Serbitzarien serbitzari

 

                    «Erdoi baltzezko burdin-arantza

                larra inguruko elorri;

                zeru urdiñez bero orizka,

                larran lur lakarra gorri.

 

                    Bedar berdeak, bedar guriak

                erre egin dira, erre;

                ardi otzanak Matxinen larran

                aserre dagoz, aserre.

 

                    Txutxu ta mutxu, ixi ta mixi,

                aserrearen bildurra;

                gizen ta mizen, nasai ta masai,

                aurrean daben txakurra.

 

                    Zuri ta gorri, gorri ta zuri,

                estukuraren kolore;

                bildor itoa leer indartsu...,

                berealaxe adore».

 

— Txakur jauna! Sumindurik eta samindurik gagoz atsekabearen atsekabez, eta guztiz nekaturik. Itota gagoz esparru onetan eta gorriak ikusten doguz lur gorri lakar onen agortasunean. Ez aal dago beste landarik, beste bedarlekurik, beste barrutirik, nasaitasun aundiagoz bizi izateko? Esparru ito onetan bizi izango aal gara beti?

        Zure eta gure ugazabarengana joatea nai dogu, argi ta garbi egia esatera. Gure bildotsak, gure artille, gure esne, gure aragi..., emoten deutsagu. Gure bizia emoten deutsagu. Ta zer emoten deusku berak? Gure esparrutik kanpora agiri diran larra ederrak...? Bal zera! Larragorriak bakarrik.

        Zuri zeuri ere zer edo zer esan bear deutsugu. Naiz ta zu asarretu, premiñazkoa dogu ta. Ara: zuk ez deutsazu ezer emoten ugazabari eta berak, ostera, guleria guztiak egiten deutsuz zuri; beragaz ibilli, beragaz jatekorik gozoenak jan, beragaz ondo ta nasai bizi, bizi, bizi... Eta gu esparruan, esi barruan, esparruan goseak illik, esparruan bizi eziñik, bizia emonez, esparruan egon bear. Eta asarre gara...

 

                    «Goikoa goian, berezko lege,

                beekoen onerako;

                muna gaiñean dago txakurra

                ardien serbitzurako.

 

                    Ardi larrien errenkurak

                arretaz ditu ak entzun;

                beekariak zaunka ixildu,

                ta aita biotzez erantzun».

 

        — Bai, egia da. Errazoia dozue. Badakigu, ondo jakin ere, nire ugazabak eta nik. Eta albait ariñen atara gura zaituegu egoera estu ta larri orretatik. Bai, orretan gagoz aspaldion.

        Baiña zuok uste dozuen aiña erreza danik ez uste. Arduratan gagoz, eta laister egingo dogu zerbait zuen alde. Pazientzia apur bat bien bitartean, pazientzia apur bat.... eta zentzunez jokatu. Galduak zaree, bestelan, galduak...

        Zer, ba? Zer uste dozue, ba? Arerio asko dagoz zuen inguruan, zuek ondatu gurarik, arerio gaizto asko. Ez aal zaree konturatzen? Zenbat otso, zenbat azeri, zenbat... arerio zuen ingurumarian! Bazenkie ondo...! Baiña ementxe gagoz gu ere, ementxe zuen ondoan, lapurrengandik zuek zaintzeko, arerio guztiengandik zuek jagoteko, Izan ere, zer egin daikezue zuok, bakarrik? Zer zuok gure laguntasun barik? Ezer ere ez, gaixook! Gu, zuon serbitzariok zuen ondoan egon ezik, zuen artille, esne ta bildotsak ezeze, zeuok ere txarto ibilliko ziñateke, nora joan ezean, zer egin ezean, zer jan ezean...

        Zagoze, ba, ixilik eta geldi, mesedez. Eta pazientzia pizka bat. Laister etorriko da ugazaba, laister. Eta ez da ugazaba asarretzerik konbeni. Ez orixe. Bestelan...

 

                    «Gogorkeriak gogorkeria

                berealaxe dakar;

                ardiak larran esi barruan

                ixil, geldi, larri, bakar...».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia