Tutulu

 

Asto asko dagoz Ekidazun (non ez?). Bat, ostera, Tutulu, danetarik astoena.

        Egia esan, bera aurrean dagoanean, Tutulu esaten deutse berari baiña, bera aurrean ez dagoanean Kirten, Kaiku, Tenteltzar eta olakoak esaten ditue ekidazuarrak berari buruz.

        Kirten kaiku tenteltzar aundi bat da Tutulu, izan ere, eta kirtendu, kaikutu eta tenteldu egiten da edozein ordutan eta edozer gauzagaitik. Eztabaidaren bat sortzen danean batez ere.

        — Bai.

        — Ez.

        — Baietz, ba Tutulu!

        — Ezetz, ba!

        — Neu egon naz antxe bertan baiña!

        — Bardin da.

        — Egia dala, ba, Tutulu! Olantxe da.

        — Ez da.

        — Zergaitik ez da, ba?

        — Axegaitik.

        — Baiña...

        — Ez dago baiñarik.

        — Baiña entzun egizu, ba, leenengo neurea, zeurean itsutu, barik.

        — Eta zergaitik ez zeuk leenengo neurea?

        — Zurea zer?

        — Axe.

        — Ez zaitez berotu. Neu egon naz antxe bertan eta...

        — Zer?

        — Ba, ikusi egin dot.

        — Zera ikusi dozu!

        — Bai, eta zuk baiño obeto dakit, orrexegaitik.

        — Zera dakizu zuk!

        — Badakit.

        — Ez dakizu.

        — Zergaitik?

        — Axegaitik.

        — Errasoi galanta! Jakiña: ibilli ere astakirtenekin nabil ni eztabaidaka ta...

        — Kontuz gero e! Kontuz zer esaten dozun.

        — Astakirtenekin nabillela.

        — Astakirtenekin zeu ibilliko zara, zeu. Entzun dozu.

        Orra or, Tutuluren zuurtasuna. Besteari astakirten esan naiaren esan naiaz, bere buruari esan.

        Jakituntzat dauka bere burua Tutuluk, eta beste bein ere ikaragarrizko eztabaida bat sortu eban eguzkiaren eta iretargiaren balioa zala ta ez zala.

        — Kokolo aundi batzuk zaree danok. Orixe. Kokolo aundi batzuk. Besterik ezer ere ez. Ez aal zaree konturantzen bearrezkoagoa dogula iretargia? Eguzkiak egunez egïten dau argi, bear ez danean, baiña iretargiak gauez, argia bear danean. Ikasi, ikasi leenengo ta gero egin berba.

        Bere seme gazteagaz ere eztabaidaka ibilli zan leengo egun baten. Eta azkenean asarretu egin zan Tutulu.

        — Zoaz, zoaz nire inguruetatik nora edo ara.

        — Zergaitik?

        — Kendu zakidaz nire ondotik, mesedez, ostikadaren bat emon ez dagitsudan.

        — Baiña zergaitik, aita?

        — Joateko, ba, astakume ori!

        — Zer da astakumea, ba, aita?

        — Astakumea? Kokolotzarra! Zer izango da, ba? Astoaren umea, seme, astoaren umea.

        Naiz eta irakurtzen dauanetik erdirik ulertu ez, badaki irakurtzen Tutuluk. Arrantza egiten bakarrik ezeze, irakurtzen ere ikasi eban, ainbeste urtetan eskolara ibilli ondoren.

        Alegi-liburu batzuk ekarri eutsozan, leengo egun baten, bere adiskide batek: Esopo, Fedro, La Fontaine, Iriarte, Samaniego, Hartzenbutz, Alegizale, Mogel, Iturriaga, Uriarte, Zabala...

        Betaurreko barriak erosi, ta beingo baten irakurri ei ditu alegi-liburuok. Eta irakurtzen-irakurtzen ebillelarik, auxe esan ei eban arrantzaka: «Ba! Pitxikeriak, umekeriak, uskeriak...». Gero, kilikolo egoan mai baten anka bat bardindu eban liburu bat eta erdiaz, ta gaiñerakoak jesarlekutzat erabiltzen ditu.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia