Ekinaren iruzurra

 

Urtero erosten dau kotxea Txemak. Izan ere, kilometro asko egin bearra izaten dau autoan egunero biajantetzan.

        Urtero erosten dau kotxe barri bat, eta kolore bardiñekoa beti: zuria.

        Aurten ere erosi dau. Baiña erdi zorabioturik erabilli dabe bere adiskide batzuek.

        Etorri da bere errira, arro-arro, kotxe zuri barri dizdiztsuagaz, ta bedeinkatzera eroan dau eleiza alderantz.

        — Aurten baltza erosi dozu, e! Zer, ba? Oiturak aldatu? Baltza baiño... —esan deutso irribarrez abadeak.

        — Baltza? Ez orixe. Ez dot oiturarik aldatzen nik.

        — Ba..., oker ez banago, baltza da au.

        — Beti brometarako gogoa?

        — Ez. Egia da.

        Bedeinkatu ondoren, tabernara joan dira Txema ta abadea, zerbait edatera.

        — Baltza aurten, e! —esaten deutso adiskide batek.

        — Baltz-baltza gaiñera —beste batek.

        — Zuria ta zuria ibilli zara beti ta, ondo egin dozu kolorea aldatzeaz. Oso polita da ori ere izan baiña, gorria edo politagoa izango zan —tabernako ugazaba-andreak.

        — Zoratuta zagoze gaur guztiok ala? Zuria erosi dot aurten ere, zuria! —Txemak, erdi asarraturik.

        — Benetan ez dozu ori esango baiña! —taberna ondoko garajetik etorri dan mekaniku batek.

        — Bete basuak, Mari...

        Etxera eldu danean, auzoko Krispin etorri jako kotxe barria ikustera.

        — Polita benetan! Baiña zergaitik baltza oraingoan?

        — Zu ere adarra joten, Krispin?

        — Adarra joten? Ez aal da baltza?

        Etxera sartu da Txema ariñeketan, tan onen aurpegia ikusirik ikaratu egin da emaztea.

        — Zer? Ondo zagoz?

        — Bai. Zer, ba?

        — Ez dozu ekarri kotxe barria ala?

        — Bai.

        — Zuria?

        — Zuria edo baltza, or dago. Joan ta ikusi.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia