Idatz eta Mintz

 

— Eiii! Erranbidek bikiak izan ditu..., bikiak izan ditu. Gaur goizean izan ditu..., ditu. Eta siamesak, soinkideak..., soinkideak. Eeee! Erranbideren etxean bikoitzak jaio dira, bikoitzak eta soinkideak..., soinkideak. Txiu, txiu, txiu! Biki siamesak euki ditu Erranbideren emazteak..., emazteak. Bai, bai, gaur goizean izan da, eta oso ondo dagoz..., oso ondo dagoz. Brrra, brrra, brrra! Kurrra, kurrra, kurrra! Entzun, entzun! Biz, biz, biz! Potx, potx, potx! Au barri pozgarria! Au poz barria! Biki soinkideak izan ditu gaur goizean Erranbidek..., Erranbidek. Zoragarriak dira..., dira. Txitxi, txitxi, txitxi! Kutx, kutx, kutx! Biki soinkideak..., biki soinkideak. Erranbidek..., Erranbidek. Gaur jaiegun..., jaiegun. Ospatu dagigun..., dagigun. Eiii...!

        Barri zabaltzaillearen deiak eta deiadarrak, arbolarik arbola ibilli ondoren, oiartzundu egin ziran trokarteko aitzetan eta deiez eta deiadarrez bete zan Ekidazu guztia. Eta izadiaren orfeoi nabarmena Erranbideren bikien jaiotza ospatzen asi zan milla abesti bateratsu kantatuz eguzkiaren zuzendaritzapean.

        Txori txirripititxiolarien biboliñen soiñu koloretsuak zibuka ebilzan abesti artean. Txirritxirrien kirkir eguzkitsu etengabeak baretu egiten eban erreka atsozaartuen txutxutxu zurrumurrutsua. Ugaraixoen gitarra zaar gozakaitzak lakartu egiten eben aizearen txistu eztitsua...

        Jazoera ospagarria izan zan, izan ere, Erranbideren biki soinkideen jaiotza!

        Erranbideren etxean bertan ere bazan kantu ta algararik ugari. Telebisiñokoak, irratikoak eta periodistak ere antxe egozan, orain emen, gero an, geldi egon eziñik, dana jakin gurarik, dana artu nairik.

        — Leenengo jaio danari Itzjario esango deutsagu, eta Itzeder, bigarren jaio danari —esan eban pozaren pozez Erranbidek.

        — Ez. Ez orixe! —erantzun eutson emazteak berealaxe.

        — Ez?

        — Ez!

        — Zer, ba? —samurkiro ta laztankiro Erranbidek.

        — Izen itsusiak direalako.

        — Politak direala uste dot, ba, nik.

        — Zera dira politak!

        — Zeintzuk ipiñiko deutsaguz orduan?

        — Leenengo jaio danari Mintz jarriko deutsagu, eta Idatz, bigarren jaio danari.

        — Biak bat izanik, Mintzidatz deitzea ez ete litzake oba? —esan eban albotik apal-apal periodista gazte batek.

        — Ez. Orrela izatekotan ere, oba Idazmintz, politagoa da ta, eta gozoagoa belarrirako. Baiña ez, ez... Bat dira baiña, bi ere badira, eta Mintz eta Idatz esango deutsagu, Mintz jaio da ta leenengo. Edo Idatz eta Mintz, bestelan, bata zein bestea jaio leenengo bardin da ta. Idatz eta Mintz...? Bai, politago onela, politago, bai. Idatz eta Mintz esango deutsagu. Esateko ere errezago: Idatz eta Mintz. Ez dozue uste?

        — Bai —erantzun eben Erranbidek eta telebisiñokoak eta irratikoak eta periodistak.

        Eta esan ta izan, orrela izan zan: Erranbideren biki siamesak Idatz eta Mintz izan ziran.

        Eta egunak joan eta egunak etorri, titia edan eta titia edan, urteak joan eta urteak etorri, edan eta jan, jan eta edan, andi egin ziran.

        Idatz baiño aundiagoa ta zabalagoa zan Mintz, eta bizkorragoa ere bai oiñez ibilten. Zabar samarra bai baiña, oso argia, alaia ta errikoia zan Mintz. Idatz, ostera, serioagoa zan, eta oso neurtua ta zeatza.

        Irudimen onekoa ta ateralditsua zan Mintz, eta beingo baten ikasten zituan etxeko, auzoko, erriko.... Ekidazu osoko esakerak, ipuiñak, errefranak, kantu zaarrak eta abar. A jaiotzean Erranbidek esan ebanez, itz jario bat zan, bertsolari jator bat. Adimen onekoa zan, ostera, Idatz, eta jakintsu argia ta sakona, eta Mintzen berezko jakituria batu, meaztu, zuzendu ta edertu egiten eban, eta idatzi. Olerkaria zan Idatz.

        Berezko, Praktiku ta Konkretu esaten eutsen erritarrak ezizenez Mintzi. Eta Idatzi: Astraktu, Lojiku ta Teoriku.

        Ezbardiñak izan arren, ondo konpontzen ziran biak, batak besteari lagunduz. Bi izanik, bat zirudien.

        Pozik egoan Erranbide bere bikoitz soinkideen nai ta nai ezko alkartasuna anaitasunezko ta gogozko alkartasun biurtu zala ikusirik. Eta maiz gogoratzen eban aiek jaiotzean emagiñak esandakoa:

        — Asarre edo adiskide, soinkideok soinkide. Ez aaztu, Erranbide, esaera zaar au. Eta beste barri au ere ez: Idatz eta Mintz batean bi, luzaro ezin banan bizi. Ain zuzen ere, alkarturik, beti alkarturik bizi izateko jaioak dira. Baiña begira: Oba izango dala askatasuna bientzako ta, soinkideok banatzea gura izango dozue, bearbada, biar-etzi, albait ariñen banatzea... Ez egin orrelakorik, Jainkoarren! Geldi, mesedez, Erranbide. Ez banatu sekula soinkideok. Ez. Izan ere, bizi izango badira, alkarregaz bizi bearra izango dabe, bat egiñik bizi bearra. Ez banatu, ba, iñoiz ere, Idatz eta Mintz. Entzun? Nik esanenik ez dozu au, badakit badakizuna ta. Baiña, alan eta guztiz ere, badaezpadan..., aaztu ez dakizun diñotsut, kargutu zaitezan. Naiz ta aundiago azi Mintz, naiz ta asarretu Idatz, ez banatu, ba. Bion ondamendia letorke bestelan, bion ondamendia eta zeuon ondamendia ere bai. Kontuz, Erranbide! Zuur ibilli, ta gogotan artu esan deutsudana. Ez egin jaramonik sasi-jakitunen esanari. Zaarren esaerak, guztiak jazoerak.

        Pozik egoan Erranbide bere soinkideekaz. Eta egotekoa zan. Baiña, alan ere, zirikatu egiten eben bere adiskideak; zirikatu, Idatz eta Mintz banatzeko eskatuz, bein eta barriro.

        — Iñoiz ere ez banatzeko esan eustan emagiñak —erantzuten eutsen Erranbidek.

        — Emagiñak? Zer ekian, ba, arek, atso zaar arek? Sasi-medikuen zerak, besterik ez. Ara, Erranbide: Uriburuko osagille jakintsuak esan deuskue. Bai. Sarri askotan esan deuskue: Kaltegarri jakela Idatzi ta Mintzi beti alkarregaz ibilli bear ori, eta kaltegarri jatzula zeuri ere. Obeto ibilliko litzatekezala banan...

        — Ez dot uste.

        — Baietz, ba, Erranbide. Mintzen berezkotasun etorritsua ito aiñean darabil Idatzek. Eta oso tamalgarria da ori. Beste alde batetik, Idatzen zeaztasun jakintsu ta apaiña naasteborrastetu egiten dau Mintzek.

        — Ori bai baiña...

        — Banatu ta askatu egin bear dozuz. Eta ainbat lasterren egin ere, bakoitza bakoitzago izan daiten, bakoitzaren nortasuna sendoagotu daiten... Zer diñozu?

        — Ez dakit, ba...

        — Ezbaian zagoz?

        — Bai. Zuok diñozuena egia izango da baiña, emagiñak esana ere...

        — Egiak bide bat baiño ez dau, Erranbide. Ez aal zaitugu adiskide?

        — Bai, bai. Adiskide bai baiña, bildur naz.

        — Bildur? Ez zaitez kokoloa izan. Uriburun dago etxe bat soinkideak banatzeko. Beren-beregi orretarakoxe egiña. Eroan ara Idatz eta Mintz. Eroan, eta beingo baten banatuko deutsuez an ango banatzaille entzutetsuak. Goazen, Erranbide. Ez zaitez bildurtu. Ikusiko dozu zelan poztuko zaran gero. Goazen. Bazatoz...?

        — Joan joango nintzateke baiña...

        — Bai ala ez?

        — Ta gero...

        — Gero, otz ez dana, bero. Ia, goazen arin. Ekin eta ekin, ekiña okerra da ta, azkenean baietza emon eutsen Erranbidek beronen adiskide tematiei. Ta esan ta egin, Uriburuko banatzaille ospetsuengana eroan zituen Erranbidek Idatz eta Mintz. Adiskideen auto eder zuri baten eroan zituen.

        Besarka ta mosuka, ezezka ta aieneka joan ziran Idatz eta Mintz, mozkorti bi legez, zoro bi bezela, gaixo biren antzera. Ez eben banatzerik nai, ezergaitik ere ez.

        Erranbide berak ere ez eban nai aiek banatzerik baiña..., ez eban nai baiña, adiskideen bultzakada ta aupada ta ekiñak zorabiotu egin eben gixajoa.

        Illuntzea zan Idatz eta Mintz banatzailleengana eldu zireanean, illuntze larria. Kalerik-kale ta etxerik-etxe, ariñeketan etorren gau baltza. Eta berealaxe sabeleratu eban Uriburu. Bere sabel erdimintsura sartu eban gau baltzak Uriburu, urrengo goizeko egunsenti argitan barriro jaio eiten.

        Indiziño bana emon eutsen leenengo, nai ta nai ez, Idatzi ta Mintzi, indiziño mingarri bana. Eta derrigorrezko lotara joan ziran berealaxe.

        Ameseta asko egin eban Mintzek: «Bakarrik egoan gela argitsu baten. Eta gela argitsua izan arren, ez eban ia ezer ikusten. Itsutu egin ete zan, ba? Ez ekian non egoan... Banatzaille mordo bat agertu zan bere aurrean, mozorroz jantzirik eta kutxilloekaz. Kutxilloekaz? Aizkora batzuk ere baegozan an, eta bei zaar bi murrusaka, eta okela zatiak eskegita odoletan, telebisiñoko anuntzio baten agertzen ziran okela zatiak... Aragitegiren baten ete egoan, ba? Nonbaitera joan gura eban, andik iges egin, alde banatzaille doillor aiengandik... Aal izan baleu bai baiña, ezin, ezetara ere ezin. Ezin ikusi, ezin ibilli, ezin arnasarik artu... A zan estuaren estua eta larriaren larria! Eta banatzailleak beragana etorkozan, beragana ganorabako siñuak egiñez, beragana zuzen eta barre algaraka, eskuetan kutxilloak zituelarik, beragana... Belarriak eta surrra moztu egin eutsezan... («Artipau», esan eban leenengo banatzailleak). Biotza eta begiak atara... («Alaba, alabea, alabe, alabi, alabia», esan eban bigarren banatzailleak, eta «txakurrei, txakurrai, txakurrei, txakurrari, txakurrer», irugarrenak). Ankak txikitu, eskuak ebagi... («Noa Bilbora, aitari ikustsat Bilbon...», esan eban laugarren banatzailleak). Zati-zati egin eben azkenean... («Nork josiko ditu zatiak?», itandu eben beste banatzailleak). Zati-zati eginda egon arren, bizirik egoan, ostera, bizirik. Bizirik? Norena zan, orduan, an kirofanoaren gaiñean luze egoan gorpua? Berea zan, berea bai. Berea? Zelan baiña? Gorpua osorik egoan eta bera zati-zati eginda, gorpua gorpu eta bera bizirik. Bizirik, bai, ziur. Nor zan, ba, kirofanoaren gaiñean egoana? Idatz? Ez, Idatz ez. Ala bai?, Ez, bera zan. Eta Idatz? Ez egoan beragaz... Non ete egoan? Nogaz? Zelan? Bizirik ala ilda? Illerrian? Ene! Bera ere Ekidazuko illerrian egoan orain, banatzaillerik gabe, autsez beterik, otzak illik, lotan...».

        Goizaldera arte egin eben lo Idatzek eta Mintzek, eta banaturik egozan ixartu zireanean, eta oso ondo, antza.

        Telebisiñokoak, irratikoak eta periodistak ere antxe egozan, euren ondoan, zain.

        Euria zan kanpoan, zarra-zarra, eta oso illun eta otz egoan. Neguko goizaldea.

        — Zorionak, Erranbide, zorionak!!!

        — Eskerrik asko, milla esker, esker mila! Esker mila, milla esker, eskerrik asko...! —erantzun eutsen Erranbidek banatzailleei, adiskideei, telebisiñokoei, irratikoei, periodistei eta Idatzi eta Mintzi, pozaren pozez.

        Emagiña etorri jakon burura bat-batean Erranbideri, emagiña eta beiñola emagiñak esandakoa.

        — Ba! Jakiña. Emagiñaren jakituria ta esanak eta auntzaren gauerdiko eztula, bardin samarrak. Jakiña. Eta ainbeste urtetan euki ditut loturik Idatz eta Mintz..., atso zaar bategaitik! —esan eban bere artean, irribarre gozatsuz.

        Idatzen eta Mintzen banatze ori zala ta, ba, pozik egozan danak... Danak? Urduri egozan, izan ere, banatzaille batzuk. Ixillik, baiña urduri, artega. Zergaitik? Idatz zurbildu egin zalako. Gerizpetako lora bat zirudian, margul-margul.

        Erranbide bera ere konturatu zan.

        — Zer? —itandu eutsen banatzailleei.

        — Ez, ez da ezer. Egon nasai, Erranbide.

        Mintz ere ubeldu, berdoztu, morantzatu egin zan.

        — Zer? —itandu eutsen Erranbidek barriro ere banatzailleei, bera ere apur bat urdurituz.

        — Ez, ez da ezer, ez da ezer. Zagoz trankil —erantzun eutsen aiek barriz ere.

        Zerbait bazan, arnasa barik gelditu zan gerotxoago Idatz eta. Mintz ere bai.

        Ara ta ona, eziñegonez, estu ta larri ebilzan banatzailleak. Ara ta ona, ariñeketan, izerditan, eztitan ebilzan telebisiñokoak, irratikoak, periodistak.

        — Ez da ezer, ez da ezer, Erranbide. Ikusiko dozu —esaten eutsen adiskideak Erranbideri. Arnasa artifizialki artzen jarri ebezan Idatz eta Mintz, eta indiziñoz bete, eta igortziz, eta...

        — Banatu dozuezalako izango ete da? —galdetu eutson Erranbidek banatzaille bati.

        — Bai zera! Ez, ez, ez.

        Geroago ta zurbillago egin zan Idatz, eta gogortu. Geroago ta ubelago, ostera, Mintz; ubelago ta bigunago.

        Egiñalak egin ebezan banatzailleak Idatzek eta Mintzek bizirik iraun egien baiña, alperreko aalegiñak izan ziran.

        Egunak joan eta egunak etorri, urteak joan eta urteak etorri, Idatz momia biurtu zan, eta Mintz usteldu ta desegin.

        Lurperatu egin eben Mintz Ekidazuko illerrian. Idatz, ostera, museo batera eroan eben, eta ango bitrina eder baten sartu. Eta Erranbideren adiskideak auxe idatzi eben bitrinearen barrenean urrezko letraz:

 

«IZANAREN IZANGOKOAREN IZANA»

 

        Erranbide mututu egin zan, ta gaixotu, ta il andik lasterrera.

        Izadiaren orfeoi nabarmena ere mututu egin zan.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia