X. Garmendia eta teatro berri baten guraria

 

        GOÑI: Utz ditzagun historia horiek. Eneee... Nere ustez, orain jendea argituago dago, libertadeaz balia diteke, lehen...

        ALTZ: Lehen eta orain... Periodikoak, zinemak, prensak, telebisioak ematen diona hartzen dute oraingo gazteak ere.

        GOÑI: Onar dezakete eta gaitzets...

        ALTZ: Amaren sabeletik atera giñan bezela, gure espiritua batere bapaiñurik hartu gabe balego bai, bainan ez dago horrelakorik.

        GOÑI: Zergatik ez?

        ALTZ: Behar genukena hartzeko posibilidaderik ez dagolako. Oraingo pertsonak, periodikuetan ematen diguten janaria hartzera beharturik gaude. Hori, nahi ta ez, hala gertatzen da.

        GOÑI: Nahi dudana egin dezaket, eta ibilli gogo dudan lekutan ibil naiteke.

        ALTZ: Ibilli eta egin...!! Zu behar bada, bainan ni bezelako gehienak, soziedadeak markatu dizkigun bideetan ibiltzen gera!

        GOÑI: Madalen D. Ramonen etxera serbitzera joango balitz, soziedadeak ezarri duan lege bati jarraiki joango litzakeala uste al duzu?

        ALTZ: Dudarik gabe. Alde batetik honen aita eta beste aldetik D. Ramon. Alde batetik honen aitaren diru egarria eta bestetik D. Ramonen dirua.

        GOÑI: Bainan, soziedadea...

        ALTZ: (Garratz) Soziedadeak, zoritxarrez, hori dana onartzen duala esan edo diteke.

        MADALEN: Ni seguru nago, bizpairu urte barru ezkonduko gerala.

        ALTZ: (Madaleni eskua hartuko dio) Ez, ez... ez gera ezkonduko... D. Ramon gu baiño fuerteagoa da... (Uzten dio eskua) Ikusiko da!» [1].

 

        Poesian bakarrik ezeze, teatro berri bat egin nahiaren ahaleginak ere Arestik egin zituen lehenbizi, nahiz eta, nik uste, ez heldu jomugara [2]. Berak markatu zituen bide berriak, berak erakutsi «nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen artean».

 

        «Munduko teatroa estudiatu behar dugu, bertan zer ongi dagoen ikasi, eta bide horretatik perma eta abia» [3].

        «Atzerriko teatroa ezagutu behar da, baina ez itzuli, ez hitzez hitz itzuli. Atzerriko komediarik eztugu eman behar.

        »Metodoak eta teatroa egiteko bideak eta moduak asko aldatu dira azken urte hauetan. Modu berri hoek ikasi behar ditugu, eta gure teatroan aplikatu.

        »Komedietan eta trajedietan ikusten ditugun gauzak oso haltura guttikoak dira. Horretan ere makal gabiltza. Gaurko problemak atera behar ditugu, jenteak, euskaldun jenteak, pentsa dezan, gelditasun estatiko batean eztadin para» [4].

        «Herri hilak historian bizi dira; herri biziak etorkizunean, esperantzan, molde berrietan, mugimentuan» [5].

        «Herri bakoitzean komediak bertako euskeran eman behar dira, baina eskribitzaileak ezin eskribi dezake komedia bat mila euskera diferentetan. Euskal komediak euskera batu batean eskribitu behar dira, eta zuzendariaren ofizioan gauza derrigorrezkoa izanen litzake euskera batu hori ezagutzea. Honela, komediaren saiaketan alda liteke euskera batu hori komedia ematen den euskera bizira» [6].

 

        «Herri biziak etorkizunean, esperantzan, molde berrietan, mugimentuan» bizi dira ta Salbador Garmendia abiatu zen Arestik markaturiko bideetatik, teatro berri baten gurariak eraginik. Ez dut uste goimailara heldu zenik Garmendia ere. Baina honen obra, Historia triste bat, pausu haundi bat dugu gure teatrogintzan. Hain zuzen ere, Soroa, Altzaga ta hauen jarraitzaile askoren teatromoldeak utzi ta moldaketa berri bat egin zuen hizkuntza, tematika ta eszenifikatze aldetik, batez ere.

        Historia triste bat gizon baten, Altzibarren, historia triste bat da, ta historia triste horren kausen gogoeta. Egia, zuzenbidea, askatasuna ta maitasuna lortu nahi dituen gizon gixaxo zapaldu baten bizitza larria ta heriotza gizarte desgizatu baten atzaparpetan.

 

        «Nik ezagutu dudan soziedadea, egun guztiez ari da inozenteen eta ni bezelako miserableon kontra nik egin dudana baino anitzez handiagoak egiten; nire buruaz beste egiñez, soziedade horren kontra ariko banintz, ez nuke bat ere barnezimikorik ez eskrupulorik. Kristau izena daraman soziedade horrek plazerra du Jainko eta dirua piñazerraren euskarri eta piztgarri. Sinest baneza, ez nintzake zuek bezelakoa izango. Ez dut barkamenik eskatzen, ene ustez, ez baitut pekaturik egin» [7].

 

        Plano bitan desarroilatzen du Germeadiak tematika: konkrezioaren planoan eta teoriaren planoan, gertaera dramatikuen planoan eta gogoetaren planoan. Gertaera batzuk agertu ondoren eta gertaeren arian bertan, indukziobidez, filosofia egiten du, existentzialismu kutsuko filosofia, protesta sozialaren giroan.

        Har dezagun aztertzeko jarri dugun textua. Obraren korapiloan gaude. Altzibarrek, protagonistak, Madalenekin ezkondu nahi du. Maite dute elkar.

 

        ALTZ: Madalen!

        MADALEN: Altzibar!

        ALTZ: Maite zaitut.

        MADALEN: Nik ere!

        ALTZ: Beraz?

        MADALEN: Ez diteke!

        ALTZ: Libre danak, ba dezake!.

        MADALEN: Goñirekin mintzatu geranean, behin baiño gehiagotan esan dut pertsonak libre giñala. Zerbait esan nahi eta, defenditu dut pertsonen libertadea. Honelakorik, nere baitan, ez dut sinisten. Milla katek behartzen gaituzte. lotzen, desegiten, urratzen...» [8].

 

        Altzibarrek eta Madalenek maite dute elkar, baina eragozpen handiak dituzte maitasun hori bere bertan jartzeko: «Alde batetik honen aitaren diru egarria eta bestetik D. Ramonen dirua». Eta Altzibarren eta Madalenen egoera garratz eta larri horren sustrai sakonak determinismuaren barnean daude. Egoeraren plano konkretutik filosofi kutsuko gogoetara goaz, determinismu sozialaren teorietara.

        «...ni bezalako gehienak, soziedadeak markatu dizkigun bideetan ibiltzen gera!».

        «Behar genukena hartzeko posibilidaderik ez dagolako».

        Kapitalisten zurrunbilo boteretsuan erori beharra ta erori nahieza, zirkulo zital batetik irten ezina ta egoera horren salakuntza ausarta, horixe da Garmendiaren filosofa.

 

        «D. Ramonen fabrikan eta besteenetan teknikak eta zientziak nagusia aberastuko dute, ez langillea. Teknikak aberastasun handiak ekarri dituala nork uka dezake? Bainan bada beste teknikarik ere! Nagusiak eta bere ingurumarian dituzten espezialistak, beti gora eta gora dijoan produzioak ekarri lezakean krisisa ebitatzeko, langillea enpresaren kliente egitea pentsatu dute. Diru papera ugaritzen dute, salarioak ere bai, bainan benefizio dobleekin, berriro nagusiagana dijoa diru hori. Izan ere, kapitalista bera bait da salarioak nolakoak izango esan eta gauzeri prezioak ezarriko dizkiena. Bibienda, ekonomato, zentro sozialak, askok bestela usteko badute ere, denak dabiltz kapitalistaren inguruan: Langillea zerbait laguntzen badute ere, hamar aldiz gehiago laguntzen bai dute nagusia. Zirkulo bat da guztia: erdian kapitalista eta ingurumariko puntuak menpekoak». [9].

 

        Eta, gainera, Altzibarrek dionez, «soziedadeak, zoritxarrez, hori dana onartzen duala esan edo diteke». Eta Altzibarrek hil egiten du bere burua pastilla bat hartuz.

 

        «Neretzat bizitzak ez du sentidurik. Kosmos zabalean izar bat itzaltzea bezela da. (Ixillunea; paseatzen segituko du...) Biziak baduke sentidurik benetako bizia dalarik... Madalenekin batean bazukean noski, bainan heriotzak harenari kendu zion bezela nereari ere kenduko dio... Nere bizia frakasu bat izan da.... ken dezadan eta... kitto! Lillurarik gabeko bizitza ez da deus... Kristauek bezela sinets baneza...!» [10].

 

        Praxisetik teoriara, teoriatik praxisera, bi planoak beti tragediaren arian.

        Itxaropen gabeko etsipenez ari dela dirudi dramaturgoak, protagonistarekin batean. Baina gaurko olerkarien antzera badu zerbaiten esperantza.

 

                «Gure poetek,

                luma amorratuaz

                eta tinta garraztuaz

                idazten

                duten

                profetek,

                badute,

                antza,

                zerbaiten esperantza,

                idazten

                jarraitzen baitute» [11].

 

        Garraztu egiten du tinta Garmendiak gozoa gozoago bihur dadin, iluna argiago ikusteko, behartsuen egoera larria hobekiago salatzeko, esan nahi duena nabarmenki esanez errezago uler dadin. Konparabide batez esateko, Valle Inclán-ek esperpentoz egiten duen antzera egiten du Garmendiak ere. «Estas criaturas, feas en su triste realidad, pueden redimirse de su feo ser natural, de su desgracia de nacimiento, al pasar a la suprema categoría de criaturas de arte y ficciones de la palabra. La vida, que parece haber sido condenada —al verla tan deforme y horrorosa— a destino infernal, es ascendida, salvada precisamente al transcribir estéticamente sus horrores, al cielo de la perenne hermosura. El artista será un desilusionado del mundo y de sus prójimos, pero nunca el desesperado total, porque le queda una fe en las potencias del arte, la cual le empuja a la obra esperpéntica con todo su afán de escritor. Fe de la mejor ley, ya que se manifiesta en obra y en obras» [12].

        Ez da esperpento bat Garmendiaren obra, baina badu esperpentoaren kutsua horretan. Osterantzean, Buero Vallejoren teatro-lanen antza du. Eta bere azaleko, itxurazko etsipen beltzak itxaropen berdezko dei bat du barnean, askatasun gurariaren garraisi gorri bat.

        Historia triste bat-ek ez du komediaren arinkeria parregarririk. Sendotasunez eta seriotasunez josirik dago hasieratik azkeneraino. Eta, tragedia bati dagokionez, elkarrizketa trinkoak ditu, galderaz («zergatik ez?», «soziedadeak ezarri duan lege bati jarraiki joango litzakeala uste al duzu?»), baieztapen gogorrez («oraingo pertsonak periodikuetan ematen diguten janaria hartzera beharturik gaude», «dudarik gabe»...), bihotz barne irakinean sorturiko exklamazio hasperentsuz («ibili eta egin...!», «ikusiko da!») eta baina-zko kontraesanez korapilaturik («amaren sabeletik atera giñan bezela, gure espiritua batere bapaiñurik hartu gabe balego bai, bainan ez dago horrelakorik», «zu behar bada, bainan, ni bezelako gehienak soziedadeak markatu dizkigun bideetan ibiltzen gera!», «bainan, soziedadea...»), bizitza ta bizitzaren problematasuna hizkuntzan ere ager araziz.

        Ahoz-ahozko elkarrizketetan gertatzen den bezala, anakolutozko edo anakoluto gabeko esaldi laburrak darabilzki Garmendiak, maisuki orraztu ondoren. Hain zuzen ere, teatro-lan bat esateko izaten da, batez ere, errepresentatzeko, eta ez irakurtzeko. Baina, jakina, gaiari ta gaurko kulturari dagokionez, goi mailako elkarrizketa kulto bat darabil, gipuzkera lapurdieraz kutsatuz euskara batu bat egiteko gogoak eraginda.

        Eta horrela, nahi genuen bezalako teatro berri bat egin ez badu ere, euskal teatro zaharra krisisean jarri du Garmendiak eta berrirako bideak ireki ditu.

 

        [1] Salbador Garmendia, Historia triste bat, Euskal elerti 69 bilduman, Donostia, 1969, 283. orr.

        [2] Lau teatro arestiar liburuan (Donostia, 1973) daude bildurik Arestiren lau teatro-lan.

        [3] Gabriel Aresti, Nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen artean, EUSKERA, VII, 1962, 286. orr.

        [4] Ibidem, 287. orr.

        [5] Ibidem, 287. orr.

        [6] Ibidem, 287. orr.

        [7] Historia triste bat-ean, hirugarren agertaldian.

        [8] Historia triste bat, bigarren gertaldian.

        [9] Historia triste bat, bigarren gertaldian.

        [10] Historia triste bat, hirugarren gertaldian.

        [11] Argitaraturik gabe dudan nire liburu batetik jasoa.

        [12] Pedro Salinas. Literatura Española Siglo XX, Madrid, 1970, pág. 100.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia