Sariketa Nagusia

 

— Ez oa i, Bizkuter, ariñeketara ala?

        — Ez. Zaar egin nok ni orretarako.

        — Ariñeketari asko batu ei dituk aurten.

        — Bai urrean.

        — Ariñeketa ikustera ere ez oa ala?

        — Etxakiat, ba. Telebisatu egin jabek, eztok?

        — Baietz uste joat.

        Ariñeketari asko ere asko batu dira batu ere aurten Laisterbiden. Iñoizkorik geien, Sariketa Nagusia irabazteko asmoz.

        Meta ondoko motor otsak eta keak ez dau azkenik.

        An dagoz, ariñeketa asteko prest, Ferrari, Porsche, Ford, Alfa Romeo, Fiat, Seat, Mercedes, Jaguar, Renault, Rolls Royce, Doge, Austin, Citroen, Peugeot, Simca..., et abar eta abar, euren laguntzailleekaz. An dagoz Tanke eta Traktor ere, besterik ezean «accesit» bat irabazteko ustetan.

        Epaimaiko batek tiro bat bota dau.

        Asi da ariñeketa. Eta or doaz ariñeketari guztiak zein baiño zein ariñago ta zaratatsuago.

        Espikerra ere, Papagai entzutetsua, zarataka dabil.

        — Ikusi, ikusi. 1 doa leenengo... Ez, ez, parkatu, 2 doa orain. Au ariñeketa! Ikusgarria benetan! 36 eta 37 atzean gelditu dira. 31 doa orain leenengo, 32, 33 eta 34 aren ondoren; 15 urrengo... Urten egin dau bidetik batek.... 0 da. Urten egin dau eta iru-lau aideko buelta emon ditu. Baiña au miragarria! Begira, aurrera doa, eta sartu egin da barriro ere bidean, eta 1 eta 2ren atzetik, bai, 1 eta 2ren atzetik doa orain. 120 agertu da berealaxe. Au ariñeketaren ariñeketa! Nork irabaziko ete dau? Nork jakin? Onenak irabazi dagiala... AIZETArekin. AIZETA! AIZETA! AIZETA! Au aizearen ederra Uriburuko kale artean artzeko! AIZETA! AIZETA! AIZETA! Salgai edozein dendatan... Emon dabe leenengo bueltea ariñeketalariok. Bigarrena ere laister emongo dabe. 31 doa orain ere leenengo...

        Izkillu joan da epaimaikoen ondora, eta alkarrizketan diardu arek aiekaz. Zer gura ete dau?

        Tankeri eta Traktorri buelta bi baiño geiago kendu deutsez ariñeketari batzuk. Iru ere bai laister.

        Galderaren bat egin deutse, antza, Izkilluk epaimaikoei, baiezka ta ezezka dabilkoz areek eta. Baiezka eta ezezka, baiña azkenean danak baiezka, Izkilluren aurpegi asarretua ikusi ondoren. Alde egiten dau Izkilluk.

        Amar buelta asko dira baiña, arin ibilli ezkero, beingoan egiten dira.

        — Or datoz barriz ere ariñeketalariok... Azkenengo bueltea da oraingoa leenengo doazenentzat, azkenengo bueltea... —diño orroeka Papagai espikerrak .

        — Nor dator leenengo? —itanduten dau batek.

        — Ferrari dala uste dot —ferrarizale batek.

        — Doge dator —dogezale batek.

        — Badatoz, badatoz metarantz... 1, 2, 3, 4, 1, 2, 3, 4; 5, 6, 7, 5, 6, 7..., zeiñek, zeiñek irabazi...? Badatoz, badatoz... —espikerrak.

        Tanke eta Tractor datoz leenengo metarantz (iru buelta gitxiago egiñik, jakiña), eta txaloka artzen ditue ikusleak. 1, 2 eta 3 datoz aien atzetik. Igaro dira metatik Tanke eta Traktor. Sartu dira metara 31, 32, 40 eta 37. Bozina eta motor ots ikeragarria entzuten da.

        Gelditzeko agintzen deutse Izkilluk Tankeri eta Traktorri, ta epaimaikoenganantz doa barriro ere. 11, 34, 22 eta 1 ere sartu dira metara. Baita 8, 3, 29 eta 14 ere. Geienak sartu dira; 0 ez oraindiño.

        — Eldu dira metara, eldu dira. Nork irabaziko ete dau? Laister esango deuskue epaimaikoak —diño Papagaik.

        — Nork irabazi? Ez dakizu ala? Ez aal dozu begirik? 31kak irabazi dau —ferrarizale talde batek.

        — Ixilik, mesedez, ixilik! —Papagaik.

        Ez deutso iñork entzuten. Edo entzunda ere, jaramonik ez beintzat, ez da iñor ixiltzen eta.

        Alakoren baten, epaimaikoen buru danak artzen dau mikrofonoa, eta ixiltzeko agintzen dau. Eta esan ta izan, bat-batean ixiltzen dira danak. Orduan, auxe esaten dau mikrofonotik epaimaikoen buru danak:

        — Ixilik, mesedez, eta entzun! Aurtengo Sariketa Nagusia Tankek irabazi dau. Bigarren Traktorrek egin dau. Eskerrik asko guztioi eta zorionak irabazleoi!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia