Ekidazuko astasendia

 

Orain urte asko, batek badaki zenbat, alkartasunean bizi izan zirean abere guztiak, alkartasun pozgarri baketsu baten.

 

                    «Bat egiñik guztiak

                alkarren artean,

                bizi ziran etsai gabe,

                kontenluz, bakean.

                Otsoa ta ardia

                zelai zabalean

                sarri ikusten ziran

                biak jolasean».

 

        Zoragarria izan zan Abereta eta Aberetako bizitza aldi aretan. Eta Ekidazun, Aberetako baztartxo baten, asto famili bat bizi izan zan: astaita, astama ta zazpi astakume, zein baiño zein laisterkariago ta arrantzalariago.

        Akerrak, azeriak eta erbiak izan ziran aien auzoetako lagunak. Eta udabarriko eguzki argi, lora koloretsu, txori kantari ta bedar guria agertzen zireanean, jaialdi ta jolasketa itzelak egiten zituezan alkarregaz, astategiaren ondoko zelaian, abesti alaiak biribilketan kantatuz.

 

                    «Tan parran patan,

                akerra dantzan,

                astoa bibolin joten,

                azeria suari puzka,

                erbia urun eralgiten».

 

        Bein baten, kanta-kantari eta dantza-dantzari ziarduelarik, orroe zoli indartsu bat entzun zan.

        Eta gelditu egin ziran danak. Eta ixil-ixilik eta dardar jarri ziran.

        Beste orroe bat entzun zan.

        Akerrak, azeriak eta erbiak alde egin eben ariñeketan nonbaitera.

        — Nor ete da? —galdetu eban ixil-mixilka astaitak.

        — Piztiagakoren bat ete da? —erantzun eutson itaunka bildurrik gabe astasemerik gazteenak.

        — Zertan ete dator? —galdetu eban astamak ere, bildurkilik astaita besarkatuz.

        — Amurratu egin direala Piztiagakoak esan deuste leen Untxik, Lapinek eta Kukumixak —erantzun eutson semerik zaarrenak.

        — Amurratu? Bai zera!

        — Zer da ori?

        — Amurratu...?

        — Amurr...

        — Goazen barrura arin. Goazen... —agindu eutsen astaitak.

        Eta astategira sartu zirean asto guztiak, arrantzaka eta saltuka.

        Irugarren orroe ikaragarri bat entzun zan. Orroe amurratua! Orroe izugarria! Eta zabaldu, luzatu ta ugaritu egin zan beingoan oiartzunean.

        Ixilik egozan astoak eta zutunik, belarriak ere zutunik. Geroago ta larriago.

        Eguzkia ere larritu egin zan bat-batean. Eta laiño arteko bere jauregira sartu, ta trumoia jarri eban atezain.

        Illunak inguratu eban astategia.

        Laugarren orroe bat entzun zan. Eta bosgarrena aren ondoren. Eta seigarrena, eta zazpigarrena, eta..., trumoia ere orroeka asi zan, orroeka eta negarrez. Orroearen orroe larria eta dana orroea!

        Leoikume ta otsokume batzuk etozan astategirantz.

        — Zer nai ete dabe? —esan eban astasemerik arrantzalarienak.

        — Ixxx...i! —esan eutson astaitak.

        — Baiña...

        — Ixxxxx...iii!

        Orroeka eta eupadaka, berealaxe eldu zirean astategira Leoikume ta otsokumeok. Eta ate-joka asi zirean. Geldi, ixilik eta dardar bien bitartean astoak. Alakoren baten, atea apurtu ta barrura sartu zirean arrapaladan kanpotarrok. Eta erpakadaka ta aginkadaka astoak agurtu ondoren, astategia eurena zala esan eben.

        — Geurea da, geurea —esan eben garrasika ta negar baten astoak.

        — Zuena? Noiztik ona? Zer dala ta? Zuena...? —erantzun eutsen arropuzturik irribarre maltzurrez Leoikume bigoterre batek.

        — Ba..., ba geurea dalako, orrexegaitik —esan eutson izardi larritan astamak.

        — Ementxe berton bizi izan gara astaldiz astaldi... —esan eutson urduriturik astaitak.

        — Noizkoak zaree, ba? —otso argal ulezto batek.

        — Gu ez gara iñoizko —asto guztiak batera.

        Alperrik izan zan. Eztabaidaka leenengo ta burruka urrengo ekitaldia eginda gero, azkenean ekidazuarrak galdu ta piztiagatarrak irabazi ta nausitu.

        Burrukaldia amaitu ondoren, itsu-itsuka olgau eben irabazleok astakumeekaz.

 

                    «Astotxoa, gure astotxoa,

                astotxoa, arrantzarik ez.

                Buruan joko zaitut,

                buruan, buruan, a!!!

                Astotxoa, gure astotxoa,

                astotxoa, arrantzarik ez.

                Buruan eta begian joko zaitut,

                buruan, begian, sudurrean,

                aoan, okotzean,

                belarrian, lepoan,

                besoan...».

 

        Indarkeriaren indarra, indarbakoen negarra. Zer esan edo zer egin ez ekielarik, astaita ta astama zotinka eta zizpuruka egozan.

        — Aurrerantzean gure menpeko izango zaree —esan eban leoikume batek, olgetaldia amaitu ebenean.

        — Bai —erantzun eutson astasendiak.

        — Ez —esan eban bere artean astasendiak.

        Joan ziran leoikume ta otsokume amurratuok astategitik. Joan ziran urteak ere. Eta, joanak joan, poztasun barri bat erne zan Ekidazuko astategian, iñoren menpean egon bearra astuna izan arren.

        Piztiagakoen baimenez, jakiña, barriztau egin eben astategia gorostiz, larrosa gorriz eta lirioz. Baiña, alan eta guztiz ere, eziñegonezko kezka iraultzaille batek irakiten eban astoen biotzetan. Eta kezka orrek eraginda, arrantzalariagotu egin ziran astakume batzuk. Eta zirriparra ta matxinadak sortu ziran Ekidazun. Eta leoikume ta otsokumez bete zan erri osoa.

        — Kontuz, astakumetxook, kontuz! —esan eutsen orduan astaitak astakumeei.

        — Betiko leloa! Betiko kontuzko kontua! —erantzun eutson astakume azkar ausarti batek.

        — Ta zer egin, enetxook?

        — Onela bizitekotan, oba il, ta kitu. Kitu ta kitu, asto bat il ta beste bat biztu.

        — Ez, kutuntxook. Orrelakorik ez. Astakeriarik egin barik jagon bear dogu gure astotasuna. Gu geu gara ta gure geuretasuna geuregan zaindu bear dogu. Naiz ta aurretik erabilli, bere astotasuna zaintzen dauan astoa asto izango da beti.

        — Eta beti astoak ardaoa ekarten eta ura edaten?

        — Gazte zagoze ta, bai ba, odola bizi. Baiña asto txikia beti astakume. Leoikume ta otsokume, asto illa jatean adiskide. Leen alan, orain olan, gero ez jakin zelan.

        Astaitaren esanei ez eutsen jaramon aundirik egin astasemeak. Eta alakoren baten, ostikada bat emon ta zauriturik itxi eban astakume batek otsokume bat. Eta astakumerik gabe gelditu ziran astaita ta astama, atxilotu ta otso-abi batera eroan zituezan astakumeak eta.

        Erpatitz bat artu eban andik lasterrera astaitak. Aberetatik etorren. Eta betaurrekoak atara, ta astiro-astiro irakurri eban, astama bere ondotxoan artega ta erdi negarrez ebalarik.

 

        Aberelkarte

        Abereta

Aberetatik, katuillaren 24an

Astar morroiari

Ekidazuko astategira

        Astar laguna:

        Jakitun egongo zarala uste dogu zelan aspaldion naasteborraste zirriparratsu batzuk sortu direan gure artean. Au dala ta, aurten aurreratu egin dogu urteroko Batzar Nagusia. Datorren astean izango da, katuil onen 28an (az aaztu), goizeko seiretan, betiko tokian: Basarteko Jauregian.

        Etorri, bada batzar interesgarri ta garrantzitsu onetara. Laister arte. Besarkada bat

Leoi Jaunaren aginduz:

«Luki Ipurdimunek».

 

        — Ezin zarala joan esanez ankatitz bat bialdu, ta ez zaitez joan badaezpadan batzarrera —esan eutson astamak astaitari, iru bidar erpatitza irakurri ta gero.

        — Badaezpadan joan oba. Osterantzean...

        Eta esan ta egin, gogorik gabe baiña, joan egin zan batzarrera astaita.

        Abere asko batu zirean batzarrean. Eta beti bezela, Leoi Jauna egon zan danen erdian, batzar-buru, eta azeriak, otsoak eta tximinoak aren ondoan, azerikeriak, otsokeriak eta tximinokeriak egiten, beti bezela.

        Orroe dardartsu bat egin eban leenengo ta bein Leoi Jaunak, eta bat-batean ixildu ziran animali guztiak.

        Sarrerako berbaldia egiten asi zan orduan azeri serbitzari bat. Eztul txiki bi egin zituan asi baiño leen.

        — Leoi Jauna! Gure Jaun eta Jabe zaitugun Leoi ospetsu ta on ori! Gure agintari ta bakegille zuzena zaran Leoi Jauna! Jaunen Jaun agurgarri ori! Agur t'erdi! Otso, tximino, azeri lagun eta gaiñerako batzarkideok: ongi etorri ta agur! Badakizue gure Leoi Jauna asarre dana. Errazoiz gaiñera! Bai orixe! Aita on batek baiño maiteago gaitu guztiok eta gure bake ta zoriona gura dau. Berau dogu gure benetako serbitzaria, aberetarren serbitzari leiala, serbitzarien serbitzaria... Asko sufridu dau aspaldion orrexegaitik. Minduta dago beronen aurka egin diran eta beronen serbitzarien aurka egin diran astakeriakaitik. Bai, azpilana ta azpijana egiten diardue lotsa galduko maltzur zantar batzuk, gure Leoi beneragarria ta gu, beronen serbitzari zintzook ondatu nairik, eta gure Leoi biozbeeratsuaren agintzaritza ta gure serbitza izengatu ta arbuiatu gurarik... Baiña gure Leoi Jauna lagun ta jarraibide dogularik, laister azpiratu ta zapalduko ditugu gure etsai gaizto banaka orreek, eta il egin bear badira il egingo doguz. Bakoitzak berea eta bakoitzari berea...

        — Ori ori! Gora gure Leoi Jauna!

        — Gora!!!

        Orroeka, murrusaka, irrintzika, kurrinkaka, urrumaka, zaunka..., saltoka, ostikadaka, adarkadaka..., asi ziran suturik entzulerik geienak, Leoi Jauna, azeriak, otsoak eta tximinoak goraka goratuz.

        Astaitak, ostera, ez eban arrantzarik egin; salturik ere ez; ezta ostikadarik ere. Ez eban ezertarako gogorik eta geldi ta mutu egon zan, azeriak itzaldian aitaturiko «astakeriakaitik» auznartzen.

        Alkarrizketa luze ta bare bat egin eben gero batzarkide guztiak, Leoi Jaunaren eta batabestearen birtuteak adierazoz ta arerio zitalen jokabide okerrak gorrotatuz.

        Ia asarre ete zan itandu eutson, atsedenaldi baten, azeri batek astaitari; ia zergaitik ez eban arrantzarik, ez salturik, ez ezer egin; ia konforme ez ete egoan... bildurrik gabe erantzuteko eskatzen eutson, ez eutsola ezertxo ere iñori esango ta.

        — Leenengo ta bein, nire astasemeen barririk ere ez dakit eta badakizu...

        — Bai, badakit, astar. Tamalgarria benetan! Baiña badakizu: zigortu bearrean egon diran arren, okerkeriak egiten ibilli dira ta, ez doguz zigortu. Atxilotzea premiñazkoa genduan. Dana dala, nasai egon, laister ikusiko dozuz eta, barriro ete, astategian.

        — Bai?

        — Bai, astar, ziur, gure Leoi Jaunaren borondate onari eskerrak.

        — Eskerrik asko.

        — Ta zer? Zelan doa batzar au?

        — Ondo. Baiña, alan eta guztiz ere...

        — Zer?

        — Zeozer esango neuke bildur ez banintz.

        — Bildur? Zeren bildur baiña? Esan, astar. Esan esatekoa, bildurrik gabe. Ara: naiz ta kontrakoak izan, mesedegarri jakuz sarritan beekoen iritxiak.

        — Bai baiña.

        — Orrexek galtzen zaitue: Ixilik egoteak edo zeuen artean mamar ibilteak.

        Ekin eta ekin, zer edo zer lortu eban azeriak azkenean. Ain zuzen edo oker ere, Leoi Jaunaren utsegite ta akats batzuk agertu eutsozan astaitak azeriari ixilpean. Azeriaren beraren faltsokeri ta oker ibilte batzuk ere bai. Baita animalien arteko berezko ta legezko eskubide ta ankabide batzuk ere.

        Eskerrikaskoka entzun eutson azeriak astaitari.

        Leoi Jaunaren itzaldiaz amaitu zan batzarra.

        — Zalapartari okerren erruz asarrea barru-barrura sartu arren, samurkiro natorkizue, aberetarrok, nire narru ta ortzetako aberetar nabarrok. Zirriparra biurri ta lorraren amurruagaitik berba gogorrak jaurtitzera etorri bearrean, berba adikor ta irribarre samurrez natorkizue, gaurko batzar garrantzitsua auznarturik. Artu bardiñok eta bardiñagook, goitarrok eta beetarrok, eme ta arrok, artu eskerrik barnekoienak. Aurtengo zirriparrakaitik zerbati orroetu bearrean diardut. Parkatu, ez nator arrokeriz. Gogortasun jatorra gogortasun jatorra da. Gogorkeriak gogorkeria dakar, gogorkeria bakarrik. Ta orrexegaitik, naasteborrasteon sortzailleok arrapatu bearrean gagoz. Arrapatu, ba, doillorrok ta urrutiratu laister edo apurtu bizkor bizkar azurrak maltzur zantarroi. Azkar, aberetarrok. Zoritxarra baztartzeko zuur. Eta birrindu bear badira okerrok, birrindu, erruki barik, ta lurperatu. Sartu ar gorrien errira... Eskerrak barriro. Datorren urtera arte. Agur.

        — Gora gure Leoi Jauna!!! Gora gure Leoi Jauna!!!

        — Gora!!!!!!

        Begi distikorrak malkoz bete jakozan astaitari. Eta astamari ere bai astategian, bere asto maitea gogoan ebalarik.

        Gautu baiño leen egin eban alde astaitak batzarretik. Baiña gautu ta gero ere ez zan agertu astategian.

        Astama zain egoan.

        — Laster etorriko da astaita, laster —esaten eutson noizpeinka bere sabelean eukan astakumetxoari.

        Baiña astaita ez zan agiri.

        Astategiaren kondaira kontatzen eta kantatzen asi jakon, orduan, astama laster jaioteko egoan astakumetxoari.

 

                    «Artoa danean arto,

                ez danean lasto,

                izan nire astakume

                izan beti asto».

 

        Goizaldean agertu zan astaita. Bide baztarrean ilda aurkitu ebela ta, ekidazuar batzuk ekarren, illotz.

        Iturri bi biurtu jakozan bere begi ederrak astamari. Eta erdi zoraturik ta erdimiñetan, arrantzaka asi zan.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia