziren gazteekin pasaturiko orduak bere bizitzako ilunpetan argialdi bat izan diren bezala, paisajea ere argialdi bat da gau ilunaren barnean («Parisko itsaso argitsua, ta zerukoa, diz-diz ere bai. Ipurtargi multzoa goian eta beian...», «eliza zuri famatua, agitz edertua. Ikuskuri bakana alafede!», «Parisko argi-itsasoak leen bezin geldirik zirauen...»).

        Baina «illunpe batetik illunpe batera dijoan bidazti itsuarentzat» gau itsuaren erdiko («gaua zan») tximista bat bezalakoa da argialdi hori, edo Bibliako Cohélet-ek esango lukeenez «huskeriaren huskeria eta dena huskeria». Hona hemen barne denbora, gizonaren izpirituak, gogoak neurtzen duen denbora, benetako denbora luzatu edo laburtu egiten duena («Pausurik batere eman gabe dijoazkit asteak», «Tximistada bat neritzan guziari»), gizonaren denbora («distentio ipsius animi» esaten duena San Agustin, hau da «arimaren hedakuntza»), erlojuaren orduak luzatu edo laburtu egiten dituen gizonaren denbora, Pozordu eta Minordu alegian agertzen den denbora:

 

        —Ni zu baiño luzeagoa naz, Pozordu.

        —Luzeagoa... ?

        —Bai.

        —Ez zara.

        —Ba naz.

        —Baiña ez al dakizu, Minordu, bardiñak garana? Esakerea danez: «ordua ordu».

        —Bai, baiña...

        —«Bai, baiña...», zer?

        —Esan, esan, ia, gizonei...

(M. Zarate,

Ipuin antzeko alegi mingotsak,

Bilbao, 1975, 151. orr.).

 

        Existentzialistek lau haizetara nabarmenki hedatu dituzten bibentzia horiek euskal idazle batek baino gehiagok izango zituen, dudarik gabe, eta Txillardegik baino aurreragotik. Baina idatziz azaldu Txillardegik egin ditu lehenengoz, izanari baino izanari lotuago egonik bere aldiko ideiak eta balioak erroetaraino ikusmiratuz eta hiri giroko hizkuntza batez baliatuz.

        «Ez dut esango Egunkari honen azken zatia baino ederragorik ez dela ondu euskeraz —belles lettres direlakoetatik agitz urruti gabiltza hemen—, ezta ere gai garaiagorik ez dela ukitu. Baina, baldin neure iritzia estalkirik gabe agertu behar badut, ez dut uste inoiz gure hizkuntzan entzun denik horrelako hitz larririk, horren zinezko aitorrik, horrenbesteko garraxi sarkorrik. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturiarena bezalako ibilaldirik gogo bideetan barrena». (L. Mitxelena, Hitzaurre-an).

        Baina hori egiteko, beharrezkoa zen hiri kulturaz eta hiri hizkuntzaz jabetzea. Eta nola, ez bait zegoen hiriko euskal kulturarik ez hizkuntzarik? Hiriko erdal kultura euskaratu ta euskaldundu beharra zegoen ta hiri kutsuzko euskara «berri» bat egin beharra horretarako. Ba horixe egiten ahalegindu zen Txillardegi hiri barnean lekutuz Leturiaren egunkari ezkutua: «Parisko argi-itsasoak leen bezin geldirik zirauen eskillararen aurrean», «Beste batek urrutitik ikusiko banindu bezela ikusten dut nik nere burua, uriko kaleetatik paseatzen», «"Sacre Coeur"eko malladian izan nintzan arratsean», «Aurrean, erronka, bohemioak», «itxura guzietako turistak Montmartreruntz». Baserritik hirira bakarrik ezeze, Euskal Herritik ere kanporatu egiten da, euskal hizkuntza unibertsaldu nahirik. «Leturia bezalako pertsonai batek eta bere barnean bizi duen problematikak nahi-ta-ez eskatzen du horrelako ingurune bat, ez litzake hortik kanpo (nork imajina dezake Leturia giro baserritar batetan) justifikatuko. Argi dago, gainera, autorea giro urbano hau nabarmentzen ahalegindu dela, haren jokabidea ez dela oharkabea izan. Obran agertzen diren zenbait motibok (formalistek hitz honi ematen dioten zentzuan) giro urbanoa azpimarkatzeko funtzioa dute soilik, ezin daitezke beste ikuspegi batetik esplika». (I. Sarasola, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza (Irakurlearentzat gidaria), Bilbao, 1975, 14-15. orr.).

        A. Irigoyenek proposatu zuen 1956.eko batzarreak arnasa berri bat eman zion euskaltzaleen beldur itoari ta, Irigoyenek berak esaten duenez, arnasa horrek jarri zituen euskaltzaleak giro berri baten atarian. Eta Leturiaren neguko heriotzan, Lizardiren guraria («leenaren muñak aldatu beza / baratz marra baratz berri») egia udaberritsu bihurtu zen hiriko lorategietan, euskal fenix zaharraren hautsartean. Eta lore haien itxaropenezko geroaz liluraturik, kantuka hasi zen poeta Basarteko unibertsitate berriztatuaren amets ikuspegian doinu zahar baten haizetan.

 

                Lore, loreño, lore

                lerden eta alai,

                moldearen kolore,

                forma eta usai.

 

                Ene hiriko kultura

                erditze minetan,

                moldearen mindura

                pozezko loretan.

 

                Lore, loreño, lore

                lerden eta alai,

                moldearen kolore,

                forma eta usai.

 

                Paperezko orrietan

                hiri-lore anitz,

                kale eta auletan

                hiri-lorezko hitz.

 

                Lore, loreño, lore

                lerden eta alai,

                moldearen kolore,

                forma eta usai.

 

                Hiri-lorezko hitzez

                hiriko hizkuntza,

                eragindura berdez

                loreen bakuntza. [3]

 

        [1] Ikus: Euskalzaleen Biltzarra (Bilbaon, 1958, Abenduaren 13 eta 14-an), EUSKERAn, IV, Bilbao, 1959, 93. orrialdetik 214.era; Baiona'ko biltzarraren erabakiak (1964-eko Agorrilaren 29-30), Jakin, 18, 1965, 20. orrialdetik 28.era; Euskera idatziaren batasuna (Ermua'n, 1968-ko Garagarrillaren 28-29-30'ean), Jakin, 31-32- 1968; Arantzazu-ko Biltzarrak (1968, Urriaren 3,4 eta 5-ean), EUSKERAn, XIII, Bilbao, 1968.

        [2] J. L. Alvarez Enparantza (Txillardegi), Leturia-ren egunkari ezkutua, Bilbao, 1957, 132-33. orr.

        [3] M. Zarate, Higidura berdez, San Sebastián, 1977, 106. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia