Azterbideak

 

        Literatura textuak aztertzea modan jarri dela gaur leku guztietan esan genezake. Azken urteotan hainbat liburu argitaratu dira gai hortaz. Baina ez dut uste bat ere argitaratu denik euskaraz.

        Literatura textu bat ondo aztertzeko maiz irakurri behar zela esaten zuen Leo Spitzer-ek. «Irakurri, irakurri ta irakurri», esaten zuen. Eta egia da. Lehenengotan ikusi ez diren gauza asko ikusten dira bigarren aldiz irakurtzen denean textu bat. Eta hirugarren irakurtaldian gehiago oraindik. Eta irakurri aurretik literatura munduan jakituna izanez gero, askoz gehiago, jakina, azalean eta barnean, Dámaso Alonsoren Poesía española-n ikusten denez.

        Lázaro Carreter-ek eta Correa Calderón-ek metodo bat egin dute textu azterketarako ta sei ikuspuntu jartzen dituzte literatura textu bat ondo azaltzeko:

 

        1. Astiro-astiro irakurri textua ta hitz ezezagunak hiztegi batean ikusi.

        2. Textua lekutu, hau da, zein idazlanetan agertzen den jakin eta zein aldetan.

        3. Gaia zein den eta nola adierazten den ikusi.

        4. Textuaren egitamua, estruktura aztertu, hau da, idazleak textua nola eratu, moldatu duen ikusi ta erakundearen zati bakoitza bereiztu.

        5. Adierazleak (hitzak, esakerak...) aztertu; ikusi ea gaiari dagokion forma duen textuak ala ez, adierazpide egokiak dituen ala ez.

        6. Konklusioa.

 

        Aguiar e Silva-k, ordea, beste azterbide batzuk jartzen ditu. Idazlearen lurraldea ta idazlearen aldiko historia ta literatura giroa, idazlearen ikasketak, idazlearen asmoak, gaiaren iturriak eta abar ezagutu behar dira lehenbizi, haren ustez. Estruktura handiak eta txikiak, adierazleak eta adieraziak aztertu gero. Ta, azkenez, idazlearen alde ta aldiko gizarteratu, hau da, textuak alde ta aldi hartako erlijio, politika, filosofia, literaturaz... duen zerikusia aztertu.

        Galdera hutsezko eskema bat jartzen dute beste batzuk:

 

        1. Nork idatzi du textu hau? Nongoa zen? Zer zen? Non idatzi zuen? Noiz? Zertarako?

        2. Zein da gaia? Zeintzuk dira textu hontan agertzen diren pentsamentu ta sentimentuak? Beste idazleren batek ere erabili ote du gai hau? Nola? Zeintzuk dira hemen agertzen diren pertsonaiak? Zeintzuk lehenengo mailan ta zeintzuk bigarrenean? Literatura argazkirik ba ahal dago textu hontan?

        3. Alde ta aldia nola azaltzen ditu idazleak? Pertsonaiei dagokienez ?

        4. Hizkuntza landua ala herrikoia darabil idazleak? Erreza ala zaila? Pertsonaiei dagokiona ahal da? Argi ala ilun idazten du? Esanahi bat ala gehiago ditu textu honek? Irudi bidez azalduta ahal dago gaia? Ba ahal dago beste adierazpiderik: hots-hitzak, hitz jokoak, metaforak, konparabideak...?

        5. Alde ta aldi hartako hizkuntzabideak, hizkuntzalegeak eta hizketa aldatu egin ahal dira?

        6. Zein da zure erabateko azken iritzia'?

 

        Eta, azkenez, lehen aipatu den idazlantxoan J. Intxaustik jarri duen metodua:

 

        a) Mugarriak. Lau unetan osatzen dut nik. Bakoitzak bere betekizuna du.

        1. Irakurri. Geldiro egin behar zaie mutilei. Arreta guziz. Sentidu guzia gordeaz. Beharbada ez dira denaz jabetuko, baina hau urrengo puntuan zuzenduko da. Hemen aski zaigu ongi irakurtzearekin.

        2. Uler-arazi. Ez du fitsik gelditu behar ilunpetan. Dena, osorik, atzeman behar da: hitzak, esaerak... Ez da esan nahi, derriorrez, literatura-irudien zergatia ikusi behar denik. Aski da poesi-atala bere literaltasunean konprenitzea.

        3. Poesi-mundua sortu. Komentario honetan, hau da momenturik garrantzitsuena. Hemen jarri behar ditu irakasleak gogo osoa, bere etorri ta ahalmen denak. Izpiritu gazteak eskutik eraman behar ditu, bere bihotzaren eder-taupadak suma araziaz, edertasuna hunkitzera. Komentario une hau da bereziki eder-izadian esna arazteko berebizikoa. Zeregin hau betetzen badu (ez, noski, lehenen ahaleginarekin), lortu du nekezena.

        4. Berriro irakurri. Irakaslea deklamatzaile ona balitz, hainbat hobe. Leitu ondoren, deklamatu egin dezake orduan. Ez du olerkiak eta edertasunak ezer galduko, asko irabazi baino. Komentarioaren ostean askozaz ere kapazago dugu gure mutila olerkiaren eder-balioa dastatzeko: orain, ideia ta sentipenak bat eginda, beren osotasunean ikusiko ditu.

 

        Horra hor, ba, azterbide batzuk textu bat aztertzeko ta komentatzeko. azterbide ezberdinak. «En crítica literaria no existe ninguna regla de oro que nos permita acertar con toda seguridad. Ninguna lectura, me parece, puede agotar un texto en cuanto posea una mínima categoría artística. La obra literaria posee una multiplicidad de niveles; de ahí su riqueza inagotable. El crítico literario, en fin, también es un hombre, y su comentario de un texto reflejará necesariamente no sólo sus conocimientos sino también su formación, su sensibilidad, su individualísima actitud ante la vida y la literatura. Y el lector del libro, en definitiva, juzgará cada uno de estos comentarios desde su personal perspectiva. En resumen, pues, a lo castizo, que cada palo aguante su vela». (A. Amorós en el Prólogo a Comentario de textos, 2, Madrid, 1974, pág. 12).

        Nik ere neure erara irakurri ditut textuak, neure neurriz aztertu, eta ez dut azterbide berezirik erabili.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia