hor duzue lurrean zapuztutako oiloloka dirudien gizon onegia. denok daukate hitzik zer egin behar duen, ona zuzena zer den adierazteko. minez dagoela jakitea gehiegi ez duzuenok utz ezazue bederen bakean hiltzen berak nahi duena hori baita bakean lurrez, hil, betirako etzan, amorru gehiegi gastatzen baitio gibelak eta mihingaina lehorregitu egin baitzaio zuen hitzei erantzun zuhur bat emateagatik.
goizegi jaiki zara gaur indalezio, goizegi hasiko zaizu gibela inkordiatzen goizegi nazkatu beharko duzu jende eta bizitzaz eta ez zaizula komeni esaten dizute borondate onegiko gizonek, osasuna lehendabizi, osasuna biziko duk bai nahi badik, baina zer dioten ba ote dakite indalezio, antzuen festa ez ote duzu muntatu beharko lasai erazteko. arratsaldeko haizeari diozu beldur handiena, badakit, eta gibela hasarratzen eta mihingaina lehortzen zaizunean indalezio jaramonik ez egitea duzu onena dudarik gabe inoiz ez baitute isiltzen ikasiko. hain beharrezko duzun bakea lapurtu dizute eta makiladaz bizkarra zigortzeko prest dituzu.
izanen da egunen bat iluntzeko haizeari beldurrik gabe mailua eskuratuko duzuna eta erasorik bizienean mundua txikiatzen hasiko zarena. beharrezko den ala ez gehiegi jakin gabe beharbada indalezio, baina gorputzari plazer apur bat eskaintzearren eginen duzuna, zihur naiz.
haragizko direla ba ote dakite indalezio, eta bide zuzenean dabiltzalakoan hor ari dira hitzez jendea kabreatzen. ahaztea izanen dugu gauzarik beharrezkoena eta egin dezatela heurek jan behar duten ogia arrautzetan jartzen zaien bezela. zuri zer?
bitartean jarrai zurearekin zure lurrez hiltzeko gogoarekin, zure gorputzaz gozatzeko plazerrarekin eta gauzak ez on ez txar direlako ustearekin dena baita posible edonungo lurrean.
indaleziori, maiatzak 5
eskua luzatuz
© J.I. Garmendia