B. Gandiaga ta aliterazioaren indarra
Expresio-bide bezala aintzinatik erabili izan den erretorikako figura bat dugu aliterazioa.
Hots-hitzen elkartze bat bezala egiten da aliterazioan. Esaldi batean letra berdin bat alderreskan erabiltzea da aliterazioa, irakurtzerakoan hots berdina behin eta berriz eginez, zerbaiten edo norbaiten hotsa adierazi bakarrik ezeze, imitatu ere egiteko. Baita egoera baten estutasun lakarra edo lasaitasun leuna adierazteko ere erabiltzen da.
Baina expresio-bide bezala erabili ezik, itsusikeria bat da aliterazioa, eta aho-korapilo parregarri legez erabiltzeko bakarrik balio du: «Amak mama ta mamina eman dio memeloari», «Kanbon palangak pagoz», «iputz-apezak istupez atorra».
Ikusi ditugu Agirre eta San Martinen aliterazio batzuk:
«Ezti gabeko erri beltz latz eta garratza».
«Eltxo gogaikarrien zunburruntxoa».
«Ugarian igariz».
Begira nola darabilen maisuki Manuel Lekuonak ere:
«Tiriki-tauki-tauki,
malluaren otsa...
Gaur gora nai nukela
nik Gabi-arotza,
bai burni-arotza
malluaren otsa.
Tiriki-tauki-tauki
Olaren durunda
gure ibar-zelaietan
noiztandik entzun da?
Noiztandik entzun da
Olaren durunda?».
Basarri bertsolariak Gernikaren hondamendiari egindako bertsoetan ere argiro dakusgu aliterazioa ta aliterazioaren indarra.
«Kanpantorreko izkillak azi
ziran dinbilin danbala;
goiko piztien motor durrunda
entzuna zan bereala;
emakume ta ume gaisoak
kurriska zeriotela,
eriotzari iges nairikan
nora jo etzekitela».
Eta azkenengo adibide legez, aliterazioz jositako olerki bat, Gorka Trintxerpek oraintsu egindakoa, askatasun eskeko oihua, kaiola barruan dagoen txoriaren garraisia, trenaren ritmoan adieraziz.
«Txoko txiki txukuna
txoko txiki txukuna
txori etxe kaiola;
zoko zikin zakarra
zoko zikin zakarra
askatasunik bada
nahiago du txoriak.
Txio dio txoriak
txio dio txoriak
askatzeko eskatzen
askatzeko eskatzen
askatzeko eskatzen
txio txoriarena
txio txoriarena.
AskAtAsunArenA!!
Garraisia ikaragarria
garraisia harrigarria
garraisia beldurgarria
burninaren garraisia
beldurraren burdina
ikarari gordina
hotzikara berdina
joan ote gure trena
itzuliko ez dena
AskAtAsunArenA!!
Txio txoriarena
txio txoriarena
txio txoriarena
zilarrezko kaiolan
gure lantegiko olan
makinaren soinuak
diruaren orroak
aberatsen gogoak
ia estali dutena
txio txoriarena.
AskAtAsunArenA!!
Betor betorgu trena
betor betorgu trena
betor betorgu trena
betor betorgu trena...».
Bitoriano Gandiagak ere hainbat bidar darabil aliterazioa bere olerkietan, eta maisuki erabili ere.
Gorka Txintxerperen olerki horren antzera, aliterazio egoki ta indartsuz moldaturiko olerki bat du, orain urte asko egindakoa. Irakur dezagun.
Zarpil
Zarpil...
geure bizitz zarpilla letz,
zarpil elorria,
bere betiko samin zaarraren
bere karraxia.
Arkaitzean,
geure bizitz zarpilla letz,
bigurri ta nabar,
arrats-beerako laru aurrean,
lander eta bakar.
Lander eta bakar,
zarpil,
bere biziko zarraski,
milla naigabek ondamendua,
ez lora bat et'ez orri,
etsi, t'ezin etsi,
lakar t'errukarri,
apal ta urratu, joran ta larri,
arkaitzeko antsi,
samin zaarraren betiko erpe
tartean, bigurri,
neguko elorri,
gorri ta laborri,
geure bizitza zarpilla legez,
zarpil maitagarri» [1].
Lehenbizikoz irakurri nuenean olerki hori Bibliako Eclesiastés, Job, Jeremías eta San Agustin, Pascal eta existentzialistak etorri zitaizkidan burura. Hain zuzen ere, beste askoren antzera, bizi izan du beregan Gandiagak bizitza neurtuaren mugak eta esturak sortzen duten ezinegona ta larria.
«Zein laister betetzen
garean ez-deuzez.
Zein laister ustutzen
garean ain errez.
T'ez-baiez ta urduriz
ta aduz ta alaxez,
jorantsu zein laister,
beti be, ta ain berez.
Eziñen ateetan
betiko eskale,
gurari miñenak
ezin ditut bete.
Usteak zein ustel...!
Aizeteen mirabe,
ames bakoitza jat
lillura ta neke» [2].
«Gaur oso zabaldua dago bazterretan literatur-mota bat: gizonaren zoritxarraz, bizitzaren ulerteziñaz eta eriotzaren tajugabeaz mintzo zaiguna, alegia. Gure olerkariak eztu joera ori begien bistatik galdu, baita bizitzaren aitzinean berak artzen duen jokabidea oso da ezberdiña. Ez al da bera kristaua, praillea, apaiza, ta San Frantziskoren semea, gaiñera? Fedeak erakutsirik, ba daki bizitzaren misterioari erantzupen arraia ematen. Fedeak, ordea, eztu gizonaren izatea ukatzen edo ez ikusi iduri egiten. Gizona, den bezalakoa, aintzat artzen du, bere jaidura eta griñekin: ots, lurtarra, aragikorra, baiña baita ere joran azkengabeen jabe. Eta fedearen argitan aurkitzen du olerkariak giza-bizitzaren misterioa zabaltzeko giltza.
Orregatik edo, liburuak bere gain-estalkian iru kolore daramazki. Beltz: bizitzako oiñaze eta miñen adierazle. Urdin: bizitza, bizitza danez eta beste gabe, pozgarri baita. Eta zuri: graziazko izaeran bizi dan gizasemeak Jainko berbera duelako bere baitan». (Luis Villasante, Elorri-ren Ataria-n, Oñate (Guipúzcoa), 1962, 10. orr.)
Gandiagaren Elorri liburuaren lehen zatian agertzen da Zarpil, gain-estalki bezala kolore beltza duen partean.
Elorri lakarra hartu du olerkariak giza-bizitzaren iruditzat, arantzez josia egoten den elorria, elorri zarpila, zahar pila. Eta melodiaren tema bezala darabil olerkian behin eta berriz.
«Zarpil...,
geure bizitz zarpilla leu,
zarpil elorria».
Eta adieraziari dagozkion adierazle egoki ta jatorren forma indartzeko, formaz ere bizitzaren lakartasun gogorra edo gogortasun lakarra adierazteko, aliterazioaz baliatzen da, erre gogorraren gogortasunaz.
«Lander eta bakar,
zarpil...
lakar t'errukarri,
apal ta urratu, joran ta larri,
arkaitzeko antsi,
samin zaarraren betiko erpe
tartean, bigurri,
neguko elorri,
gorri ta laborri,
geure bizitza zarpilla legez».
Zati hortan, i vokala ere karraixiaren hotsa adierazteko aliterazio bezala darabilela Gandiagak esan genezake.
Giza-bizitzaren estu ta larriaren ezinegona ta atzera-aurreraka etsipendua adierazteko ere aliterazioaz baliatzen da, ta rr, ts, s ta zren hotsak pilakatu egiten ditu. Gainera, apostrofoak jartzen ditu, adigarri berezi bezala hauek ere.
«ez lora et'ez orri,
etsi, t'ezin etsi,
lakar t'errukarri».
Hiru ahapalditan, bertso ezberdinezko hiru ahapalditan banaturik dago Zarpil, eta tituluaren azalpena dira ahapaldiok, geroago ta zehaztasun gehiago emanez, bertso laburrak, rimak eta aliterazioa ugarituz eta ritmoa bizkortuz. Eta azkenean, bertsolariek azken puntuan egiten duten antzera, kontraposizio gozagarri bat jartzen du Gandiagak, gizonaren barne muinetako sakon-sakonean pil-pil dagoen bizi nahia agertuz ta olerkiaren lakartasuna leunduz. Hain zuzen ere, «bere betiko samin zaarraren bere karraixia» izan arren giza-bizitza, «bere biziko zarraski, milla naigabek ondamendua» izan arren, maitagarria da, hala ere, bizitza. Zahar aski, zahar pila izan arren, maitagarria da lurreko bizitza hau, beti lurrezko ta izpirituzko bizitza «elorritsu» hau.
«Lurrean bai,
lurrean bizi naiz.
Lurrean dut bizi gaia
eta bizi lekua.
Lurrean zutitzen naiz goiz oro
lurreko arbolen artean, lurreko gizonen artean,
lurreko abereen artean,
eguzkiaren, euriaren edo lainoaren
azpitan aritzeko.
Lurrean bizi dut
lurraren esistentziaz
ohar arazi ninduen
bizitza;
lurraren zurrumurruetara
begi eta belarri zabalez
ernai jartzen zaidan bizitza;
lurreko esistentziaz
kezka arazten nauan bizitza;
pentsakor eta aztertzaile
zerura begira geratzen zaidan bizitza» [3].
Labur-labur esateko, elorriaren (bizitzaren) aliteraziozko atributuz jositako olerkia dugu Zarpil.
[1] A.B. Gandiaga, Elorri, Oñate (Guipúzcoa), 1962, 40. orr.
[2] A.B. Gandiaga, Olerti-n, 1967, (III-IV), Bilbao, 1967, 6. orr.
[3] B. Gandiaga, Hiru gizon bakarka, Bilbao, 1974, 186. orr.
© Mikel Zarate