Ezi arren...

 

— Bai. Denpora askoan ibilli nintzen orretan baiña, azkenean lortu egin nuen gura izan nuena —esan eban orduan, arro-arro, Otsok, buztanari eragiñez.

        — Ondo bai gero? —erantzun eutson Azagarik, irribarre maltzurrez.

        — Oso ondo, Azagari.

        — Katu bat ezitzea ez da gauza erreza, ba, Otso. Domestikatzaillerik onena izan arren ere...

        — Erreza ez baiña...

        — Eta geldi-geldi egoten jatzu?

        — Zirkiñik ere ez dau egiten. Estatua bat legez egoten da. Benetan! Jakiña, jo edo olan egin ezkero...

        — Ez, ez. Ikuturik egin barik.

        — Baietz, ba! Naiz ta siñuak egin, naiz ta zarataka ibilli, berari ikuturik egin ezik, geldi-geldi egoten da, taketa legez, eskuetan kandela bat daukalarik. Ikustekoa da.

        — Izango da baiña, ezin dot siñestu.

        — Siñestu ez? Zatoz geurera egun baten. Erdu afaltzera.

        — Bai. Baiña postura egingo deutsut joan baiño leen.

        — Zer? Geldi egon ezetz katua?

        — Bai.

        — Baietz!

        — Ezetz!

        — Zer jokatuko dogu?

        — Zeuk nai dozuna.

        — Afaria?

        — Ederto!

        — Baiña ikuturik ez egitekotan gero katuari berari.

        — Bai, bai. Nik ez deutsat ikuturik egingo. Egon nasai.

        — Ba!

        — Ba!

        — Eginda dago.

        — Noiz joango naiz afaltzera?

        — Gura badozu, gaur bertan ere bardin.

        — Ze ordutan?

        — Illuntze aldean, edozein ordutan.

        — Gerora arte, ba, otso. Galdu egingo dozu posturea. Segurutik.

        — Galdu? Orixe ez. Irabazi egingo dot. Gero ikusiko dozu. Gerora arte.

        Esan ta egin, Otsoren etxera joan zan Azagari afaltzera. Gogotsu ta pozik joan ere, posturea irabazteko ustetan.

        Prest egoan dana Azagari ara eldu zanean. Eta afaltzen asi ziran berealaxe.

        Bildots bat atara eban Otsok beretzat, eta oillanda bat Azagarirentzat.

        Mai gaiñean egoan ezitako katu ori, jesarrita eta zutunik, katuak egoten dakien lez, Azagariren eskoi aldean. Geldi-geldi egoan, argi ontzi bat bezela, bere eskuetan kandela bat ebalarik, biztuta.

        Siñu nabarmen eta ganorabako zarata batzuk egin eutsozan Azagarik. Baiña ez eban ikararik egin argilari zintzoak.

        Barre purrustadaka asi zan orduan Otso. Azagari, ostera, eztulka asi zan.

        — Okerreko zulotik sartu jat azurren bat, antza —esan eban, eztul eta eztul, Azagarik.

        Eta moko-paiñelu bat atara eban, beingo baten, boltsatik.

        Artegatu egin zan orduan katua pizka bat, eta usainka asi, surpeko ule luze banakei gora ta beera bizkor eragiñez.

        Otso ere isildu egin zan eta urduritu, bere katu kutuna alan ikusirik.

        Irribarre maltzur bat ito eban Azagarik bere barruan.

        Geroago ta urduriago egoan katua..., ta, bat-batean, kandelea bota, ta Azagariren plateraren ondoan larri ta estu ebillan saguarengana joan zan...

        Barre purrustadaka asi zan orduan Azagari.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia