Basamortuko robotak

 

Gerrate zital baten ondoren izan zan. Basamortuan egozan. Bakartadean. Aieneka. Eta asarre bizitan. Robot bi.

        Bata itsuturik egoan. Bestea anka barik. Eta geldi egozan biak, ikusi eziñik, ibilli eziñik. Geldi, baiña eztabaidaka, alkarri irainka.

        — Begibako! —ankamotzak itsuari.

        — Ankamotz! —itsuak ankamotzari.

        Aizea agertu zen, alakoren baten, nonbaitetik, areagaz dantzari. Eta laztandu egin zituan robotok, eta abesti gozo bat kantatu eutsen gero maitekiro, aiek adiskidetu nairik.

 

                    «Batera, bestera,

                aurrera, aurrera!

                Auxe zuen zeregin,

                zuen aalegin,

                gure zeregin, gure aalegin.

                Zu orren begiekin,

                ori zure ankekin,

                aurrera alkarrekin».

 

        Baiña geldi egozan robot biak. Geldi-geldi. Ez eben zirkiñik egin.

        Aurrera ta aurrera ekin eutson aizeak kanta kantari, aiek adiskidetu ta adoretu gurarik.

        Alan ta guztiz ere, geldi robotak. Geldi ta asarre bizitan, eta eztabaidaka.

        Olantxe egon ziran geroago ere ordu askotan, egun askotan, urte askotan...

        Azkenean ugerrak jan ebazan. Erdoitu egin ziran. Ezereztu.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia